2024-12-30
HomeEkintza SindikalaOsakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak...

Osakidetzaren inguruko akordioak agerian utzi du orain arte egin diren langileekiko politikak aldatu behar direla

EAEko parlamentuan gaurko egunez EAJ, EHBildu eta PSE alderdiek onartu duten akordioak baieztatu egiten ditu sindikatutik eremu horretan salatu izan ditugun arazoak.

Akordioak onartu egiten ditu behin-behinekotasun tasa altua murrizteko neurri batzuk. Batetik, Europak zehazturiko behin-behinekotasun tasa %8ra iristeko 2024ko abenduaren 31 baino lehen burutu behar diren egonkortze prozesuak bukatzea; eta bestetik, mahai sektorialean negoziatzea Enplegu Publikoaren Eskaintzaren ereduaren aldaketa eta langileen egonkortasunerako formula berriak.

LABek adierazi izan du %8ko behin-behinekotasun tasaren helburu hori oso urrun dagoela gaur egun, eta berariaz eta urgentziaz negoziatu behar direla salbuespenezko enplegu publikoaren eskaintzak zein egonkortze neurri gehigarriak, arreta berezia jarriz Lehen Mailako Arretako langileengan. Alta, LABentzat gai honi heltzeko ezinbestekoa da Osakidetzak behingoz aitortzea estrukturalak direla urteetan zehar langile kategoria ezberdinetan sortu dituen koderik gabeko lanpostuak, hauek Lanpostu Zerrendan txertatuz.

Aurrekoaz gain, akordioak agerian uzten du ESI bakoitzeko asistentzia-premiak eta beharrezko langileen estaldura ez direla nahikoa. LABek uste du gai honi heltzeko ezinbestekoa dela pribatizatu eta azpikontratu den asistentzia sanitario osoaren diagnostikoa egitea, gerora Osasun Sistema Publiko indartsu batetik eskaintzeko neurri eraginkorrak har daitezen.

LABen iritziz hartu beharreko neurri eraginkor hauen artean badaude berehalako erantzuna behar duten adibide batzuk, hala nola Iurretako plataforma logistikoaren proiektuaren moratoria. Plataforma hori Osakidetzako langileekin proiektatu behar da. Osakidetzak bere barneko mantentze-lanak zuzenean kudeatzeko beharrezkoa den habilitazio edo gaikuntza eskuratu behar du, plantillako langileek lan horiek burutu ahal izan ditzaten, eta horretarako plantila egokitu behar da; izan ere, lan hori kanpoko hamarnaka enpresen egitea ezin da inondik inora onartu. Beste adibide bat Bizkaiako ikuztegien afera da. Osakidetzako lan-baldintzen akordioak (2008koak) garbi dio pleguak bukatzen joan ahala Osakidetzak ikuztegi zerbitzu propioa gauzatu behar zuela, baina oraindik ez da norabide horretan pausorik eman, alderantziz. Ikuztegien eta aipatutako gaikuntzen kasuan, hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiak LABen aldeko bi epai eman ditu, zerbitzuok Osakidetzak zuzenean kudeatu beharrekoak direla berresten dutenak.

Gainera, ESIetatik zein gainerako osasun-zentroetatik lan mediku asko pribatizatu dira, fakultatiboen autokontzertazioa bultzatu da, zerbitzu-zorroan eskaini beharko liratekeen hainbat zerbitzu pribatizatu dira edota zuzenean ESI batzuek osasun-zentro pribatuekin zerbitzuak hitzartu dituzte. Pribatizazio eredu hori errotik eraldatu behar da eta pribatizazioarekin amaitzeko erabaki politikoak hartu behar dira.

Bestalde, sindikatuaren ustez ezinbestekoa da, pribatizazioaren gaiarekin batera, langileen ordezkariekin langileen estaldura orokorrari heltzea, ESIetatik haratago, osasun-zentro guztietan dagoen estaldura aztertuz. Gainera, langileen estaldura orokorra aztertu eta negoziatzeko langile kategoria guztietan dauden lan-kargak aztertu behar dira, eta murriztu. Hau da, ratioak aztertu eta jaitsi behar dira.

Guzti hau esanda, ikusteko dago akordio honek onartzen dituen eta mahai-sektorialera eramango diren eduki hauek eta beste batzuk negoziatu eta adosteko Osasun Sailak izango duen borondatea. LABek indarra egingo du asmo hutsetatik pasa eta Osakidetzaren eraldaketarako neurriak eskuratzeko, zer esanik ez, langileen lan-baldintzei dagokienean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.