2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOso larritzat jotzen ditugu Maite Peñak Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte...

Oso larritzat jotzen ditugu Maite Peñak Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak “Berria” egunkarian egindako adierazpenak

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak Berria-n adierazi duenez, gainontzeko eragileek proposatzen dugun eta aldundiak proposatzen duen zaintza sistema eredua praktikan oso antzekoak dira. Gipuzkoako eredua indartsua dela ere badio, eta pertsonetan zentratua dagoen eredu baterako trantsizioa egiten hasiak direla.

Alde batetik, etxean emango diren zaintzak indartu, malgutu eta egokituko dituztela aipatzen du. Izan ere, etxean ematen diren zaintzei buruz ari denean, etxez etxeko laguntzako eta etxeko langileei buruz ari da. Etxez etxeko langileen kasuan, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte euren lan baldintzak, eta baita erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua bera ere. Gipuzkoako Foru Aldundia eta udalak dira pleguen eta lizitazioen bitartez pribatizazioa bultzatu zutenak eta bultzatzen dutenak. Etxeko langileen kasuan, kontratazioa era pribatuan egiten da, eta sektore feminizatua eta guztiz esplotatua da, lan hitzarmenik gabekoa.

Bestalde, sindikatuek eta mugimendu feministak maiz salatu izan dugu erabiltzaileek jasotzen duten arreta ez dela kalitatezkoa, pribatizazioaren eraginez. Bada, horren aurrean, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu arduradunak zera dio, Gipuzkoako plazen %90 publikoak direla eta lidergoa publikoa dela. Zerbitzua ematearen ardura publikoa izateak, ordea, ez du esan nahi zerbitzua bera kudeaketa zuzenekoa denik; hau da, publikoa denik. Esan nahi duena zera da, gipuzkoarren errentetatik jasotako dirua, publikoa dena, aldundiak enpresa pribatuen poltsikoetara bideratzen duela, eta zaintza zerbitzu horien inguruko erabakiak, kudeaketak, enpresek hartzen dituztela, erabiltzaileen nahiz langileon kalterako.

LABek irmoki defendatzen du zaintza sistema publikoa izan behar dela; hau da, pribatizatuta dauden zerbitzu horiek guztiak administrazio publikoak bere gain hartu behar dituela, lan publikoa delako eta zerbitzu publikoak indartu behar ditugulako. Horregatik, enpresa pribatu guztiak zaintza sektoretik desagertu behar dira eta administrazioek horien kudeaketa zuzena beren gain hartu. Baina, Maite Peñak argiki azaltzen duen moduan, ez du sinesten zaintza sistema publiko komunitarioan, eta egungo ereduak emaitza onak ekartzen dituela dio. Horren aurrean, agerikoa da ereduen talka: pribatizatutako zaintza sisteman jarraitu ala bestelako eredu baterako bidea egin. Guk, gauzak beste era batera egin behar direla eta egin daitezkeela sinesten dugu, eta horretan jarriko dugu indarra.

LABentzat pribatizazioan eta prekaritatean sakontzen duten administrazioak patronalaren pareko dira. Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaltzen du pribatizatutako langileen lan baldintzak ez direla euren ardura, hori patronala eta langileen arteko negoziazio soil batean arautzen dela, beraiek ardurarik izango ez balute bezala. Azala behar da, gero, halakoak esateko. Enpresa horiek erabiltzen duten diru kopurua ez al die, bada, foru aldundiak ematen?

Hortaz bai, badute eskumena eta aukera lan baldintzen gainean erabakiak hartzeko, dirua horra edo hara zuzentzeko: zerbitzuaren kontrolera eta kalitatera, sektoreeko langileengana, euren lan eta bizi baldintzak hobetzera.

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta diputatuari sektoreko errealitatea nahiz gure ikuspuntua azaltzeko bilera eskari premiazko bat egingo dugu. Erabat feminizatua, arrazializatua eta prekarizatua den sektore honetan dauden argi-ilunak agerian jartzen jarraituko dugu.

Pribatizazioa zaintza langileon miseria delako, LAB sindikatua zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko borrokan berresten da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...