2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOsasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.

Aurreproiektuak hutsune asko ditu, eta Gobernuak dituen asmoen adierazpen ezin argiagoa da: erakunde pribatuekiko lankidetza bultzatzea, Osasunbidearen eta bertako langileen araubide juridikoa aldatzea, osasun eskualde bakarra ezartzea eta langileen arloan hobekuntzak sustatzeko asmorik ez.

Guk ere uste dugu beharrezkoa dela lege berri bat idaztea, baina aurreproiektu honek ez du betetzen osasun arreta publikoa mantentzeko eta blindatzeko beharko liratekeen neurrietatik bat ere. Horregatik, LABek argi eta garbi arbuiatzen du Osasunbidearen egungo izaera deuseztatu nahi duen aurreproiektu hau, zeinak arriskuan jartzen baititu bai arlo publikotik ematen den arreta, baita langileen eskubideak ere.

Aurreproiektuaren funtsezko zenbait puntu nabarmendu nahi genituzke, langileek eta herritarrek jakin dezaten nolako ondorioak ekar ditzakeen departamentuak proposatutako neurriak ezartzeak:

Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea

Osasunbideari enpresa-erakunde publiko izaera eman nahi diote eta horrek baliabideak zuzenean kudeatzeko atea irekitzen du. Horrek arazoak ekarri ditu beste erkidego eta sektoreetan, eta zerbitzuak pribatizatzeko bidea ematen du.

Osasunbideko “funtzionario” figura kentzea

Osasunbideko langileak lan kontratudun langile bihurtuko dira, eta haien eskubideak aldatuko dira ordainsariei, mugikortasunari, sustapenari eta abarrei dagokienez. Bestalde, lanpostuak amortizatzeko aukera irekiko da, kasuan kasuko gobernuaren asmoen arabera. Puntu hori ez da behar bezala azaldu, ez negoziatu, ez adostu. Izugarrizko erasoa da Osasunbideko langileen autonomiarentzat. Horren ondorioz, litekeena da administrazio berean figura juridiko bat baino gehiago egotea elkarren ondoan eta alde handiak izatea batzuen eta besteen artean.

Lankidetza publiko-pribatua

Asmo hori argi eta garbi ageri da aurreproiektu osoan, funtsezkotzat jotzen baita baliabideak erakunde pribatuetara bideratzea inolako kontrol-mekanismorik ezarri gabe. Zerbitzu publikoak blindatzearen alde egin beharrean, beharrezko jotzen da osasungintzaren negozio pribatua sustatzen jarraitzea. Gainera, prekaritate-nitxo bat sortzen da enpresa pribatuetako langileentzat; izan ere, enpresa horiek, kasu gehienetan, Osasunbidekoak baino nabarmen okerragoak diren lan hitzarmenen bidez arautzen dira.

Osasun eskualde bakarra

Kontuan harturik gure nagusiek gauzak antolatzeko erakusten duten ezintasuna eta gaur egun dagoen profesionalen falta, zalantza handiak ditugu neurri horren aplikazioaz. Badirudi eskualde bakarra herritarren eta langileen mugikortasunaren ondorioetarako aplikatuko dela, baina testuan ez da garbi zehazten zer den Administrazioarentzat “presakotzat” egin beharreko mugikortasuna. Eskualde bakar horrek alderdi jakin batzuei baino ez die eraginen, eta beste alderdi batzuk alde batera uzten ditu, nahita.

Hizkuntza-eskubideak

Lege honen eta departamentuaren lehentasuna ez da Nafarroako errealitate linguistikoa normalizatzea. Hizkuntza-eskubideen errespetuari buruzko aipamen bakar bat ere ez dago urte askoan indarrean egon daitekeen lege honetan.

Langileriaren arloan neurririk ez

Osasunbidean, langileen behin-behinekotasun tasa % 30etik gorakoa da oraindik ere, eta, erretiroen aurreikuspenak ikusita, ez du ematen egoera hobetuko denik. Gure iritziz, behar-beharrezkoa da ratio egokiak ezartzea, hautapen prozesu sinplifikatuak, kontratazioaren arloko neurriak, errelebo-kontratua… Testuan neurri horiei buruzko aipamenik ez dagoenez, argi dago ez dagoela arlo horretan jarduteko kronograma bat egiteko asmo handirik. Alde handiak daude oraindik Osasunbide-ko langile batzuen eta besteen artean, ez baitago ekitaterik, eta plantillaren zati handi bat, hau da, “langile ez-sanitarioak”, bigarren kategoriako langileriatzat hartzen da.

Behar-beharrezkotzat eta lehentasunezkotzat jotzen dugu osasunari buruzko Foru Lege berri bat idaztea, etorkizuneko osasun politikaren ildo nagusiak zehaztuko dituena.

Administrazioak aurkeztutako aurreproiektuak neurri interesgarriak jasotzen ditu, hala nola barruti soziosanitarioak, arretaren humanizazioa, kudeaketa-autonomia… Hala ere, askoz neurri gehiago jaso beharko lituzke besteak beste arlo hauek hobetzeko: langileria arloa, hizkuntza-normalizazioa, kontrol mekanismoak eta gardentasuna lankidetza publiko-pribatuaren arloan eta osasun jardueraren arloan… Hori guztia osasungintza publikoa blindatzeko eta arreta-eremu guztietan indartzeko.

LABentzat funtsezkoa da inplikatutako alderdi guztiekin negoziazio eremu bat irekitzea foru lege berri hau benetan izan dadin herritarrek, plantillak eta osasun sistema publikoak behar dutena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...