2024-12-21
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaOrozkoko Madre Mercedariasen akordioa #LortuDugu, itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea...

Orozkoko Madre Mercedariasen akordioa #LortuDugu, itxiera saihesteko eta langile guztien enpleguari eustea bermatzeko

LABek eta ESK-k Mercedariaseko langileak zoriondu nahi ditugu egindako borrokagatik. Borroka horrek mobilizazio asko eta 32 greba egun ekarri ditu, eta itxieraren eta kaleratzeen etengabeko mehatxua gainditzea lortu du. Ibarrako (Orozko) langileen garaipena da, eta borrokak merezi duela erakusten du.

Borroka honetan garrantzi handia izan du, alde batetik, Aiaraldeko greba-batzordeak, eskualdean gatazka ezberdinen arteko elkartasun-testuinguru oso garrantzitsua sortu baitu; eta, bestetik, Bizkaiko Aniztasun Funtzionalaren Sektorean ere borrokan ari diren enpresen arteko elkartasunak, hala nola Gorabide edo Gaude.

Bizkaiko Foru Aldundia, Madres Mercedarias (EDE Fundazioak ordezkatuta) eta Aita Menni LAB eta ESK sindikatuekin bildu ziren. Bilera horretan, Ibarrako zentroan (Orozko) gaur egun dauden lanpostu guztiak mantentzeko erabakia jakinarazi zen. Aita Mennik kudeatuko du zentroa, eta erakunde horretako zuzendaritzak konpromisoa hartu du Ibarrako langile guztiak subrogatzeko.

Langileen borrokak zera jartzea lortu du Aldundiaren eta EDE Fundazioaren (Madres Mercedarias) arteko negoziazioen erdigunean : irtenbide bakarra lanpostu guztiak bermatzea eta lan-baldintzak hobetzea zela. Eta borroka horrek fruituak eman ditu.

LABen eta ESKren ustez, Madres Mercedariasen borrokak agerian uzten du beste zaintza-sistema baten beharra. Orozkoko langileak langile publikoak dira. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz zaintza-lanen pribatizazioa ezartzen du. Horrenbestez, honakoak salatu ditugu:
– Pribatizazioak okertu egiten ditu jasotako zerbitzua eta lan-baldintzak. Sistema honek enpresa pribatuei bakarrik egiten die mesede
-Egungo sistemak aukera ematen du lantoki bakoitzeko plazen prezioa errentagarritasunaren arabera negoziatzeko, eta ez zerbitzuaren kalitatearen arabera.

Zerbitzu publikoak pribatizatzeko sistemaren ondorioz, sektorearen baitan Ibarrako zentroa low cost izan da Bizkaiko Aldundiarentzat. Soldatak eta lan-baldintzak ahalik eta merkeenak izan daitezen saiatu dira. Aita Menni enpresa etorri berri den honetan, eta haien denbora behar izango dutela ulertuz, subrogazioaren xehetasunak eta lan-baldintza berriak zehaztuko dituen proposamena ezagutzeko zain daude sindikatuak.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian, zaintza-zerbitzu publikoen egungo pribatizazio-sistemaren arduraduna seinalatu dugu: Bizkaiko Foru Aldundia. Hala, hilaren 30ean kalera ateratzeko deia luzatzen dugu.

Bukatzeko, Madres Mercedariasen langileen borroka historikoa izan dela azpimarratu behar da: 43 langileko plantilla bat gai izan da beren aldarrikapenak erdigunean jartzeko eta beren lanpostuak defendatzeko. Aurrean izan dituzte, alde batetik Bizkaiko Foru Aldundia, zaintza-lanen pribatizazioa ezartzen duena, eta beste alde batetik, enpresa handiak, irabazi ekonomikoak lortzea dutenak helburu bakar.

Aniztasun funtzionalaren sektorean lortutako beste garaipen batzuk

2023a urte oparoa izan da aniztasun funtzionalaren sektoreko borroka eta garaipetan. Horrela, Arabako aniztasun funtzionaleko sektorearen hitzarmenaren aurreakordioa sinatzea lortu genuen abuztuan. Uztailean, Gorabideko langileen batzarrek enpresak LAB eta ESK sindikatuekin sinatutako akordioa berretsi dute, langileentzako funtsezko hobekuntzak zekartzana. GAUDE elkartean lortutako akordioa ere uztailean iritsi zen, langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...