2024-12-03
HomeEkintza SindikalaOsasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditugu

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditugu

Langileen gehiengorik gabe Osasun Itunik ez dago.

Osasun Sistema Publikoa indartu eta Osakidetzak behar duen eraldaketarako LABek proposatzen dituen neurriak aurkeztu ditugu. Neurri horiek izango dira ondoren EAEko gobernuak Osasun Ituna adosteko deituriko mahaira eramango dituenak.

Osakidetza kalitatezko osasun sistema publikoa izango bada, aurreko gobernuaren politikek errotiko aldaketa eskatzen dute, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren esanetan: “Urte luzez, osasun publikoaren aldeko apusturik ez da egin; politika neoliberal eta klientelarrak izan dira nagusi Osakidetzan. Publikoa debaluatu egin da, pribatua indartzeko”. “Langileen greba eta mobilizazioak, osasun publikoaren aldeko plataformak kalera atera izana eta erabiltzaile guztiok ikusten, nozitzen, ari garen gainbehera izan dira gai hau agenda politikoaren erdigunean jarri dutenak”, azpimarratu du Aranburuk.

Gauzak horrela, LABen bost neurri planteatzen ditugu:

1. Pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plan bat eskatzen dugu

Zatika-zatika, Osakidetzak modu publikoan kudeatu beharreko hainbat zerbitzu pribatizatu egin dituzte:

  • LABek, aurkezturiko helegiteen bidez, Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratuak geldiarazi ditu, 160 milloi eurokoak. Salatutako kanporatze horien guztien lanak egiteko profesionalak badaude. Zerrenda oso luzeak daude lan horiei guztiei aurre egiteko, eta horregatik daramatza LABek urteak esaten zuzendaritzaren politikak pribatizatzaileak direla.
  • – Alor honetan, hitzarmena eta sententziak ez ditu betetzen Osakidetzak. Ikuztegien zerbitzua pribatizatuta egon da. Hitzarmenean adostu zen kontzesioak amaitzen ziren heinean, Osakidetzak zuzenean hartuko zuela lan hau. Ez du egin, eta pribatizatuta mantendu du. Esaterako, Santa Marinako ikuztegiko lanak pribatizatuta mantentzen saiatu zen. Bada, LABek salatu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen zerbitzu hori zuzenean eman behar zela. Osakidetzak ez du sententzia onartzen, eta Enplegu Zentro Berezi batekin kudeatzen saiatzen ari da.
  • – Biltegiak: orain arte ospitale bakoitzak bere biltegia izan du. Orain, zentralizatzea eta handitzea planteatzen ari da Osakidetza, eta aldaketa hori pribatizatzeko baliatu nahi du. Biltegi zentral horren kudeaketa integralak Osakidetzarena izan beharko luke.

Osakidetzak egin ditzakeen eta egin beharko lituzkeen lan medikuak kanporatu egiten dira:

  • – Erresonantziak, ebakuntzak edo laborategiko lanak —analisiak, esaterako—, lan horiek egiteko langileak eta bitartekoak izan arren. Gurutzetan, adibidez, BIOCruces sortu da, erabat pribatua, eta horra bidaltzen da laborategiko lan zamarik handiena.

2. Langile gehiago behar dira, egonkorrak eta baldintza duinekin

  • – Egiturazko plantilla handitu egin behar da. Pribatizazioaren jomugan dauden kategoria ez sanitarioek (mantenimentua, zerbitzuetako langileak, administrariak eta laguntzaileak…..) are gehiago pairatzen dute hutsune hori. Egonkortze prozesua motel doa eta 2024ko abendurako ez da beteko behin-behinekotasunaren langa %8an ezartzen duen Europako agindua.

Bestetik, 2018–2019ko LEP prozesua oraindik ez da behar bezala amaitu, ez dago zerrenda ofizialik eta langileen kontratazioan gardentasun falta izugarria da.

Kontratazio ereduak hona ekarri gaitu. %54ko behin behinekotasun tasarekin, esan behar dugu kontratazio eredua kolapsatu dela. Lan kargen ikerketa bat egin behar da, eta beste eredu bat negoziatu behar da, sindikatuekin batera.

  • – Mediku faltari aurre egiteko neurriak behar dira. Mediku falta da hainbat erabaki justifikatzeko aitzakia. Udako ordutegiak murrizteko, EAG Etengabeko Arreta Guneak ixteko, herri handietako anbulatorioak medikurik gabe lanean egoteko edo emergentzietako anbulantziak medikurik gabe bidaltzeko. Mediku falta planifikazio faltaren ondorio da. Urtero Eusko Jaurlaritzak Barneko Mediku Egoiliarren (BAME) eta Barneko Erizain Egoiliarren (BAEE) inguruko beharrak helarazten dizkio Madrilgo Gobernuari. Zer eskatzen duten, ordea, ez da publikoa. “Jaurlaritzak argudiatzen du Madrildik ezartzen dutela Barneko Mediku Egoiliarren kopurua, baina Jaurlaritzak zer nolako eskaera egiten duen ez dakigu”, azaldu du Aranburuk.
  • – BAME/BAEE-en formakuntza eta baldintzak hobetu egin behar dira: Ez dituzte era egokian formatzen, eta guardiak alde bakartasunez aldatzen zaizkie. Horrek haserrea sortzen du Osakidetzarekiko. Ondorioz (batez ere BAME-en kasuan), formazioa amaitzen dutenean beste toki batera doaz. Horri gehitu behar zaio, espezialitatea amaitzen dutenean, eskaintzen zaiena ez dela batere erakargarria: behin-behinekotasun kontratua. BAME/BAEE-ek betetzen dute mediku/erizain falta, nahiz eta oraindik formakuntza osoa ez izan.
  • – Ratioen inguruko lege berri bat behar da: LABek badu proposamen zehatza, legebiltzarrean erregistratu genuena eta orain arte ez zaio kasurik egin. Indarrean dauden ratioak jasanezinak dira langileentzat eta erabiltzaileentzat eta zerbitzua kaskartzen dute.
  • – Langileen lan baldintzak hobetu egin behar dira, eta negoziazio erreal bat eskatzen dugu. Salatu nahi dugu Osakidetzaren Mahai Sektorialean azken akordioa 2009koa dela.
  • – Politika feministak behar dira: Osakidetzan lan egiten duten emakumeek “kristalezko sabaia” pairatzen dute. Ardurak dituzten lanpostuak hartzea oso zaila da, kontziliatzea ezinezkoa egiten delako. Dauden berdintasun planak ez dira eraginkorrak eta horri ez zaio irtenbiderik ematen.
  • – LEP eredua aldatu behar da, konziliazio eta bizitzaren zikloak (amatasuna, gaixotasunak, zaintza lanak, etabar…) errespetatzeko. Osakidetzako langileek 2 urtero LEP bat egiten dute, horrek ez du gure bizitzarekin bat egiten…

3. Lehen Arretaren egoera hobetzea urgentziazkoa da

Lehen arretan dagoen egoeraren arrazoietariko bat egonkortze falta da, behin-behinekotasun handia. Medikuen errotazio handia dago eta horrek familia medikuen lana oztopatzen du (pertsonak ez dituzte inoiz ezagutzen…).

Ez dago gaixotasunaren prebentzioaren kulturarik, jada gaixo daudenak artatzen dira eta ospitalzentrismo handia dago. Emaginen egoera da horren adibide: beraien lehentasuna erditzeetan dago eta geroz eta gutxiago aurretik egin beharreko prestaketa lan egokian edo erditzean izan beharreko jarraipenean.

Horrek guztiak eragiten duena da lehen arreta jasotzeko pribatura joateko tendentzia handitzen ari dela.

4. Osasun mentalaren arazoa prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago behar dira

Geroz eta dimentsio handiagoa duen arazoa izanik ere, ez dago planik. Orain profesional falta dago; esaterako, ez dago psikologorik, ez dago gizarte hezitzailerik. Ez da prebentzioan inolako arretarik jartzen eta oso erraz jotzen da medikatzera edo ospitaleratzera.

Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar da instituzio guztien artean, koordinazio onarekin jendartearen beharrak betetzeko

5. Osakidetza euskalduntzeko plana behar da:

Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.

Errealitatea hori izanik ere, azkenaldian mezu euskarofoboak ugaritzen ari dira. Dikotomia faltsuak elikatzen dira: zer nahiago duzue profesional ona edo euskalduna edo lan egiteko eskubidea eta euskaraz ikasteko derrigortasuna kontrajartzen dituena.

Borondate politikorik ez dago. Zuzendaritzen aldetik ez dago prestasunik arazo honi irtenbide egoki bat bilatzeko, eta gehienak ez dira euskal hiztunak. Adibidez: Bizkaian ESIetako 7 gerente daude eta bat ere ez da euskalduna.ESIetako 7 zuzendarien artean, 2 bakarrik dira euskaldunak.

Neurri hauek guztiak langileekin adostu behar dira. Amaitzeko, LABetik argi utzi nahi izan dugu langileen gehiengorik gabe ezin dela Osasun Itunaz hitz egin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.