2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOndarroako Itsastarren Etxearen zerbitzua bertan behera utzi eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua...

Ondarroako Itsastarren Etxearen zerbitzua bertan behera utzi eta adingabeak artatzeko jarduera pribatizatua ezarri nahi du bertan Bizkaiko Foru Aldundiak

Bidaian dauden marinelei ostatua emateko zerbitzua Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) ardurapean dago gaur egun, eta herriko osasun zentroa dagoen eraikinean ematen da. Bada, jarduera hori desagerrarazi eta horren ordez Inoren Kargura Ez Dauden Adingabe Atzerritarrak artatzera bideratu nahi dute eraikinaren zati hori, horretarako zerbitzua azpikontratatuko dutelarik. Nabarmentzekoa da hain zuzen ere kolektibo horri arreta ematera bideratutako Elorritxueta-Viveroko zentroa itxi berri dutelaerabiltzaile kopurua urriegia zela argudiatuta.

Erabakiak inprobisazioz hartzea eta arazoei errotik heldu ordez adabakiak jartzea leporatu dio LABek Bizkaiko Foru Aldundiari. Horrez gain, gardentasun falta egotzi diote, baita zerbitzu publikoak ahuldu eta zuzenean kudeatu izan diren zerbitzuak azpikontratatzearen bidez pribatizazioa areagotzea ere.

Orain, astebeteko epean, Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak Itsastarren Etxeari agindu dio etxea aldi baterako darabilten marinelak bertatik ateratzeko, gutxienez 15 adingabe hartu behar baititu eraikin horrek. Agindu horretan ez da zehazten birkokatzearen arrazoia, hau da, aldundiak ez du jakinarazi ea egiturazko beharrizan bati edo egoeraren araberako premia bati erantzuten dion. Zerbitzuaren kudeaketaz zein enpresa arduratuko den ere ez dute azaldu, ezta zein langile kontratatuko dituzten edota zein hezkuntza-proiekturi erantzungo dion ere.

Itsastarren Etxearen itxiera

Ondarroako Itsastarren Etxean lan egiten duten GUFEko beharginek bat-batean izan dute beren egitekoa desagertuko denaren berri. Marinelei egonaldi labur baterako ostatu duina eskaintzea izan da orain arte zerbitzu horren helburua. Orain, baina, bertako langileengan ziurgabetasuna nagusitu da, artean ez baitakite zein izango den aurrerantzean beren egitekoa.

Badirudi Itsastarren Etxeko marinel horiei Ondarroako hotel batean emango zaiela ostatu, prezio berean, aldundiak ordainduko duelarik aldea. Horrek gastu publiko erantsia ekarriko du, eta onura, berriz, enpresa pribatu batentzako izango da.

Hori guztia dela eta, LAB sindikatuaren GUFEko atal sindikalak eskatu du marinelentzako ostatu-zerbitzua Ondarroako Itsastarren etxean ematen jarraitzea. Eta, dena den, bertan beste jarduera bat ezarriko bada, sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du beronen kudeaketa erabat publikoa izatea.

Inoren Kargura Ez Dauden Adingabeen zentroak gainezka

Arestian aipatu bezala, duela hilabete eskas itxi zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak Galdakaon kokatutako Elorritxueta-Viveroko zentroa, Landalan enpresaren bitartez zerbitzua ematen ziena Inoren Kargura Ez Dauden Adingabeei. Horren ondorioz, 19 gizarte-hezitzaile kaleratu zituzten.

Gizarte Ekintza Sailaren buru den Amaia Antxustegi diputatuak, irailaren amaieran, Batzar Nagusietako osoko bilkuran itxiera hori justifikatu zuen esanez atzerriko adingabeen presentzia murriztu zela, adingabeak hartzeko sare sendoa zegoela eta larrialdi-zerbitzuak mantentzeko beharrik ez zegoela. Bada, LABek salatu zuen baieztapen hori gezurra zela, adingabeen sarea gainezka dago eta. Hain zuzen ere, urriaren hasieran eginiko bilera batean hala aitortu zuen Antxustegik berak, eta alternatibak bilatzeko denbora behar zuela esan zuen.

Urrian, Loiuko adingabeen zentroak zerbitzua handitu behar izan zuen 24 adingabe gehiago artatzeko, eta Zornotzako Elgezabalek 70 baino gehiago hartu ditu berriki, hau da, ohiko erabiltzaileen bikoitza, gutxi gorabehera.

Sektoreari bizkarra emanez adabakiak jartzeari utzi eta horren premiazkoak diren neurri integralak hartzeko exijitu dio LABek Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari. Era berean, bilera eskari bat helarazi dio sindikatuak Amaia Antxustegi ahaldunari, egoera argitzeko asmoz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...