2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakArrantzaOndarroan izandako lan-istripu baten ondorioz hildako langilea gogoan izan dugu eta premiazko...

Ondarroan izandako lan-istripu baten ondorioz hildako langilea gogoan izan dugu eta premiazko neurriak eskatu ditugu

Duela 10 egun gertatu zen ezbeharra, eta Galiziako itsasontzi bateko behargina zen hildakoa. Hain zuzen ere, lehorretik itsasontzirako sartu-irten batean uretara erorita hil zen, eta azpimarratzekoa da Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dutela gertakaria lan-heriotza gisa jo, behargina atseden egunetan zegoela argudiatuta.

LABek, aldiz, argi dauka gertaturikoak harreman zuzena duela lanarekin eta prebentzio neurririk ezarekin, eta halaxe salatu dugu gaur eguerdian LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalak deitu duen elkarretaratzean. Senide, lagun eta lankideei samina eta elkartasuna adieraztearekin batera, zera utzi nahi izan dugu argi: prebentzioa helburu izango duten behar bezalako azterketak egin eta ondoriorik atera ezean, lan-osasunaren egungo arazoari konponbidea topatzea ezinezkoa dela. Oraingo kasuari loturiko neurri zehatzei dagokienez, alde batetik, Ondarroako portuan deskargatzen duten barkuetako arrantzaleentzat egitura egokiak jarri beharko lirateke, deskantsuan dauden bitartean barkuetan bizitzera behartuak ez izateko. Bestetik, itsasontzitik porturako sartu-irtenetan ohikoak diren istripuak ekiditeko, pasarelak edo maniobra hori errazteko antzeko sistemaren bat ezarri beharko litzateke.

Gainera, Ondarroako Itsastarren Etxea berriki itxi dute, Bizkaiko Aldundiak zerbitzu hau kendu eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezartzeko, bertan zeuden marinelak ostatu batean birkolokatuz. Bestalde, duela gutxi berriztu zen Ondarroako lonja berria, arrainaren salerosketarako instalazio modernoak ezarri direlarik, baita arrantzarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeei bulegoak izateko aukera ere. Aldiz, inbertsio izugarri honetan, ez dugu arrantza sektoreko atal garrantzitsuena diren arrantzaleen bizi eta lan baldintzak hobetzeko inolako neurririk ikusi.

LABen denbora asko daramagu arrantzaleen lan-eta bizi baldintza prekarioak salatzen, eta orain gertatutakoa horren guztiaren ondorio da. Hori dela eta, beste behin ere exijitu behar dugu instituzio publikoek neurri zorrotzak ezarri behar dituztela lan-osasuna bermatze aldera, osterantzean enpresariek beren irabaziak lehenesten jarraituko dutelako, langileon bizia eta osasuna jokoan egonik ere. Izan ere, 2023an dagoeneko 47 behargin hil dira Euskal Herrian lan-istripuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...