2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetza eta garbiketa enpresa esleipendunei eskatzen diegu uztailean sinatutako aurreakordioa bete dezatela

Osakidetza eta garbiketa enpresa esleipendunei eskatzen diegu uztailean sinatutako aurreakordioa bete dezatela

Joan den udan, Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileek egindako borroka eredugarri eta duinaren ondoren, enpresa esleipendunak eta gehiengo sindikala aurreakordio batera iritsi ginen. Bertan, sektoreak hitzarmena berritzeko egin zituen aldarrikapen nagusiak jaso genituen: bertako langileen baldintzen homologazioa blindatzea, karrera profesionala eskuratzea, txanda-kontratua eskuratzea, bakanteen arautzea…

Aurreakordio hartan, bi negoziazio-bide ezarri ziren: bata, hitzarmen kolektibo berriaren idazketa egokitzeko eta garatzeko, eta, bestea, enpresak Osakidetzarekin lotzen dituzten kontratuak eguneratzeko.

Ikasturtea hasi ondoren, lehenengo bidea martxan jarri zen; enpresa esleipendunak eta sindikatuetako ordezkariak negoziazioari ekin genion berriro, aurreakordioan jasotakoa artikuluz artikulu garatzeko. Ez da erraza izan, baina hilabeteetako negoziazioaren ondoren akordio hori eginda dago. Sindikatuok gure etxeko lanak egin ditugu.

Hala ere, Osakidetzari enpresa esleipendunekin negoziatzea zegokion zatiari dagokionez, gaur egun oraindik ez dago itxita, eta, are okerrago, langileok ez dakigu zergatik, urte erdi baino gehiago igaro ondoren, oraindik ez diren sinatu bi aldeen arteko akordioak.

Joan den otsailaren 14a izan behar zuen behin betiko akordioa sinatuko zen eguna. Langileen eta enpresa esleipendunen artean hitzordua genuen hitzarmena sinatzeko. Hala ere, bezperan sektoreko patronal nagusiaren ordezkariak, EGE-ALVAk, bilera atzeratzea eskatu zuen, azalpen gehiagorik eman gabe.

Osakidetzak eta enpresek ez digute azaltzen zergatik atzeratu den. Osakidetzako zuzendaritza ez dago eta ez du ematen egongo denik; urte hauetan guztietan ez da inoiz gurekin harramenetan jarri. Enpresa esleipendunek, GARBIALDI buru zutela, azken hilabeteotan esan digute “akordioa gertu” zegoela, Osakidetzarekin sinatu behar zutena “ez zela oztopo izango”; “egunetako kontua zela”,… Dena gezurra!

Horregatik guztiagatik, guztiz arduragabea iruditzen zaigu Osakidetzako Zuzendaritzaren eta enpresen jarrera. Osasun Saileko arduradun nagusia, Gotzone Sagardui, izan zen uztailean sindikatuen eta patronalen arteko akordioaren berri eman zuena, eta adierazi zuen “hasieratik gatazka konpontzen lagundu zuela, betiere enpresekin zuen kontratu-harremanaren esparruan”. Sagardui andreak zuzentzen duen sailak ez dirudi orain prozesuan laguntzen ari denik denik hitzarmena sinatzea atzeratzen eta beharrik gabe blokeatzen ari denean. Hitzarmena itxita dago eta sinatu eta argitaratzeko zain dago. Aitzitik, behin betiko akordioa oztopatzen ari da.

Erantzunak eta gardentasuna eskatzen ditugu. Egindako bide luze horren guztiaren ondoren, ez gaude prest besoak gurutzatuta zain geratzeko. Ez diezagutela adarrik jo! Osakidetzak eta enpresa esleipendunek beren hitza bete dezatela eskatzen dugu, eta egoera hori desblokeatzeko beharrezko elkarrizketak has ditzatela. Ez gaude prest uztailean lortutako aurreakordioa paper errean geratzeko. Ez dugu onartuko azken hilabeteetan egindako lan guztia zaborrera botatzea. Azkenik, epe laburrean aurrerapenik sumatzen ez badugu, gehiengo sindikalak ez du baztertzen beste neurri batzuk hartzea Osakidetzak eta enpresa esleipendunek egoera konpon dezaten eta behin betiko akordioa lor dezagun.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...