2024-12-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOspitale eta osasun etxeen aurrean mobilizatu gara berriro, osasungintza publikoaren defentsan

Ospitale eta osasun etxeen aurrean mobilizatu gara berriro, osasungintza publikoaren defentsan

Osasun publikoaren egoera larriaren aurrean, eta Osasun Sailaren irtenbiderik eza ikusita, mobilizazio ugari egin ditugu atzo eta gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitale eta osasun etxeen aurrean, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuok deituta. Era berean, azaroaren 5aren etorrerarekin, EAEn deitutako hiru greba egunetatik bigarrena gauzatu dugu Gipuzkoan, urriaren 29an Araban egindakoaren ostean. Bizkaian, azaroaren 12an egingo dugu greba.

Atzo eta gaurko mobilizazioen argazkiak eta kontakizuna LABen Osakidetzako Twitter kontuak jaso ditu.

Hauxe da sindikatuok igorritako oharra, gaurko greba eguna dela eta:

Gaur, Gipuzkoako lehen mailako arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuek deituta, lurraldeko zentro guztietan.

Grebaren jarraipena, joan den ostegunean Araban gertatu zen bezala, oso zabala izaten ari da, batez ere Lehen Mailako Arretan. Goizeko 11etan kontzentrazio masiboak egin dira Gipuzkoako zentro guztietan, eta horren adibide garbia da Donostia Ospitalean egin den kontzentrazioa.

Greba, hainbat ospitaletako radiologian, laborategian eta kirofanoetan nabaritu da. Araban gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek ere gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Eta hori guztia, gehiegizko zerbitzu minimo batzuekin. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin.

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan.

Egoera larria izanik, egindako greba-deialdiak arrakastatsuak izan ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan sindikatuokin. Neurri batzuen berri izan dugu komunikabideen bitartez, eta, zalantzarik gabe, fede-egintza bat egin behar dugu Eusko Jaurlaritzak plantillei eta beste gai batzuei buruz publikoki eskaintzen dituen datuekin; izan ere, ohikoa denez, erabateko iluntasuna eta informazio falta dago. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenen inguruan, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrutitik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten eta profesionalak errespetatuko dituzten irtenbideak abian jartzea. Nahikoa da gezurrez, hitz onez eta manipulazioez. Benetako konponbideak nahi ditugu.

Bizkaiari ematen diogu erreleboa: azaroaren 11an protestak izango dira Gipuzkoako eta Arabako osasun-zentro eta ospitale guztietan, eta azaroaren 12an BIZKAIA GREBARA!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.