2025-01-12
HomeEkintza SindikalaOsasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean benetan haserre daudela eta haren aurkako iritzia dutela. Izan ere, arau horretan planteatzen da Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea, Departamentuari atxikitako erakunde autonomo izateari uzteko eta enpresa-erakunde publiko bihurtzeko (hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatzen diena).

Lehenik eta behin, Osasunbideko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute batere ados dokumentua egiteko moduarekin, ez baita aldez aurreko negoziazio-prozesurik izan dokumentua gutxieneko adostasunarekin prestatzeko. Adibidez, Eremu Bakarraren berrantolaketak bermatu behar du plantilla osoaren lan-baldintzak ez direla hondatuko.

Bigarrenik, izaera juridikoa aldatzeko proposamen horrek plantillaren lan-baldintzetan atzera egitea eragiten du, lanbide-kategoria bakoitzean eskala bikoitza dakarrelako, errealitate eta eskubide desberdinekin. Alde batetik, funtzionarioak egongo lirateke, beren araudiarekin, eta, bestetik, langile kontratudunak, etorkizunean lanpostu finkoen titular izango liratekeenak. Lanpostu finko horiek lan-araubidekoak izango lirateke, eta langile horien lan-baldintzak kaltetzea gerta liteke, bai eta bi taldeen arteko diskriminazioak ere, bakoitzaren lan-harremanaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordetik exijitzen dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektu horretan enpresa-erakunde publikoei buruz dauden aipamen guztiak kentzea eta plantillaren iritzia entzuteko negoziazio-mahai bat irekitzea.

Langileen ordezkariak diren aldetik, euren iritzia Osasun Departamentuari eta Parlamentuko talde guztiei helarazi diete.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.