2024-12-23
HomeEkintza SindikalaGure ekintza sindikala epaitua izango dela salatu dugu Oreretan

Gure ekintza sindikala epaitua izango dela salatu dugu Oreretan

Urtebete pasa da Oreretako Enrike Rodriguez Zarzueloren farmazian hauteskunde sindikalak egiten saiatu ginenetik. Farmazia honetako nagusiak bereak eta bi egin zituen hauteskunde horiek ospatu ez zitezen. Ordutik, bertako langileek euren eskubideak behin eta berriz urratuak ikusi dituzte, eta LABek epaitegiko zitazio bat jaso du. Agerraldi bat egin dugu gaur, farmaziaren aurrealdean bertan, gaiaren inguruan azalpen gehiago emateko.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri dugun adierazpena:

Berriz ere, farmazia honen aurrera etorri beharrean aurkitu gara. Urtebete pasa da farmazia honetan hauteskunde sindikalak egiten saiatu ginenetik. Eta saiatu diogu, XXI mendean ulertezina izan arren, farmazia honetako nagusiak bereak eta bi egin zituelako hauteskunde horiek ospatu ez zitezen. Ordutik, bertako langileek euren eskubideak behin eta berriz urratuak ikusi dituzte. Eta gu, LAB sindikatua, epaitegiko zitazio batekin aurkitzen gara.

Gu LAB sindikatuko kideak gara, enpresa ezberdinetako ordezkariak, Oreretako herritarrak. Eta harro gaude LABek burutzen duen lanarekin. Harro, horrelako nagusikerien aurrean kikildu ordez, hortzak erakusten dakielako, eta behar denean, adostasunetara iristen dakielako. LABek ez du langilea bere bakardadean uzten. Talde bezala antolatu eta denon artean egiten diogu aurre gatazkari. Horiek direlako gure funtzioak: langileak antolatzea euren eskubideen defentsan, langileon bidelagun izan eta ekintza sindikalaren bidez erasoei erantzutea.

Badirudi hemengo nagusia den Enrikek ez dituela gure funtzioak onartu nahi. Enrikek, sindikalismorik gabeko mundu bat nahiago luke, bere nagusikeria hutsez antolatuz lan harremanak. Bada jai dauka!

Zer uste zuen? Langileei ordezkaritzarik gabe utzi ostean, langileekiko nagusikeriazko jarreraren aurrean, langile bat bidegabeki kaleratu ostean… LAB sindikatua beso gurutzatuekin geldituko zela? Ez genituela gure herrian, gu ere erabiltzaile ginen farmazia batean emandako gehiegikeriak salatuko? Berak probokatutako egoera batek ez lukeela herri haserrea piztuko?

Zilegi al da langile bat bidegabeki kaleratu ostean sindikatua salatzea derrigortzeengatik? Enrike jauna ez zen kikildu antzinatasun gutxiena zuen langilea kaleratzerakoan, legeak onartzen dioen indemnizaziorik xixtrinena zegokiona aukeratuz. Hona hemen langileon babesgabetasunaren beste adibide bat: legeak, Enrike bezalako nagusiek edonor kausarik gabe (otzan eta pasibo ez izateagatik) kaleratzea baimentzen die diru kopuru exkax baten truke. Geroz eta gehiago dira patronalaren pribilegioak eta gutxiago langileon eskubideak.

Jakin badakigu Enrike bezalako asko daudela, sindikalismo eraldatzailerekin gurutzatu nahi ez dutenak. Baina jakin dezatela gutxiengoa direla, langileok %99a garela, gauzak aldatzeko gogo handikoak, gure artean ahaldundu eta aberastasunaren banaketa orekatuago baten bidean jendarte hau eraldatzeko gogoz.

Martxoaren 7an, Donostiako epaitegian ikusiko dugu elkar. Enrikek gure ekintza sindikala epaitua izatea nahi du. Jakin dezala, gure lanaren epaile bakarrak langileak direla, langileok osatzen dugulako LAB, eta guregana datorren langile bakoitzak gure tresna guztiak izango dituela eskura, langile bakar bat ere ez dugula bakarrik utziko, LABen langile guztiok dugulako tokia gure eskubideen defentsan borrokatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...