2024-12-19
HomeEkintza SindikalaOso ontzat jotzen dugu Nafarroako zahar egoitzen negoziazioa desblokeatu izana; hurrengo bilera...

Oso ontzat jotzen dugu Nafarroako zahar egoitzen negoziazioa desblokeatu izana; hurrengo bilera ekainaren 29an eginen dugu

Gaur goizean, LAB sindikatuak deituta, Nafarroako zahar egoitzen sektoreko lehen hitzarmena izanen denaren negoziazio mahaiaren bilera egin da Iruñean; bi patronalek eta gainontzeko sindikatuek hartu dute bertan. LABen oso positibotzat jo dugu gaurko bileraren emaitza, patronalak heldu den ekainaren 29rako bertze proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu baitu, egun horretan hurrengo bilera eginen baita.

Aurreko asteazkenean egin prentsaurrekoan informatu genuen negoziazio mahaia aldebakartasunez deitu genuela, ortzirale honetarako, hitzarmenaren edukietan aurrera egiteko asmoz eta benetako negoziazioa bulkatzeko asmoz, aurtengo urtarriletik blokeaturik baitzegoen. Helburua bete da, hau da, patronalak bertze proposamen bat egin du eta, hurrengo bilerarako, data hurbil bat ezarri da.

Zahar egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen hau eskatzen, mobilizatzen eta grebak egiten, eta gaur da eguna, beren inplikazioari eta LABek negoziazioan aurrera egiteko bulkadari esker, patronalak konpromisoa hartu duela sektoreko lehen hitzarmena lortzeko urratsak egiten joateko.

Gure aburuz, hauek dira negoziazioaren funtsezko puntu batzuk:

  • Aldi baterako ezintasunen konpentsazioa, lehen egunetik hasita: Patronalak dio sektorean absentismo handia dagoela, baina kontuan hartu behar da osasun sektore horretan arrisku biologikoak, ergonomikoak eta psikosozialak dituztela langileek. Langileak beren lanpostuetan gaixotzen dira, baina haien bajak ez dira lanekotzat hartzen. Gure ustez, funtsezkoa da baja lehenengo egunetik aurrera konpentsatzea.
  • Hitzarmena ez aplikatzeko klausula: Patronalak proposatzen du, alde bakarrez eta hainbat egoeratan, enpresek hitzarmen kolektiboa bertan behera utz dezaketela. LABen ustez, klausula hori gehiegizkoa da, ez baita onartzen ahal langileen lan-baldintzak ez egonkortzea.
  • Lan egutegiak: Oso beharrezkoa da sektore honetan, askotan ez baitira errespetatzen atseden-orduak, eta enpresa askotan astean behin edo gehiagotan aldatzen baitituzte egutegiak. Egoera honetan ezinezkoa da bizi-kalitatea eta familia-kontziliazioa izatea.
  • KPIari loturiko soldatak: Ezin da ahaztu sektorearen zati bat milakoak ere ez diren soldatekin dagoela. Eta, gainera, oso kontuan hartzekoa da KPIari loturiko soldata igoera ez dela igoera bat, parekatze bat baizik. Beraz, KPIari lotuta ez dagoen “igoera” orok erran nahi du langileek dirua galtzen jarraituko dutela.

Gaurkoa bertze urrats bat izan da Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmen kolektiboa lortzeko borrokan. Baina borroka ez da bukatu, eta nahitaezkoa izanen da berriz kalean eta lantokietan elkarrekin egotea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.