2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOso ontzat jo dugu Solidus San Andresen lortutako hitzarmena, baina ELAk jarritako...

Oso ontzat jo dugu Solidus San Andresen lortutako hitzarmena, baina ELAk jarritako trabak deitoratu ditugu #LortuDugu

Bederatzi hilabetez negoziatzen aritu ondoren, eta bere interes korporatiboei lehentasuna emanez ELA sindikatuak paraturiko oztopoak gorabehera, Solidus San Andres-eko Enpresa Batzorde osoak heldu diren urteetarako hitzarmen kolektibo berri bat sinatu du gaur. Hitzarmen horretan, bertzeak bertze, KPIaren igoerari lotutako soldata-igoera gehitu da. LAB sindikatua pozik dago lorturiko hitzarmen on horrekin, baina deitoratzen ditu jarritako trabak eta sortutako liskarrak.

Hitzarmenaren indarraldiko hiru urteetarako (2022, 2023, 2024) KPIari loturiko soldaten igoeraz gain, Solidus San Andres izeneko Atarrabiako paper-fabrikaren hitzarmenak baditu ere bai norberak aukeratzeko egun libre bat gehiago, antzinatasunean kinkenio bat gehiago, aldi baterako langileentzako soldata hobekuntza bat, langile kopurua indartzea edo kategoria eta baimenen hobekuntza. Eta azpikontrataturiko langileak San Andresean gehitzeko borrokarekin jarraituz, bertze pausu bat eman da langile bat bertan sartzea lortuz.

Hitzarmen berriaren negoziazio prozesua 2022ko apirilaren 8an hasi zen, KPIa handia zelako testuinguru zailean. Hala ere, negoziazioaren lehen faseetan, soldaten igoera KPIaren igoerari lotzea lortu zen. ELA sindikatuak, kontzienteki, alde bakarreko greba deialdien bidez, desitxuratu egin nahi izan zuen hori, modu zentzugabean baina interes korporatibo argiekin, nahiz eta ordurako lortuta zegoen beraiek eskatzen omen zutena.

LAB sindikatuaren iritziz, ELAk negoziazio prozesuari jarritako trabak hauteskundeei begira bakarrik uler daitezke; izan ere, grebak hauteskunde sindikaletarako hilabete baten faltan hasi ziren eta hauteskunde prozesua amaitu ondoren bukatu ziren. Nabarmentzekoa da, gainera, greba deialdi horiek —enpresa honetan beti egin denaren kontrara— ez zirela batzar orokorrera eraman nahi izan, agenda partikularrak eta baztertzaileak ezartzen saiatuz, norberaren interesak bakarrik asetzeko.

Greba deialdiaren arrazoiekin gezurra erran zuten, eta Enpresa Batzordearen gehiengoari zein plantillari negoziazioaren bukaera ezartzen saiatu ziren. ELAk, bere jarduteko moduarekin, agerian utzi du zein den bere benetako asmoa: bertzeen lanari eta borrokari esker interes partikular bat lortzea. Bide horretan, ez zaio axola izan langileen artean gorrotoa eta liskarrak sortzea; errespetu faltak ere egin ditu, errespetu faltak barne, sindikatu honen jokabidearekiko desadostasuna agertzeko 100 langilek baino gehiagok beren kabuz sorturiko eta sinaturiko manifestu bat publikoki errefusatu eta erasotu zuenean bezalaxe.

Batasun faltak eta bazterkeriak ahuldu egiten dituzte borrokak eta negoziazioak. Baina ELAk ez du ulertzen “autonomia” ez dela bertzeek egitea berak erraten duena. Aitzitik, LABek beti izan du argi bere lehentasuna dela langileen lan baldintzak hobetzea, eta hitzarmen bat ez dela soldata igoeren gaineko akordioa soilik. Horregatik, LABek negoziatzen eta borrokatzen jarraitu zuen, aurreko negoziazioetan marrazturiko ildo berari jarraituz, eta garrantzitsutzat jotzen ziren bertze puntu batzuk dagoeneko lorturiko hobekuntzei batu zitzaikzien.

Orain, poztasunez erraten ahal da hobekuntza horietako anitz lortu direla eta hitzarmen on baten aitzinean gaudela. Hitzarmen hau ‒hau bai‒ bozketa bidez berretsi zuten langileek: 161ko erroldatik, 129k aldeko botoa eman zuten, eta bakarrik bik, kontrakoa.

Azken hilabete hauetan Solidus San Andresen gertaturikoari dagokionez, LAB poztu egiten da bi gauzengatik: alde batetik, hitzarmenaren negoziazioaren emaitzagatik; eta, bertzetik, langileek hauteskunde sindikaletan erakutsi ziguten konfiantza handitzeagatik, sindikatu honek ordezkari bat gehiago lortu baitzuen, eta, ondorioz, Enpresa Batzordearen gehiengo osoa. Lehen, LAB (4 ordezkari), ELA (3) eta independenteek (2) osatzen zuten batzordea; orain, LAB (5), ELA (2), independentea (1) eta CCOOk (1).

Azkenik, erran behar da argi gelditu dela langileekin egotea saritzen dela eta interes partikularrak ezartzea zigortu egiten dela. LAB harro dago plantillaz eta egindako lanaz, sindikalismo desberdin bateko kide izateaz eta gauzak egiteko bertze modu bat dagoela frogatzeaz. Konpromiso hori hartu du LABek Solidus San Andresen, bai eta gainontzeko enpresetan ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...