2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate ezaren aurrean, grebara deitzen dugu urtarrilaren 28rako

Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko duen borondate ezaren aurrean, grebara deitzen dugu urtarrilaren 28rako

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra:

Sektore Mahaiaren joan den 26ko bileran Osakidetzak erakutsi zuen arbuioaren eta jarrera onartezinaren aurrean, sindikatuok alde egin genuen bileratik. Gaur Mahaiaren beste bilera bat egin da, eta berriro agerian geratu da Osasun Sailak ez duela inolako borondaterik gure osasun publikoaren egiturazko arazo larriei behingoz heltzeko eta konpontzeko. Gabezia horiek askoz lehenagotik datoz, baina oraingo pandemiak areagotu egin ditu.

Aurreko bileran gertatu zen bezala, Osakidetzak ezarri dizkigu bileraren gai-zerrenda eta edukia. Ez du sartu Intersindikalaren gaietako bat ere, nahiz eta guk haiek sartzeko berariaz eskatu. Aipatu ditugun gai horiek ez dira nolanahikoak, mobilizazioen ardatza izan dira, lurralde bakoitzean greba-egun bat deitzera eraman gaituztenak baizik.

Gaurko bileran ez da aztertu proposamen edo neurri bakar bat Osakidetzaren egiturazko arazo sakonei heltzeko, azken urteotako murrizketen ondorioz arazoak larriagotuz joan dira-eta. Osakidetza berriro baliatu da Sektore Mahaiaz bere onerako, eta lantokietako errealitatearen aurrean ezikusiarena egin du. Berriz ere Osakidetzak nahi dituen gaiak jarri, eta nahi duenean aztertu ditu.

Areago, COVIDen lehen olatutik 8 hilabete igaro ostean, gaurko bileran pandemiari aurre egiteko proposatu den plan bakarra langileak estutzen jarraitzea da. Irizpide nagusia aurreztea da, bai giza baliabideetan, bai gauzazko baliabideetan. Eta aginduak martxoko berberak dira: ahiturik dauden osasun-langileak estutzen jarraitzea, lanaldiak sistematikoki luzatuz, atsedenaldiak eta oporrak ukatuz, txandak bikoiztuz, lan-karga jasanezinak egunero leporatuz, lantokia edo zerbitzua aldatuz, eta abar. Osakidetzak gaurko bilerara ekarri dituen bi jarraibide, hain zuzen, lan-eskubideak murriztea ahalbidetzeko dira.

Elkarrizketarako eta negoziaziorako borondate-itxurak egin nahian, Osakidetzak 8 puntu jarri ditu mahai gainean, alde bakarretik. Puntu horiek 2021. urtean zehar aurkeztuko dizkio Mahaiari, negoziatu ahal izateko. Horri dagokionez, esan behar da, adabaki bat edo beste gorabehera, ez direla kontuan hartu gure aldarrikapenen funtsezko puntuak, eta ez direla horrela konponduko urtetan salatu izan ditugun egiturazko arazoak.

Osakidetzak ez du adabakirik behar, ezta epe ertain edo luzeko neurririk ere, berehalako neurriak behar ditu, osasun-langileek egunero pairatzen duten egoera prekarioari aurre egiteko, egoera horren ondorioak azken batean herritarrek jasan behar dituzte-eta.

Osasun Sailak erakutsi duen borondaterik ezaren aurrean, lantokietan bizi den egoera kritikoa ikusita, eta berehalako konponbide sakonak behar-beharrezkoak direla kontuan harturik; SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazioei berrekingo diegula iragartzen dugu. Zehazkiago esateko, datorren asteazkenean, abenduaren 16an, dinamika bati ekingo diogu, eta abenduko asteazken guztietan eta urtarrileko ostegun guztietan luzatuko da. Gero, urtarrilaren 28an greba egingo dugu hiru lurraldeetan. Azpimarratu nahi dugu Osakidetzak ez digula beste aukerarik eman, mobilizazioen aukera baino.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...