2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOspitale berria ez zen beharrezkoa Eibarren

Ospitale berria ez zen beharrezkoa Eibarren

Gaur Eibarko ospitalea ofizialki inauguratuko da, baina Osasun Sailak eta Osakidetzako Zuzendaritzak egindako propagandaz aparte, errealitatea erabat bestelakoa da.

Zenbaki ofizialek esaten dutenaren arabera Otaola eta Torrekuen artean kokatzen den ospitaleak 82 ohe edukiko ditu, urtean 3.150 kanpo kontsulta gutxi gorabehera, Eguneko Ospitaleko 20 plaza eta anbulatorio errehabilitazioko 14.000 saio.

Baina lehen esan dugun bezala, errealitatea beste bat da. Ospitale berria betetzeko Torrekuako osasun zentro osoa eramango dute, Toribio Etxeberriako kontsulta asko, erradiologia zerbitzua barne eta Ipuruan aurkitzen den Osasun Publikoko Laborategia. Aldi berean, Ermuako eta Toribio Etxeberriako gaueko larrialdietako Etengabeko Arreta Gunea (EAG) kenduko dute eta Eibarko ospitalean irekiko duten EAG zerbitzu berrira pasatuko dira. Zerbitzu hauek guztiak lehendik ere eskaintzen ziren eskualdean, beraz ez dugu ikusten eraikuntza berri bat egitearen beharra.

Ospitale berri bat irekitzea eta hori betetzeko beste ospitale eta zentro batzuk hustea paradoxikoa da. Lehenengo eraikuntza egiten da eta gero beharra sortzen da, hori bai, guztion diruarekin.

Arazoa epe ertain eta luzeko egonaldi zerbitzuaren beharra baldin bazen, gure ustez hori lortzea posible litzateke Arrasateko eta Mendaroko ospitaleetan zerbitzu hori ezarriz. Ospitale hauek beharrezko lekua eta baliabideak badituzte, eta inbertsio txiki batekin, ospitale berri bat egitea (24 miloi euro) eta mantentzea kostatzen den dirua aurreztuko litzateke. Gainera, badakigu momentuz 20 ohe irekiko dituztela, eta aurreikusitako 82 oheetatik 40 irekiko dituztela askoz jota. Benetan, ez al zen posible ohe horiek eskualdeetako ospitaleetan egokitzea funtsa publikoetatik gastu handi hori saihestuz? Horrezaz gain, solairu oso bat itxita egongo dela eta aparkalekua langileentzako bakarrik izango dela ere badakigu.

LABek Darpon jaunari ere erantzun nahi dio, ziria sartu nahi digunean 97 lanpostu berri sortuko dela esanez. Hau ez da egia. Gaur egun Osakidetzako funtzionamendurako beharrezkoak diren eta gaur egungo plantila estrukturalean agertzen ez diren 10.000-12.000 behin-behineko lanpostuetatik 97 egonkortuko dituzte, besterik ez.

LABen iritziz, ospitale publiko berri baterako lehentasuna ez zegoen Eibarren eta bere eskualdean, Tolosaldean baizik. Egia esan, bi ospitale daude 30 kilometroko ingurune batean (Arrasate eta Mendaro) eta Tolosaldea berriz, Osakidetzaren eremu osoan ospitale pribatua daukan eskualde bakarra da, La Asunción hain zuzen ere. Hau guztiagatik Eibarren ospitale berria eraikitzea gestio akats larria iruditzen zaigu eta ematen duen lehentasunak beste batzuk direla eta ez osasun arreta. Berriz ere, herritarren osasun beharrei erantzuten ez dien burugabeko makro-proiektu garesti baten aurrean aurkitzen gara.

Hala ere, eta Eibarko ospitaleko inaugurazioa egingo denez, Osakidetzari exijitzen diogu kategoria guztietako beharrezko plantilla jar dezala, kontratazio egonkorrak eta kalitatezkoak egiteko, euskarazko arreta bere osotasunean bermatzeko eta zerbitzu guztiak ahalik eta lasterren martxan jartzeko, ospitale beraren zenbait inaugurazio saldu gabe. Gestio demokratiko eta eraginkorra ere exijitzen dugu, langileriaren iritziak kontutan hartzen dituena eta beraien lan-eskubideak errespetatzen dituena. Hau da, Osakidetzari exijitzen diogu ospitale berri baten aukera aprobetxatzeko funtzionamendu berri baterantz joateko, ez Urdulizko Ospitaleko desastrea bezala. Azken finean, motibatutako langileria edukitzea herritarrei kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...