Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilari Javier Remirezek eginiko adierazpenei eta Osasun Departamentuak eginiko proposamenari erantzunez, zeinak PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta EH Bildu alderdien babesa omen baitu, osasungintzako intersindikaleko Greba Batzordeak ondokoa adierazi nahi du:
- Greba Batzordea Osasun Departamentuak eginiko proposamena baloratzen ari da eta kontraproposamen bat eginen du, greba deialdia bertan behera uzteko berme nahikorik ez dagoela uste baitu.
- Osasun Departamentuak eta Remirez kontseilariak Greba Batzordearen proposamenak deslegitimatu nahi dituzte, arreta alderdi ekonomiko hutsetara desbideratuz.
- Intersindikalak hainbat gairi buruzko proposamenak egin ditu, hala nola, Lehen Arretaren aurrekontua handitzea, plantilla egokitzea, plantillaren lan gainkarga murrizteko lantaldeak ezartzea bai Lehen Arretan, bai espezializatuan, Osasunbideko behin-behinekotasuna murrizteko estrategiei lehenbailehen ekitea %50 baino handiagoa baita, eta abar. Ez dugu erantzunik jaso.
- Plantillako “langile guztientzako karrera profesionala”, “jaiegun bereziak ordaintzea” edo “lanbide kokapena” bezalako neurriek ez dute batere kronogramarik eta aurrekontua izatearen mende daude. Osasun Departamentuak karrera profesionalari buruz proposatu duen idazketan ez dago inolako betetze-bermerik, eta hori onartzeko, “arau-esparruaren proposamena”, “pixkanaka ezartzea” eta “dagokion aurrekontu-nahikotasuna” bete behar dira. Indar sindikalek proposatutakoa betetzeko bermeak eskatzen dituzte, funts gehigarriekin gertaturiko gauza bera gerta ez dadin. Langileak, oraindik, Mahai Orokorrean 2018an adostutako neurriak aplikatzeko zain daude. Neurri horiek hobekuntzak ekartzen zituzten familia laguntzetan, gaueko lanaren osagarrian, eta abar.
- Remirez kontseilariak karrera profesionalari buruz eginiko adierazpenei dagokienez, erran behar dugu hobekuntza ekonomikoa ez ezik, aukera ematen diela langileei beren lana egiteko prestakuntza eta eginkizunak aintzatesteko, herritarren arretan zuzeneko eragina izan dezan. Prestakuntza hori eremu publikotik egin behar da, baldintza egokiekin.
Osasungintzako intersindikalak kronograma zehatz bat eskatzen du, aurrekontu-nahikotasuna eta lan baldintzei zein herritarrentzako arretaren hobekuntzari dagokienez benetako onura ekarriko duten neurri batzuk
Uste dugu une garrantzitsua dela zerbitzu publikoen defentsan, kalitateko osasun laguntza publikoan eta lan baldintzen hobekuntzan. Baina Osasun Departamentuak egin digun proposamena batere zehqaztapaneik gabekoa da. Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusia ez da erreferentea Greba Batzorde honendako; izan ere, legez ezarritako esparrutatik kanpo negoziatu eta hartu ditu erabakiak, baita hobekuntzak modu pertsonalean eskaini ere, inork eskatu gabe Mahai Orokorrean onartu bezala, eta esklusibotasuna bezalako funtsezko kontzeptuak ezabatzen (ordainduz) saiatu da.
Osasungintzako intersindikalaren lanak eta aldarrikapenek eragin dituzte mugimenduak Osasun eta Funtzio Publikoko departamentuetan, eta ez dugu akordiorik onartuko inolako bermerik gabe, ez dugu langile gehienen protestak isilaraztea bertzerik bilatzen ez duen akordiorik onartuko.
Martxoaren 18an hitzordu garrantzitsu bat izanen dugu Nafarroako herritarrekin Iruñean, Golem zinematokietatik abiatuko den manifestazio batekin. Mobilizazio horrek Nafarroako Osasun Plataforma, udal, eragile sozial eta sindikatuen babesa izanen du, osasun arreta duina, publikoa eta kalitatezkoa ematearen alde. Hori baino lehenago, martxoaren 15ean, elkarretaratzeak izanen dira Nafarroa osoko osasun etxe, kontsultategi eta ospitale publiko guztien aitzinean. Eta martxoaren 23rako greba eguna deitua dago Nafarroako osasungintza publiko osoan.