Langileon bizi baldintzen prekarizazioari eta pobretzeari aurre egiteko beharrezkoak dira ondasunaren banaketaren aldeko politikak, soldatak duintzearen zein aurrekontu eta zerga politikaren bidetik.
Atzokoan gutxieneko soldata eguneratzeko akordioa erdietsi zuten Espainiako Gobernuaren eta CCOO eta UGTren artean. Gutxieneko soldata igotzea pobretzeari aurre egiteko neurri egokia izanik, Euskal Herriko errealitateari erantzuteko motz geratzen den igoera da atzo adostu zutena.
Europako Karta Sozialak ezartzen duen moduan, gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60an ezarri behar dela defendatzen du LABek, eta kopuru hori Hego Euskal Herrian 1400€-koa da. Zenbateko horretara iristeko, borondatea besterik ez da behar; eskuduntza eza aitzakia hutsa da. Akordio Intersektorial baten alde egiteko dei egin diogu patronalari, eta Jaurlaritzari eskatu diogu enpresariak interpelatzeko gai honi dagokionez. Era berean, soldaten eros ahalmenari eustea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Soldatekin batera, politika publiko birbanatzaileen alde egin behar da eta horretarako zerga politika berria behar dugu. Atzo jakin genuenez, EAJren eta PSEren artean eztabaida hau irekitzeko asmoa adierazi zuten. Sakoneko aldaketak behar dira, eta ez da aurpegi zuriketarako momentua. Zerga politika berriak langileen beharrei erantzuteko, eztabaida honetan parte hartze soziala bermatu behar dela aldarrikatzen dugu.
LABen denbora daramagu zerga politika berria, diru gehiago bilduko duena eta progresiboa izango dena aldarrikatzen. Kapital errentak eta irabazi enpresarialak gehiago zergapetuko dituena. Badago tartea horretarako; izan ere, gogoratu behar dugu egun zerga sistema ez dela batere progresiboa, zerga bilketa osoaren %80 baino gehiago langile errentatik datorrela. Aldiz, sozietateen gaineko zergaren, hau da, enpresek beren irabaziengatik ordaintzen dutenaren pisua %7 baino ez da. Langileok probretzen ari garen bitartean, enpresariak aberasten ari dira; asko eta asko dira irabazi handiak dituzten enpresak eta iraingarriak diren dibidendo banaketak egiten dituztenak.