2024-11-19
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsasun zerbitzuak euskaraz exijitzeko herritar agerraldi jendetsua Zumaian

Osasun zerbitzuak euskaraz exijitzeko herritar agerraldi jendetsua Zumaian

Datorren asteartean, hilak 8, Zumaiako eta EAEko Osasun zerbitzuetan eta zerbitzu publiko guztietan herritarrok bi hizkuntz ofizialetan hartatuak izateko dugun eskubidea bermatzeko administrazioak neurri, bitarteko eta laguntzak ezar ditzala eskatzeko herritar agerraldi jendetsua burutuko da Zumaiako anbulategian. Deialdia arratsaldeko 18:30etarako egin dute.

Azken asteotan zalaparta ugari izan da Zumaiako anbulatorioan gaztelera hutsezko zerbitzuak eskaintzearen ondorioz. Hala ere, arazo hau ez da soilik Zumaian ematen, orokorra da.

Guretzat begibistakoa da euskara, herri honetako hizkuntza izanik, administrazio publikoaren hizkuntza izan behar dela, bestelako hizkuntza ofizialetan ere arreta bermatuz, noski. Osasungintzan behar hori are eta garbiagoa da, guztiz onartua bait dago gertuko komunikazioaren garrantzia osasun arretan. Eta ezin ahaztu ere hainbat lege eta araudik zerbitzu elebiduna eskaintzearen betekizuna ezartzen dutela eta Osakidetza lege eta araudi horiek, horietako batzuk Osakidetza berak ezarriak, betetzera behartua dagoela.

Osakidetzak euskararen egoera normalizatzeko neurriak, bitartekoak eta laguntzak ezarri behar lituzke EAEko Osasun zerbitzuetan eta zerbitzu publiko guztietan herritarrok bi hizkuntz ofizialetan hartatuak izateko. Laguntzak euskara ikasteko, euskaraz trebatzeko eta euskaraz lana egin eta zerbitzua eskaintzeko. Gaur egun ez dugu ikusten beharrezkoak diren neurri, bitarteko eta laguntza horiek ematen direnik. Alderantziz, Zumaiako kasuan garbi ikusi den modua, Osakidetzako zuzendaritzak ez du inolako eskaintzarik, proposamenik, ezta borondaterik ere, langilegoak lana euskaraz egin eta zerbitzua eskaintzea erraztu eta laguntzeari begira. Eta horren kaltetuak guztiok gara: langileak eta herritarrak., guzti honetan langileok ez baikara arazoaren sortzaile, guzti hau Administrazioak izan duen jarreraren eta kudeaketaren ondorioa baita.

Bereziki larria da kontratazioetan dagoen gardentasun eza. Bakante dauden lanpostuak betetzeko jarraitu beharreko prozedura sistematikoki urratzen da, eta baita oporren edota jai egunen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko prozedura ere. Ondorioa: kontratu laburrak, lan prekarioa, baldintza okerragoak, lanpostua dagokion langilea kanpo geratzea eta lanpostuaren betekizunak ez betetzea, hizkuntz gaitasunaren betekizuna barne. Guzti hori erakartzen du Osakidetzak, Zumaian eta Zumaiatik kanpo, sistematikoki egiten dituen “izendapen ebentualak”.

Eskubide urraketak, irregulartasunak eta bitarteko ezak ohikoak eta sistematikoak izanagatik ere, ez digugu “normalak” balira bezala hartuko. Euskal Herrian osasun zerbitzu publikoa, unibertsala, kalitatezkoa, gertukoa, euskalduna, gardena, langile eta erabiltzaileen eskubideak bermatzen dituena, behar dugu. Hori da euskal herri langilegoaren beharra eta hori da LABen erronka. Bide horretan, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzako zuzendaritzari osasun zerbitzuak euskalduntzeari begira plangintza eta neurri eraginkorrak eskatzearekin batera, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekimenetan parte hartzera animatzen dugu Osakidetzako langilegoa. Bide horretan, asteartean uztailak 8an arratsaldeko 18:30etan Zumaiako anbulategi aurrean herritar agerraldi jendetsu bat burutuko da, jadanik hainbat eragileon babesa jaso duena. Beraz, bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.

Autobus gidariek komunera joateko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu

Gaur, azaroaren 19a da, Komunaren Nazioarteko Eguna. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok Euskal Herrian bertan, ez daukate lanean ari direla komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko, euren artean, autobus gidariak.

SDA FACTORY-ri akordioa betetzeko eskatu diogu, eta hori ez egitearen arriskuez ohartarazi dugu Gasteizko Udalean

Gasteizko Udaleko txanda popularrean agerraldia egin dute SDA FACTORYko enpresa-batzordeko kideek, langileek bizi duten egoera arriskutsua zabaltzeko abiapuntu gisa. Ondoren, mobilizazioa egin dute udaletxearen aurrean, Gasteizko fabrika historiko hau behin betiko desagertzeak ekar ditzakeen arriskuak zehatzago salatzeko.