2024-12-23
HomeIndustriaMetalgintzaOso kezkatuta gaude, Bizkaiko Metalgintzako patronalak ez duelako hitz egin nahi behin...

Oso kezkatuta gaude, Bizkaiko Metalgintzako patronalak ez duelako hitz egin nahi behin behineko kontratazioa eta subrogazio eskubideari buruz

Ia astebete falta da Bizkaiko Metalgintzako greba berrietarako. Guztira, hamaikagarrena izango da azaroak 28koa. Bizkaiko Metalgintzako patronalaren jarrera, berriro ere, guztiz arduragabea izan da Mahai Negoziatzailean; ez dute proposamen berririk egin eta ez diete sindikatuok egindako azken proposamenei erantzun. Gogoratu behar dugu urriko azken astetik dituztela mahaiaren gainean.

Lan Osasunean eta malgutasunean atzera urratsak mahaiaren gainean mantentzen dituzte, sektoreko langile guztion lan baldintzak are eta gehiago okertu asmoz. Urte eta erdi baino gehiagoz negoziatzen egon eta gero, atzera urratsak ere mahai gainetik kendu ez izana benetan larria da. Gainera, hori da behin eta berriro sindikatu guztiok eskatzen duguna.

Bestalde, prekaritatearen larritasunak ez du soluziorik. Patronalak ez du behin behineko kontratazioak, ETTen erabileraz edota subrogazio eskubideaz hitz egiteko borondaterik. Patronalak ez du gai horietan mugimendurik egin eta horrek asko arduratzen gaitu.

Horregatik guztiagatik, patronalari argi eta garbi esan nahi diogu jarrera alda dezala, dagokion erantzukizunez negoziatzen has dadila, batez ere, sektoreko langileek behar duten aldaketaren araberako negoziazioak has ditzala. Ostegunean berriro ere bilduko da mahaia eta beste aukera bat izango du bertan.

Hala ere, eta egoera ikusirik, sektoreko langile guztiei esan nahi diegu sektoreko hitzarmen duinaren alde lanean eta borrokan jarrai dezatela beraien lan zentroetan; greba berrietarako prestatzen hasteko, Patronal honen jarrerarekin, borrokak besterik ez baitu hitzarmen berria ekarriko.

Bukatzeko, azken hilabeteotako borrokaren balioa azpimarratu nahi dugu. Enpresa handiak urduri daude, eta, ondorioz, FVEM ere bai. Urrats egokiak egon dira berdintasunean patronalaren aldetik eta, argi izan behar dugu, borrokari esker, bide egokian goazela. Gainera, grebetarako astebete gelditzen denean, jakin dugu Bizkaiko hainbat enpresa garrantzitsu itxiera patronalak egin nahi dituztela egun horietan edota produkzioa aldebakartasunez gelditu nahi dutela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...