2025-03-18
HomeEkintza SindikalaOso ontzat jo dugu Huerta de Peraltako enpresa ituna berritu izana, bi...

Oso ontzat jo dugu Huerta de Peraltako enpresa ituna berritu izana, bi urteko indarraldiarekin eta aurrera-eragin mugagabearekin #LortuDugu

Bederatzi hilabete baino gehiagoko negoziazioaren, batzar ugariren eta hainbat mobilizazioren ondoren, abenduaren 16an, enpresako zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkaritzak akordio bat sinatu zuten, langileen aldarrikapen nagusi guztietan aurrerapenak jasotzen dituena. Hain zuzen ere, LAB sindikatuak oso ontzat jotzen du lorturiko akordioa aurrerapenak sakonak direlako bere aldarrikapen plataformako hiru baldintza oinarrizkoetan: soldaten hobetzean, bizi kalitatearen hobetzean eta enpresarekiko harremanen hobetzean.

Arlo ekonomikoan, Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmenaren gainetik dagoen soldata-igoera sinatu da, eta aurrera-eraginean zehar ere langileen erosteko ahalmena bermatzen da, soldatak aurreko urteko KPIarekin igoko baitira sektorean soldata-igoerarik ez badago. Gainera, mekanismoak ezarri dira aparteko orduak ekitatez banatzeko eta haien kokapena zuzena ez dela uste dutenen kategoriak aitortzeko.

Lanaldiari dagokionez, bi ziren eskatzen ziren funtsezko gaiak: astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldi arrunta eta malgutasuna mugatzea. Lehenengoari dagokionez, 2022an lanaldi berria ezarriko da, eta larunbatetan aparteko orduak egingo dituzte horretarako izena emandako boluntarioek, urte osoan fabrikan eta landa eremuan produktibitate txikieneko garaian (zazpi hilabete eta erdi). Atal horretan, nahitaezko larunbatak plus batekin konpentsatuko dira, eta ogitartekorako denbora hobetuko da benetako lantzat hartuz. Malgutasunari dagokionez, goranzko malgutasuna ezabatzen da, urteko gehiegizko lanaldia eta egutegitik kanpoko denbora oro aparteko ordu gisa zenbatuz, eta Lan Erreformak enpresei eman zien lanaldiaren banaketa irregularraren % 10 baliogabetuz.

Itunak, halaber, beste alderdi gatazkatsu batzuk arautzen eta hobetzen ditu, hala nola oporrak eskatzeko eta emateko prozedura eta medikuaren kontsultategietara joateko lizentziak, eta ABLEen bidezko kontratazioa gehienez ere 6 hilabetera mugatzen du ―eta horiek gaindituta, enpresak langileei kontratu finkoa egiteko betebeharra hartzen du―. Aldizkako bilera finkoak ere ezartzen dira, itunaren betetze-mailaren jarraipena egiteko eta sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, eta maiatzean enpresaren eta plantillaren arteko komunikazio-moduari buruz adostutakoa jasotzen da.

LABek, negoziazioaren hasieratik eta langileen batzarrak onartutako aldarrikapen-plataformaren prestaketan, hiru helburu ezarri zituen itun honetarako: soldata hobetzea, bizi-kalitatea hobetzea eta enpresarekiko harremanak hobetzea. LABen ustez, aurrerapen handiak egin dira hiru alderdietan eta, horregatik, LABek akordioaren gainean egiten duen balorazioa oso ona da; gainera, azpimarratu nahi du lortu den guztia langileen batasunari, mobilizatzeko gaitasunari, erabakitasunari eta horren alde borrokatzeko prestasunari esker lortu dela. Zorionak!

Azkenik, LABek deitoratu nahi du enpresako zuzendaritzak hainbeste denbora behar izatea  ikaragarri zentzuzkoak ziren proposamen batzuk onartzeko, eta berriz ere onarpen hori azken unean egin duela, Huerta de Peraltako langileen ekintza sindikalak eragindako presioaren ondorioz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Hezkuntza Departamentuari exijitu dio berma ditzala erretiro partzialak eta errelebo kontratuak Nafarroako ikastola eta itunpeko ikastetxeetan

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean Hezkuntza Departamentuari exijitzeko Nafarroa Garaiko ikastoletan eta itunpeko ikastetxeetan errelebo kontratuak eta erretiro partzialak berma ditzan, murrizketarik egin gabe. Baliteke-eta hemendik aurrera Hezkuntza Departamentuak 2024ko irailean sinatutako Itunpeko eta Ikastoletako Irakaskuntzaren Akordioa baliatzea erretiro partzialak eta errelebo kontratuak ez finantzatzeko bidea hartzeko.

Nafarroako Enplegu Planak lan istripuak betikotzea dakar

34 urteko langilea hil da makina batek harrapatuta Buñuelen, Nafarroan. Iaz Nafarroak zifra errekorrak uzi zituen lan istriputan 26 hildakorekin, eta aurten dagoeneko 11 hildako eragin ditu patronalaren inpunitateak.

LABek bat egin du arrazakeriaren aurka kalera ateratzeko deiekin

Ostiral honetan, martxoaren 21a, Arraza-bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Erregimen arrazista kolonial batean bizi gara, Euskal Herrian modu askotan betikotzen eta sakontzen dena.