2024-12-23
HomeErrepresioaOperazio politiko-polizialari operazio sozial baten bidez eman behar diogu erantzuna

Operazio politiko-polizialari operazio sozial baten bidez eman behar diogu erantzuna

LABek dei egiten die euskal langile eta herritarrei ostiral zein larunbateko mobilizazioetan parte hartzera, asteleheneko operazio poliziala eta haren ondorioak salatzeko.

Ostiralean, elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko hiriburuetan, 12.00etan Langileok konponbidearen alde lemapean. Bilbon, Udaletxea aurrean, Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan, Donostian Alderdi Ederren, Iruñean Udal plazan eta Baionan Udaletxe aurrean.

Larunbatean, manifestazio nazionala egingo da Donostian Antiguoko tuneletik, 17etan abiatuta Gizaeskubideak, bakea eta konponbidea lemapean.

MOBILIZAZIOAK
Ostirala urtarrilak 16, 12etan
LANGILEOK KONPONBIDEAREN ALDE
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT
BILBO (Udaletxea), GASTEIZ (VIrgen Blanca), DONOSTIA (Alderdi Eder), IRUÑEA (Udaletxea), BAIONA (Herriko Etxea)


Sábado 17 de enero, 17h
GIZA ESKUBIDEAK, BAKEA eta KONPONBIDEA
Eragilesozial, politiko eta sindikalak
DONOSTIA (Antiguako tunela)

Polizia operazio honekin larunbateko manifestazioari erantzun nahi izan zioten gure ustez. Euskal Preso Politikoak bakarrik, isolaturik eta babesik gabe nahi dituzte. Ez dute lortzen. Berriro ere, milaka euskal herritarren babesa jaso zuten. Iazko gidoi bereko eraso berri batez erantzun dio Estatuak: konponbidea ukatzea eta errepresioa areagotuz auzia oraindik eta gehiago katrapilatzea.

Elkartasuna berriro kriminalizatu nahi izan dute. Presoen eskubideen aldeko borrokarekin konprometitzea gogor zigortzen dute, lagun asko atxilotuz eta borroka honetan inplikatzeko prest gauden guztiak mehatxatuz. Bere harrapakerian ez dute mugarik: Herriak eman duen dirua eraman dute. Giza eskubideen alde borrokatzeko izan behar dena euren gerra estrategia elikatzeko baliatuko dute. Ez da zilegia, konponbideak eraikitzeko aukerak lapurtu nahi dizkigute.

Guk oso argi dugu: Euskal Herriaren kontrako erasoa izan da. Normalkuntza politiko eskenatokia ekidin nahi du Estatuak kosta ahala kosta, badakielako Euskal Herriak bere bidea egingo duela egoera demokratiko batean gure etorkizunaz libre erabaki badezakegu.

Estatu espainolak Euskal Herriaren bake nahiak ito nahi ditu, gure Herriak konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidez zapuztuz. Ez dute lortu, sarekada berriari mobilizazio berriekin erantzungo diegu. Eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso eta ekimen politiko gehiago ekarriko dituzte. Hori da gure nahia eta gure konpromisoa.

Guardia Zibilak gure egoitzan ikusi behar izan ditugu berriro ere. Sindikatu batera horrela sartzea, bulegoak eta materiala arakatzea eta altzariak apurtzea erregimen zeharo faxistetako jokabidea da. Ezinezkoa da diru horretan deliturik egotea, larunbatean jaso zen. Zeharka ikutu gaitu operazio honek, baina zuzen zuzenean erasotu gaituztela sentitzen dugu, presoen eskubideekin inplikatu garelako sartu zaizkigulako Guardia Zibilak etxean.

LAB beti egon da euskal preso politikoen ondoan, konpromisoak bereganatzen eta elkartasuna lan munduan zabaltzen. Orain, gaur arte bezala eta inoiz baino gehiago, prestutasun osoa dugu euskal presoak etxeratzeko borrokan laguntzeko. Jasotako elkartasun mezuak, bai Euskal Herritik bertatik, bai eta nazioartetik ere, eskertu nahi ditugu.

Azkenik, ezin gelditu batzuen jarrera arbuiagarria seinalatu barik: Eusko Jaurlaritzak eskandaluzko gertakari honen aurrean emandako erantzuna penagarri da guztiz. Tamaina honetako eraso baten inguruan Gasteizko Gobernuak nahiago du Madrileko gobernuaren leialtasun instituzionalari begiratu, eskubideen urraketari begiratu beharrean; bertako eragileak interpelatu ditu Madrileko gobernuaren jarrera salatu beharrean. Euren bulegoetan itxi dira herritarrekin kalera atera beharrean, eraso hau azkena izan dadin.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du, gure etorkizunak libre eta demokratikoki erabaki dezagun. Ez da posible izango ehunka preso politiko espetxeetan sakabanatuak ditugun bitartean. Posible egingo dugu Estatu arrazoiaren gainetik Herriak aurrera egiten badu.

Euskal preso politikoak etxeratzeko ordua da. Lantokietan borrokatzeko ordua da. Eta kaleak hartzeko ordua da. Dei egiten dugu egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...