2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

Langileak Gasteizen elkarretaratu dira Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzarekin negoziazio zuzena exijitzeko, zerbitzuak pairatzen dituen benetako arazoak konpontzeko.

Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordea, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratu da Gasteizen. “Zerbitzuko Zuzendariak errealitatea ukatzen du eta errespetua galdu digu. Zuzendaritza honek negoziatzeko gaitasunik ez duela uste dugu eta, horregatik, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaria den Juan Carlos Sotorekin elkarrizketak hasteko eskaria egin dugu”, adierazi dute sindikatuek.

Langile Batzorde guztiaren oniritziarekin, defizitarioa zen 2018ko egutegi inposatua gaitzesteko mobilizazioak abiarazi ziren. “Langileon parte-hartze eta babesari esker, egutegiok atzera botatzea lortu zen. Horrekin batera, egungo arazo eta ezinegonei konponbidea emateko, zuzendaritzarekin bilerak hasi genituen”, azaldu dute sindikatuek.

Emergentzietako zuzendaritzak, zerbitzuaren egoera guztia berraztertzeko konpromisoa hartu zuen. Langileen Batzordeak, prozesu horretan, gutxienez honako gai hauek defendatu nahi zituen:

• Emergentzietako osagarria langile guztientzat.
• Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat. Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.
• Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.
• Urteko egutegiaren negoziazioa.
• Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa)
• Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.
• Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.
• Laneko arropa egokia.
• Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.

Martxoaren amaieran, sindikatuek negoziazioak apurtu zituzten. Izan ere, Emergentzietako Zuzendaritzak ez zuen txandartekoa aitortu nahi, dagoeneko langile guztiek egiten duten arren. “Beste gaiak lantzen jarraitzeko gutxienekoa zen txandartekoa eta ez gerenteak bere eskutitzean aipatzen dituen hiru gaietan bakarrik”, argitu du Emergentzietako Langileen Batzordeak.

“Negoziazioen hausturaren ondoren eta Emergentzietako Zuzendariaren errespetugabeko jarrera manipulatzailea ikusita, protesta ekintzekin jarraituko dugu bidezko lan-baldintzak eskatzeko”, ohartarazi dute sindikatuek.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...