2024-12-23
HomeIndustriaEraikuntzaPatronalaren inpunitatea salatu dugu, Anoetako estadioaren eta Zubietako errauste plantaren obrak adibide...

Patronalaren inpunitatea salatu dugu, Anoetako estadioaren eta Zubietako errauste plantaren obrak adibide hartuta

Joan den abenduaren 4an, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan bi salaketa aurkeztu ditu: lehena, Anoetako estadioan egiten ari diren lanak direla eta, legez kontra, laga direlako langileak; eta, bigarrena, Zubietako errauste plantaren lanei dagokienez, hitzarmena ez delako betetzen ari.

LABek egiaztatu ahal izan duenez, Administrazioaren menpe dauden aipatu herri-lanetan hainbat irregulartasun gertatzen ari dira, adibidez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak agintzen duenaren azpitik ordaintzen direla soldatak, edo bestela, eraikuntza hitzarmenak baimentzen dituen lanaldiak baino askoz ere handiagoak betetzen ari direla.

Salaketa horiek oinarri bera daukate: Gipuzkoako hitzarmena ez da betetzen. Gipuzkoako eraikuntza sektorea inpunitate-gune bihurtu da enpresarientzat, non hainbat eta hainbat azpikontratazioen bidez, hitzarmen kolektiboa behin eta berriz ez den aplikatzen. Hau ez da kasualitatez gertatzen, administrazioen utzikeriak eraginda baizik.

Eraikuntzan ematen den esplotazioa suntsitu daiteke, eta suntsitu behar da. Eraikuntzako sektoreak ez dezake “legerik gabeko sektorea” bailitzan iraun. Borondate politikorik balego, eraikuntzako sektorean, baldintza duinak berma litezke denontzat.

LABek baditu alternatibak eta esplotazioarekin bukatzeko AKORDIOA adosteko eskaintza egiten du. Laburbilduz, akordio honek honako puntuak jasotzen ditu:

– Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.

– Kontratazioaren eta azpikontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpikontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa esleipendunari eta azpikontrata guztiei dagokie. Kontrol honetarako LABek hainbat neurri zehatzak planteatzen ditu, adibidez, obretan erlojuak jarri lanera sartzerakoan eta lanetik irteterakoan langileak fitxatzeko.

– Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtetan. Une berean, baldintzak errespetatzen dituenari edota bere langileekin aritzen denari lehentasuna emango zaio.

Proposamen hauek helaraziko zaizkie herri lan hauen sustatzaileei. Horretarako Donostiako udaletxea zein Gipuzkoako diputazioari bilera bana eskatuko diegu. Alderdi politiko guztiei ere obra hauen egoeraren berri emango zaie.

LABek eskatzen du eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntzako hitzarmena berria

Egun indarrean dagoen eraikuntzako hitzarmena aplikatzea ez da nahikoa LABentzat. LAB sektoreko langileen eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntza hitzarmena berritzearen alde agertzen da, sektorean ematen den lan baldintzak, gaur egun, 2009. urtean zeudenak baino txarragoak direlako. Obren hazkundeak langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berria eskatzen du ere. Enpresarien diruzalekeriarekin amaitu eta aberastasuna banatu behar da. LAB borrokatuko da errealitate berri hori artikula dadin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...