2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaOtsailaren 22an Bilbon eta Iruñean mobilizatuko gara, soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinen...

Otsailaren 22an Bilbon eta Iruñean mobilizatuko gara, soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinen defentsan

Soldata arrakalaren kontrako eguna dela eta, Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik Confebaskera egingo dugu protesta; Iruñean, berriz, CEN patronalaren aurrean egingo dugu elkarretaratzea. Mobilizazioak 11:30ean izango dira, “Bultza! Emakume* langileon hitzarmenak” leloarekin.

Egungo jendartean dena da aldakorra, dena oso azkar doa. Informazioak hegan egiten du, sareak sutan daude gau eta egun, teknologiak bizimodu errazagoa eta atseginagoa saltzen digu. Hala ere, badira egiturazko elementuak, oinarrizkoak, aldaketa sozial, ekonomiko eta politiko nabarmenen aurrean ia aldatu gabe irauten dutenak; horien artean:sexuaren araberako lan banaketa.

Bere horretan dirau, sistema kapitalistak existitzen jarraitzeko zatiketa hori behar duelako; ahal duen guztia egiten du eta bere bitarteko guztiak martxan jartzen ditu horrela izan dadin. Gainera, sexuaren/generoaren araberako lan banaketa horrek badu jendartean ere onarpena. Sinestarazi digute lan batzuk egokiagoak direla emakumeontzat eta beste batzuk gizonentzat; lan maskulinizatuen eta feminizatuen arteko banaketa naturalizatu egin dute eta, hala, lan femeninoak eta lan maskulinoak “naturalki” existitzen direla islatzen dute. Era berean, “naturaltasunez” saltzen dute emakumeok zaintzaileak garela, gizonek horretarako denborarik ez daukaten bitartean.

Hori lantokietatik harago gertatzen da, jakina, lantokiak jendartearen isla baitira eta bertan jendartean gertatzen dena errepikatzen baita. Hori horrela izanik, inori ez zaio arraroa iruditzen gehiago kobratzea autoak egiteagatik pertsonak zaintzeagatik baino. Bizitza eta zaintza egintzat ematen dira, egiten dituen subjektua, emakumeak*, ikusezin bihurtuta.

Horrek soldata arrakala nabarmena eragiten du. Hau enpresetan gertatzen da, baina lantokietatik harago, orokortua dago. Beraz, lantokietan arrakala horiekin amaitzeak ez du saldata arrakalaren amaiera ziurtatzen.

Kontua ez da emakumeak* sektore maskulinizatuetan sartzea, hori bakarrik ez, baizik eta lan feminizatuek merezi duten balioa eta aintzatespena lortzea, eta, aldi berean, zaintza lanak demokratizatzea, desmerkantilizatzea eta modu bidezkoagoan banatzea. Zaintzaren sektoreko langileen lan baldintzak hain eskasak izateak badu erantzule argi bat: pribatizatzen duena eta zaintza negozio bihurtzen duena. Soldata arrakala eta lana sexuaren arabera banatzea eskutik doaz genero diskriminazioak betikotzeko, sistema kapitalistak kontzienteki bultzatu eta iraunarazten ditu.

Guk hainbat galdera egiten dizkiogu geure buruari:

• Logikoa eta “normala” al da emakumeek egindako lanetan gutxiago kobratzea?

• Zergatik kobratzen da industrian adinekoen egoitza pribatizatuetan baino %30 gehiago?

• Nola banatu daitezke eguneko orduak lan, atseden eta zaintzaren artean, enpleguak ia hamar ordu kentzen badizkigu?

• Zergatik gara oraindik emakumeak* kontziliazio neurriak eskatzen ditugunak?

• Zergatik ditugu emakumeok* lanaldi partzial eta aldi baterako kontratu gehienak?

• Emakume* migratuak eta arrazializatuak mendebaldeko gure jendarteetan zaintzaz modu prekarioan arduratzea kasualitatea da edo sistemak eragiten du?

• Irtenbidea al da Eusko Jaurlaritzak enpresa pribatuei diru publikoa oparitzea emakumeak* kontrata ditzaten? Ezin dira behartu edo lana sexuaren arabera banatzea onartzen ari gara?

• Nola daiteke sektore feminizatuetako hitzarmenen negoziazioek inoiz fruiturik ez ematea?

Honen ildotik, hitzarmen horien etengabeko blokeoa salatu nahi dugu: garbiketa, etxez etxeko laguntza, egoitzak baita hitzarmenik ere ez daukaten beste sektore batzuk ere, hala nola, etxeko lanen sektorea.

Blokeo hori patronalaren estrategiaren parte da, sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonialista, arrazista eta ekozidaren aginduei jarraiki, lanaren banaketak iraun dezan eta, ondorioz, emakume langileen soldata arrakalak eta prekaritateak.

Otsailaren 22an, denok kalera!

Sor dezagun arrakala sisteman eta buka dezagun lan guztien banaketa bidegabearekin!

Hitzarmenen desblokeoa orain!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...