2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetzak eraikin bat eraitsiko du segurtasun arrazoiengatik, LABek egindako presioen ondorioz

Osakidetzak eraikin bat eraitsiko du segurtasun arrazoiengatik, LABek egindako presioen ondorioz

Zamudioko Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina da, amiantoz egina.

Zamudio Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina amiantoz egina dago. Orain arte ez da ezer ere egin minbizia eragin dezakeen elementu horrekiko esposizioa saihesteko. Orain, LABek egindako presioa tarteko, Osakidetzak eraikina eraistea erabaki du. Sindikatuaren ekintza azpimarratzekoa da, hura izan baita erabaki hori hartzera behartu duena. Osakidetza ez da pazienteen eta langileen segurtasuna zaintzen ari, LABek neurriak eskatu izanaren ondorioz bere pasibotasunak izan dezakeen oihartzun mediatikoa zaintzen baizik.

Amiantoaren eraginpean egoteak eragindako gaixotasunen diagnostiko goiztiarra da bizirauteko aukera bakarra. Identifikazio eta tratamendu goiztiarrek bizi-kalitatea eta biziraupen-indizea areagotzea dakarte.

Amiantoarekin gaixotzen diren langileen zerrenda egunez egun handitzen ari da, eta kasu honetan Osakidetzako Osasun Mentaleko langile bati egokitu zitzaion. Horren ondorioz, LABen kezka handitu zen eta presio gehiago egin zuen, egoera jorratzeko garaia behar baino gehiago atzeratzen ari baitzen.

Kontuan izan behar da amiantoarekiko esposizioaren eta gaixotasunaren artean 20 eta 60 urte bitartean igaro daitezkeela. Horregatik, amiantoaren eraginpean egon diren pertsona guztiei jakinarazi die LABek komeni dela aldian behin osasun-azterketak egitea.

Osakidetzak luze gabe amiantoa erretiratu behar du eraikin guztietatik, eta amiantoaren eraginpean dauden edo egon diren langileen (erretiratuak edo ez) erregistro bat sortu. Egiten ari diren jarraipena oso mugatua da, bereziki aintzat hartuta amiantoaren esposiziopean dauden eta egon diren langileen kopurua.

Zuzendaritzak ez du gaia serio hartzen eta duen larritasuna minimizatzen saiatzen da. Osakidetzak gaia ezgaitasunez eta utzikeriaz jorratzen du, bere ardura nagusia propaganda mediatikoa saihestea delarik, nahiz eta, kasu honetan bezala, langileen zein pazienteen segurtasuna jokoan egon.

Gogora ekarri behar da amiantoa ekoiztea, erabiltzea eta instalatzea debekatuta dagoela 2002az geroztik, eta Osakidetzan oraindik ez dagoela hura ezabatzeko plan seriorik. Bai langileek, bai pazienteek, egunez egun amiantoarekin bizitzen jarraitzen dute, jasaten ari diren arriskuaz jabetu gabe eta lan-osasuneko departamentuen jarraipenik jaso gabe hain garrantzitsua den diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko.

Premiazkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak amiantoa kentzeko politika aktibo bat abian jartzea eta herritarren osasuna serio hartzen hastea. Langileek pazienteak zaintzen dituzte gaixotasuna dutenean eta horien prebentzioan; Osakidetzak, ordea, ez ditu langileen oinarrizko eskubideak zaintzen. LABek nabarmendu duenez, Osakidetzaren eraikinetako eta gainerako eraikinetako amiantoa ezabatzea da herritar guztien osasuna babesteko modu seguru bakarra.

LABek lan-ingurune kaltegarri oro identifikatzen jarraituko du, eta salaketaren eta borrokaren bidez horiek ezabatzen saiatuko da, lanera joatea osasunerako arriskutsua izan ez dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...