2024-11-21
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaNekane Olalde: “Emakumeon* lana ikusgarri egin behar da”

Nekane Olalde: “Emakumeon* lana ikusgarri egin behar da”

Maiatzaren 28a da Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Eguna. Testuinguru honetan, LABek emakumeok* osasunerako eta lan osasunerako dugun eskubidea aldarrikatzen du. Sektore feminizatuetako emakume* langileoi ahotsa emateko helburuarekin Nekane Olalde elkarrizketatu dugu. Ermuako Abeletxe egoitzako gerokultorea da eta 14 urte daramatza honetan lanean. Sektore feminizatuetako lan osasunaren egoera “penagarria” dela adierazi arren, borrokarako eta gauzak aldatzeko determinazioa erakusten ditu.

Zein da zuen egoera lan osasunaren aldetik? Ze arazo daukazue?

Abeletxen beti izan da larria egoera, beti ibil gara eskas. Denetariko arazoak ditugu, hezurretakoak, psikosozialak… Tratu txar psikologikoak egiten dizkigute eta horrek oso estres handia sortzen digu. Gutxienekoekin ari gara lanean eta egoera penagarria da.

Nola gauzatzen da tratu txarra?

Badakit hitz potoloa dela, niri inork ez dit muturreko bat ematen, ez da fisikoa, baina ez dituzte bajak estaltzen, ez ordu sindikalak, ez eszedentziak ez ezer. Beti ari garenez gutxienekoekin lanean, honek esfortzu gehigarri bat egitera behartzen gaitu, %200era egin behar dugu lana, eta estres handia eragiten digu honek. Nik neuk bihotzeko bai izan nuen ia 2017an. Gauez lan egiten dut eta bakarrik egoten naiz 33 egoiliar artatzeko, eta dena zure gain dago.

Ez da bakarrik ahalegin fisikoa, baita eskumuturrak, bizkarrezurra… Bajan dauden lankideak ditut estresagatik, arazo muskulu-eskeletikoengatik, antsietateagatik. Gainera, zigortu egiten gaituzte gure lana uste duten bezala ez egiteagatik, eta horrek estres handiagoa sortzen du. Beti zaude beldurrez. Beste kontu bat da mutulitateek egiten dutena, beti ukatzen baitute osasun-arazoak lanak sortutakoak direla.

Eta nola aurre egiten diezue egoera horiei?

Enpresaren aurkako etengabeko borroka da. Bizitza osoa ematen dugu garabiek edo orga beroek funtziona dezaten eskatzen, bajan dagoen jendea, ordu sindikalak edo eszedentziak ordezkatzeko eskatzen; bestela, ezin da lana aurrera atera. Beldur handia dago, emakumeak* gara denok, langile migrante asko dago, 800 euroko alokairua ordaindu behar duena gure 1.100 euroko soldatekin, lanaldiaren % 50 edo 33ko kontratuekin (azken horiek dira ohikoenak Abeletxen). Damoklesen ezpata buru gainean dugula egin behar dugu lan. Gainera, materiala egoera txarrean dago. Lau garabi ditugu eta ez dabil bat ere. Eta enpresa beti ibiltzen da materialarekin zuhurkerian, merkeena eta kalitate eskasenekoa erosten dute.

Oraindik ere lan eremuan asko dago egiteko?

Bai. 23 asteko haurdun zegoen lankide bati baja ukatu zioten, eta hori gure lana fisikoa dela batez ere. Beste lankide batek 7 hilabeteko umekia galdu zuen sukaldeko orga batek sabelean jo zuenean. Adibidez, sindikatuaren lan-osasuneko ikastaroan 40 kiloko kutxa bat lurretik nola altxatu azaldu ziguten, baina nik nahi dut norbaitek azal diezadala nola mugitu 100 kilo pisatzera irits daitekeen adineko bat. Planteamendua industrian oinarritzen da, gehienbat gizonek lan egiten duten sektoreetan.

Lan arriskuen prebentziorako politika publiko eta pribatuetan generoaren ikuspegia falta dela uste duzu?

Erabat, orain arte ikusezinak izan baikara. Nik menopausia daukat, hezurretan deskaltzifikazioa eta beste sintoma batzuk sortarazten dizkidana. Eta inork ez du horretan pentsatu. Niri esaten didate 67 urte eta 4 hilabete bete arte lan egin behar dudala. Zuk uste duzu ni adin horretara arte egon naitekeela lanean hezurrak ditudan bezala edukita? Egin al da horri buruzko baloraziorik? Lan-arriskuen legea metalerako eta gizonentzat egina dago, ez feminizatutako beste sektore askotarako eta emakumeontzat*. Sexu-jazarpenaren kasuan, ez dugu egoiliarren balizko jazarpen-egoeren aurrean babesteko mekanismorik. Emakumeongan* eta sektore feminizatuetan ere pentsatzen hasi behar dugu.

10 urtean, emakumeon* laneko gaixotasunak % 44 gehitu dira eta hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla. Gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuak. Ondorio fisikoetaz gain, arrisku psikosozialak ere badaude?

Abeletxen, arrisku psikosozialek eragiten duten bajen % 40, eta iraupen luzeeneko bajak arrisku hauek eragindakoak dira. Badaukat lankide bat etxera joaten zela gaizki egindako lan baten sentsazioarekin, eta horrek gainditu egiten zuen. Erakundeek tratu txarrak ematen dizkiete egoiliarrei, eta hori modu askotara gerta daiteke, adibidez, egoiliar bati esaten diogunean oraindik ezin duela komunera joan, ezin dugulako eraman daukagun lan-zamagatik.

Horretaz gain, askotan emakumeon* gain gelditzen dira zaintza lan gehienak, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak sortuz. Horrek, gure ongizatean, gorputzetan eta osasunetan eragin negatiboak dakartza.

Lanaldi bikoitza dugu. Gaur egun dena pixka bat hobetu bada ere, normalean emakumeok* gara etxea eramaten dugunak. Lanera noanean saiatzen naiz etxeko arazoak atean uzten, guztiarekin sartzen banaiz, asko kostatzen baitzait. Eta egoitzatik atera eta etxera noanean laneko kontuak bertan uzten saiatzen naiz. Erabat estresatzen zaituen lan bikoitza da. Denbora guztian % 200 ematen egon behar dugu, eta zenbat denboran eutsi ahal diogu % 200 emanez? Gure osasunaren kontura egiten dugu guzti hori. Lehen goiz eta arratsaldez lan egiten nuen, eta gauez hasi nintzen lanean, lana ez zedin hain estresagarria izan niretzat. Pertsonekin lan egiten dugunez, lana etxera eramaten dugu, eta gure akatsek eroriko edo kolpe txarren bat eragin diezaiekete.

Zein da egoera honen aurrean aldarrikatzen duzuena?

Lan-osasunaren arloan, emakumeok* ez gara esistitzen. Arriskuen ebaluazioak emakumeon* gaixotasunak ere kontuan hartuta eguneratu beharko lirateke. Gurea bezalako sektoreetan ez dago aitortutako laneko gaixotasunen zerrendarik, are gehiago, mutualitatera zoaz eta artrosiarekin jaio zarela esaten dizute. Eta galdetzen duzu ia hori ez ote den lanaren ondorioz izango. Geure burua erakutsi behar dugu. Arriskuen ebaluazioak egiteko irizpideak eguneratu behar dira, emakumeok normalean egiten ditugun lanak kontuan hartuta: jendaurrekoak, zaintza-lanak…

Gizartea hasi da gu ikusten. Abeletxen 3 gizon eta 121 emakume* ari gara lanean, eta haien aldagela gurea baino handiagoak da ia. Emakume* langileok agerikoagoak izan behar dugu, eta kontuan hartu behar dira emakumeen adinak sortutako egoerak, hala nola menopausia. Ez gaituzte kontuan hartzen, adibidez, maskara lantoki guztietatik kendu da, baina guk harekin lanean jarraitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.