2025-04-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaPAI programari dagokionez, PSNk, UPNren lepotik burua

PAI programari dagokionez, PSNk, UPNren lepotik burua

PAI programa azkenaldian guztion ahotan dabil edo guztion belarrietara iritsi da behintzat. Ezaguna da Castejongo eskolaren afera, bai eta PAI programatik ateratzeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezarri dizkion trabak ere, bata bestearen atzetik gainera.

PAI programa ingelesa ikasteko edo, hobeki esanda, edukiak ingelesez ikasteko programa dela esango dugu. Egia da programa eleanitzak edo irakaskuntza eredu eleanitzak egokiak izan daitezkeela baina, lehenik eta behin, gogoratu behar dugu PAI programa zertarako ezarri zen; hobeki esanda, nola eta zertarako inposatu zen Nafarroan. Bada argi eta ozen esateko, euskara baztertzeko diseinatu zen programa hau. 

Baina, kasu honetan, Castejongo egoera ezberdina dela esan genezake. Castejongo biztaleriaren artean eta, ondorioz, ikasleen artean afrikar jatorriko ikasle ugari dago. Gaztelania ez da haien ama hizkuntza, eta irakasgai gehienak hizkuntza horretan ematea nahikoa erronka bada. Hau nahikoa ez, eta ikasgaien zati handi bat ingelesez jarri diete. Honek, argi dago, kaltea besterik ez die eragiten. Baina, kaltea, kasu honekin eta migrazioarekin zerikusirik ez duten ikasleen artean ere suertatzen dela jakina da.

Horri gehitu behar zaio PAIk ez duela ikasleen ingelesaren ezagutzan berebiziko hobekuntzarik ekarri eta hainbat ikasgai ingelesez ikasteko curriculumean aldaketak egin behar izan direla edukiei dagokienez.

Azkenik, gogoratu Castejongo eskolaren eskola kontseiluak gehiengo handiz onartu zuela PAItik irteteko ekimena.

Honengatik guztiarengatik, Castejonek PAI lerroan ez jarraitzeko egin duen eskaria erabat zilegia dela iruditzen zaigu eta PSNk gidatzen duen Hezkuntza Departamentuari prozesu hori burutzeko oztoporik ez dezala jarri galdatzen diogu. Erabat ulertezinak iruditzen zaizkigu orain arte jarri dituen oztopo eta aitzakia guztiak, batez ere PAI egitasmoa bere unean UPNren proiektua izan baitzen –D ereduaren hedapena geldiarazteko, besteak beste-.

Garai berrietarako mentalitate berriak behar ditugu, eta hizkuntzak altxor komun gisa hartzea ezinbesteko da horretarako, ez lehia politiko eta soziala aurrera eramateko aitzaki modura. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.