2024-12-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaMobilizazioakOgasunaren azoka eraikinak langileei osasun-arazoak eragiten dizkie, airea girotzeko instalazio desegokia baitu

Ogasunaren azoka eraikinak langileei osasun-arazoak eragiten dizkie, airea girotzeko instalazio desegokia baitu

Lan Ikuskaritzak errekerimendua egin dio Ogasunari, eta Osalanek ere neurriak hartzeko eskatu dio. Horrez gainera, azken neurketetan bakterio-kutsadura handia dagoela hauteman da.

Duela 20 urte Aldundiak Ogasuneko bulegoak Azoka eraikinera aldatu zituenetik, behin eta berriz salatu dugu zergadunei eta langileei dagokienez beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez dituen eraikin industrial bat dela.

Sail guztiak Abandoibarrara eramateko proiektuak huts egin ondoren, Aldundiak baztertu egin zuen, eta, 2010ean, Ogasunak instalazioak guztiz berritzeko proiektu bat aurkeztu zigun. Baina, 2012an, berritze-lanak bertan behera utziko zituztela jakinarazi ziguten, eta, beraz, langileen artean zabaldutako lan-baldintzak hobetzeko itxaropen guztiak zapuztu zituzten.

Denbora honetan, langileen kexak etengabeak izan dira eta hainbat salaketa aurkeztu dira eraikineko ingurune-baldintza txarrengatik. Salaketaren muina da airea girotzeko sistema desegokia dela, karga elektrostatiko handia duela eta giroan hezetasun erlatibo eskasa dagoela.

2008an, LABek lipoatrofia kasuak agertu izana salatu zuen. OSALANek eraikin gaixoaren arazoa zegoela baieztatu zuen, eta giroan hezetasun erlatiboari dagokionez zegoen arazoa konpontzeko neurriak hartu behar zirela jakinarazi zuen.

Aurtengo martxoan, eraikineko baldintzek osasun-arazoak sortzen zituztela agerrarazteko, eraikineko langileen 592 sinadura bildu ondoren, LABek salaketa bat aurkeztu zuen. Lan Ikuskaritzak errekerimendu bat bidali zuen erantzun gisa. Errekerimendu horretan, giroan % 50etik gorako hezetasun erlatiboa bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzen zion Aldundiari.

Aldi berean, eraikina bisitatu ondoren, OSALANek esan zuen ez zegoela daturik airea girotzeko sistemak instalazioetan sartzen duen airearen berritze-mailari buruz. Egoera horren aurrean, gomendio hauek egin zituen: ozonoaren jatorria zehazteko eta kanporako aire-erauzketak jartzeko, formaldehidoaren iturriak bilatzeko eta maila ahalik eta txikiena lortzeko neurriak hartzeko. Karga elektrostatikoari dagokionez, instalazioak eta altzariak aldatzeko eta aldaketa arrisku elektrostatikoa aintzat hartuta egiteko zioen.

Horrez gainera ingurumen-kalitateari buruzko txosten berri batek ezarri du, ekainean egindako neurkeren arabera, bakterio-kutsadura handia dagoela. Zehazki, bulegoetan egindako neurketen emaitzen % 66,6 arauturakoaren kontrakoak da.

Aldundiak ez ditu zehaztu hartuko dituen neurri zuzentzaileak, eta eraikinean neurketa gehiago egitera mugatu da. Gainera, ez du betetzen Lan Arriskuen Prebentzioaren Legeak xedatutakoa, ordezkari sindikalak kontsultatzeari eta ordezkari horien parte-hartzeari dagokionez.

Egoera honen aurrean, Ogasuneko langileek pasa den ostiralean egin zuten batzarrean erabaki zen hilaren 20an protesta egitea eta Ogasunari arazoa konpontzeko eskatzeko idazkiak aurkeztea. Hala egiten ez badu, mobilizazioak deitzeko aukera aztertuko da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...