2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsasunbideak eta Covidek 112 zenbakia kolapsatu eta larrialdietako zerbitzua arriskuan jarri dute

Osasunbideak eta Covidek 112 zenbakia kolapsatu eta larrialdietako zerbitzua arriskuan jarri dute

Covid krisiak, batetik, eta Osasunbideko kudeatzaileek osasun etxeetan ezarri duten “tele-desasistentziak”, bestetik, orain arte eraginkorra izan den 112 larrialdi zerbitzua asetu, kolapsatu eta arriskuan jarri dute. LABek baliabide gehiago eskatzen ditu kontsulta-telefonorako eta oinarrizko osasun laguntzarako, egoera honi behar bezalako bermeekin aurre egin ahal izateko. Agerraldia egin dugu gaur Iruñean, gure eskakizun hauek guztiak jakitera emateko.

Oinarrizko Osasun Laguntza tele-laguntzako zerbitzu moduko batera birmoldatzearen ondorioz, eta Covid 19arekin zerikusia duten kontsultei erantzuteko baliabideak antolatzeko orduan Osasunbidea erakusten ari den ezintasuna dela kausa, 112 larrialdietarako telefonoaren saturazioa -are kolapsoa- gertatzen ari da. Horren guztiaren ondorioz, gaur egun, zerbitzu horrek dituen baliabideen zati handi bat garrantzi txikiko presako kasu eta kontsultei erantzuteko erabiltzen ari da.

Alde batetik, Covid gaietarako aholku eta kontsulta telefonoak ez du langile nahikorik, eta, gainera, ordutegi mugatua du. Hori dela eta, herritarrek eta osasun arloko profesionalek 112ra deitzen dute birusari edo PCR probei buruzko kontsultak egiteko, baita hitzordua eskatzeko ere. Horrelako informazio-deiei erantzutearen ondorioz, langileek eta 112 zentroak gainezka egiten dute, eta deitzen dutenei azaldu behar zaie, gainera, larrialdietako telefonoa ez dela horretarako erabili behar. Hala, 112 zerbitzuko langileek berriro bideratu behar izaten dituzte herritar horiek osasun etxeetara edo COVID aholku-telefonora.

Bestalde, osasun etxeetan ezarri duten sistema berria, zuzeneko eta aurrez aurreko arretaren ordez, telefono bidezko arreta eskaintzean oinarritzen da, eta, horren ondorioz, azkenean, oinarrizko osasun laguntzako pazienteek 112ra deitzen dute “norbait beren etxera joan dadin”, ezinezkoa gertatzen zaielako arreta egokia lortzea beren osasun etxean. Horietatik asko patologia larriak dituzten pazienteak izaten dira, gehiago aguantatzen ez dutenean 112ra deitzea erabakitzen dutenak. Pertsona horiek premiazko arreta behar izaten dute, eta, behin baino gehiagotan, ospitalera eraman behar izan dituzte, horrek dakartzan ondorio eta arazoekin; hasieratik saihestu zitezkeen ondorio eta arazoak, alegia.

Egoera horrek adineko pertsonei eta paziente kronikoei eragiten die bereziki; izan ere, herritar horiek, arriskupeko kolektibo gisa pairatzen ari diren estresaz eta beldurraz gain, zerbitzu publikoen aldetik sentitzen duten babesgabetasun- eta abandonu-sentsazioa helarazi digute.

Telefono lineak gainezka, larrialdi-deiak esperoan, sistema kolapsatua
112 zerbitzuko langileek dozenaka dei, kexa eta erreklamazio jasotzen dituzte egunero, aholku-telefonoarekin harremanetan jartzea ezinezkoa delako edo oinarrizko osasun laguntzako taldeek pazienteak bisitatzeari uko egin diotelako. Dei horiek ezin dira bereizi larrialdikoetatik, eta zentroa eta telefono-lineak saturatzen dituzte. Horren ondorioz, benetako larrialdiak ilaran gera daitezke artatu zain, muturreko larrialdi-egoeretan horrek dakarren arriskuarekin.

Saturazio horren adibide bat jartzearren, joan den ostiralean, abuztuaren 4an, 20:00ak aldera gertatutakoa aipa daiteke. Une hartan bat egin zuten arratsaldeko ordutegian izan ohi den dei saturazioak eta ekaitz elektrikoarekin eta Gazolazko baso-sutearekin lotutako deiek. Ondorioz, SOS Nafarroaren telefono-sistema erori egin zen, eta ia ordu erdiz zerbitzurik eman gabe geratu zen; denbora horretan, 112ra egindako ehunka dei galdu ziren. Eta, jakina, ez dago jakiterik haien artean benetako larrialdi-egoeraren bat gelditu ote zen atenditu gabe.

Alde batetik, ez da erantzuten; bestetik, baliabideak desbideratzen dira
Hori guztia gutxi balitz bezala, Osasunbideko Kudeaketa Zuzendaritza, Nafarroako Larrialdietako Zerbitzuko Zuzendariordetzak eskatuta, krisi sanitarioaren garai hau aprobetxatzen ari da SOS 112 zerbitzuaren funtzionamendua aldatzen saiatzeko, larrialdietarako zerbitzu honen eraginkortasuna arriskuan jarriz, noiz eta gizartearentzat hain kritikoa den une honetan.

Koronabirusaren krisi betean, Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzak erizaintza-zerbitzu berri bat sortu nahi izan du 112aren barruan, aldez aurretik Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendariarekin eta Barneko Zuzendaritza Nagusiarekin protokoloak eta eginkizunak adostu gabe. Larrialdikoak ez diren kontsultak egiten dituzten erizainak 112 telefonora eraman dira, eta, hala, ohiko 112 telefono deiak erantzuten dituztenekin nahasi dira.

Egoera horren ondorioz, 112 telefonoaren saturazioa gertatzen ari da zenbait ordutan, batez ere asteburuetan, kolapsora iritsiz eta dozenaka dei galduz.

Argi dago Osasuneko arduradun batzuen helburua dela bukaera ematea gaur egun larrialdietarako daukagun eredu integralari (Barneko eta Osasuneko departamentuen arteko koordinazioan oinarritzen den eredua: polizia, Babes Zibila, suhiltzaileak, Osasunbidea), eta, horren ordez, loturarik gabeko eredu bat ezartzea, osasun arloa gainerakoetatik bananduta uzteko. Ez dakigu korporatibismo hutsagatik, protagonismoagatik edo aitortu ezin diren arrazoiengatik, eredu integral eta eraginkor hau leherrarazi nahi dute, pertsona gutxi eta zehatz batzuek beren zuzendaritza-postuetatik erabiliko duten beste eredu bat inposatzeko, kudeaketa inorekin partekatu behar izan gabe.

Egoera larri horren aurrean, ordea, Babes Zibileko eta Barneko zuzendaritzak –hots, 112 Zentroaren kudeaketaren eta antolaketaren nahiz jarduketa-protokoloen azken arduradunak– ez dira inon ageri, eta ez dugu agertuko diren esperantzarik; eta ez da hori gertatzen den lehenengo aldia. Egiten ari diren gauza bakarra da baloiak kanpora botatzea, Osasun Departamentuak bere kabuz jarduten duela argudiatuz; edo iradokizun harrigarriak egiten dituzte, hala nola 112 telefonoan erantzungailu bat jartzea eta kontsultak Gurutze Gorrira edo beste erakunde batzuetara bideratzea. Pellokeria galanta!

Osasun Departamentuak, bere aldetik, oinarrizko osasun laguntza eta osasun etxeak indartu beharrean, erizaintzako langileak beste profesional batzuek egin ditzaketen lanak egitera desbideratzen ditu, kolektibo hori lanez gainezka eta atsedenaldiak bermatzeko erreleborik gabe utziz. Hala, Larrialdietako Zuzendariordetzak erizaintzako 40 profesional bideratu ditu Covid kontaktuak bilatzeko lanetara, baina lan hori beste kategoria profesional batzuetako langileek egin lezakete lasai asko.

Kontaktuak bilatzeko lan horiei buruz ari garela, esan beharra dago ezen, kutsadura-katea kontrolatzeko eraginkorrak izateko, adituen iritziz, bilatzaileen kopurua lau edo bost aldiz handiagoa izan beharko litzatekeela, eta, lan horretarako administrarien zerrendetara joko balute, bilatzaile faltaren arazoa konponduko litzatekeela.

Ezer-gutxi axola zaie oinarrizko osasun laguntzako profesionalek pairatzen duten lan-gainkarga, eta ez zaie batere axola, tele-asistentziako sistema guztiz ez-eraginkor bat ezarri ondoren, nork bere auzoko edo herriko osasun etxera ezin joateak herritarrei eragin dien nahigabea. Oso adierazgarria da ikustea Covid krisian zehar kontratatu dituzten 650etik gora profesionaletatik 31 baino ez direla bideratu osasun etxeetara.

LABetik Osasunbideari eta Barne Zuzendaritza Nagusiari eskatzen diegu neurriak har ditzatela egoera larri hau konpontzeko: behar adina baliabide Covid 19ari eta PCR probei buruzko kontsultei erantzuteko, bai eta oinarrizko osasun laguntza behar bezala indartzeko ere, eta administrari profila duten kontaktu-bilatzaileen kopurua handitu dezatela. Horrela bakarrik bermatu ahal izango da erabiltzaileei arreta egokia ematea, 112 zenbakia presako kasuetarako eta larrialdietarako erreserbatuz, dagokion moduan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...