2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetzak ez du parte hartu sindikatuok Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bileran

Osakidetzak ez du parte hartu sindikatuok Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bileran

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

Zalantzarik gabe, Osakidetzak berriro erakutsi du bere jarrera inposatzailea eta negoziatzeko borondaterik eza. Gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoak gero eta larriagoak diren bitartean, Osasuneko Mahai Sektoriala blokeatuta dago.

Premiazkoa da negoziazio kolektibo eraginkorra bultzatzea, Osakidetzaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko. Horregatik, eta egoera desblokeatzeko asmoz, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzako Zuzendaritza deitu genuen bilera batera LHKn. Oskidetza ez da hitzordura joan. Aurten bigarren aldia da LHKn horrelako deialdi bat egiten dugula, eta Osakidetza ez da horietako batera ere joan.

Gogora dezagun behin eta berriz salatu dugula Mahai Sektoriala edukirik gabeko foroa dela, izaera informatiboa duela, eta Osakidetzak alde bakarrez planteatzen dituen gaiak bakarrik jorratzen direla. Bitartean, Osakidetzako razoak gero eta ugariagoak dira, eta konponbidea ematea gero eta premiazkoagoa da.

Azpimarratu nahi dugu ez garela Mahai Sektorialera itzuliko benetako negoziazioa egon arte. Osasun Sailak Mahai hori erabili nahi du existitzen ez den negoziazio baten itxura emateko, eta sindikatuen parte hartzea erabili nahi du bere alde bakarreko erabakiak sindikatuekin negoziatu direla baieztatzeko.

Dei egiten diogu Osakidetzari inposizioaren bidea utz dezan eta behingoz Osakidetzaren egiturazko arazo larriei hel diezaien.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...