2024-12-23
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaNegoziazio kolektiboaren erreformak kontserberetako emakume langileak pobreziara kondenatzen dituela salatu du

Negoziazio kolektiboaren erreformak kontserberetako emakume langileak pobreziara kondenatzen dituela salatu du

Negoziazio kolektiboa langileok dugun tresna garrantzitsuenetarikoa da, izan ere, honen bitartez soldatak eta lan baldintzak arautzen dira. Baina inposatu diguten lan erreformaren ondorioz, lan baldintzak negoziatzetik inposatzera eta adostasun kolektiboetatik harreman indibidualizatuetara pasatzea bilatzen ari dira. Egoera hauek guztiak kalte larriak ekartzen badizkiete langile guztiei, ondorio bikoitzak suposatzen dizkie bereziki sektore prekarioenei.  

Nola ez, sektore prekarioetaz mintzo bagara, egungo lan merkatu kapitalista patriarkalean iraunarazten den sexuaren araberako lan banaketaren ondorioz dauden hainbat sektore feminizatu aipatu behar ditugu (zerbitzu pribatuak, soziokomunitarioko sektorea, telemarketina, garbiketa…) bereziki kolpatuak izaten ari direla salatzeko.

Izan ere, prekarietatearen ondorioz sektore hauek dituzten berezko ezaugarriak direla eta (atomizazioa, ebentualitate tasa handiak, langile kopuru txikiko lantokiak non ordezkaritza sindikala izateko aukerarik ez duten…) zailagoa bilakatzen da lantokiz lantokiko borrokak aurrera eramatea eta patronalak lapurtu nahi dizkien lan eskubideak mantentzea. Ondorioz, langile hauentzat berebiziko garrantzia hartzen dute herrialdeetako hitzarmenek, gehienetan hauen bitartez soilik bermatu ditzaketelako sektore hauetan diharduten langile guztien lan-baldintzetan aurrera begirako urratsak ematen jarraitzea.

Baina inposaturiko negoziazio kolektiborako erreformak kontrako norabidean sakontzea du helburu. Ondorioz, langile hauen lan-baldintzak oraindik kaxkarragoak bilakatzen ari dira, lan berdina egiteagatik soldata baxuagoak jasotzen dituzte… modu honetan, milaka emakume pobrezia eta miseriara kondenatuz.

Hortaz, beste behin ere argi esan dezakegu, inposatzen ari diren neurri hauek guztiek, desoreka larriak birproduzitzen jarraitzen dutela emakume eta gizonen artean, eta egun lan merkatuan emakumeok pairatzen dugun diskriminazioan sakondu besterik ez dutela egiten.

Egora hau izanik, gaur bereziki Bizkaiko kontserberetako emakume langileak erreformaz geroztik bizitzen ari diren errealitatea azalarazi nahi dugu eta negoziazio kolektiboa sortzen ari den sarraskiaren aurpegiak ikustarazi.

Itsasoari eta arrantzari lotutako sektore hau historikoki emakumeen lanaren adierazle gordina izan da, gizonen lanaren osagarri bezala gaizki kontsideratua eta prekarietatea eta lan gogorra errekonozimendu ezarekin uztartzen dituena.

1000 langile inguru daude Bizkaian arrain kontserba eta gazituen sektorean lanean eta berauetatik %80 inguru emakumeak (kasu batzuetan %90era ere heltzen direlarik). Enpresa txiki eta familiarrek ere jarraitzen duten arren, gaur egun batez ere Campos edo Ortiz bezalako enpresa handiek kontrolatzen dituzte sektoreko erabakiak gehienbat.

Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko hitzarmenak 2003tik darama sinatu gabe, 2007an UGT eta CCOOek sinatutako eragin mugatuko hitzarmen bat sinatu zelarik. Beraz, 2003 edo 2007tik dituzte enpresek beraien lan-baldintzak berriztu gabe.

Enpresek urte guzti hauetan mozkinak izaten jarraitu duten arren, krisi garaian hala jarraitzen dute, negoziazio kolektiboaren erreformak eskaintzen dien malgutasuna aplikatu nahi dute konpetitiboagoak izango direla argudiatuz. Baina, Bizkaiko hitzarmenean beti izan dituzte estatalean baino lan baldintza hobeak eta horrek ez du eraginik izan Euskal Herriko arrain kontserba sektorearen konpetibitatean. Euskal kontserbak produktu espezializatu, kalitate handiko eta merkatuan errekonozituak badira, zergatik ez enpresa hauetako langileak?

Honen adierazle argia dugu Conservas Campos, pasa den urtean 3 milioi eurotik gorako irabaziak izan dituen enpresa, 2013ko uztailetik aurrera hitzarmen estataleko lan baldintzak aplikatzen hasi dela. Zallos, Serrats, Ortiz, Cusumano, Dentici… guztiek dituzte mozkinak eta etorkizuna.

Langileek aldiz, 700-800 euroko soldatak dituzte batez-besteko, kontuan izanik gehienetan aldizkariko kontratu finkoa dutela, ez dutela urte osoan lan egiten eta langabeziara bidaltzen dituzten garaiak daudela.

Krisiaren aitzakia medio, langile hauei oinarrizko eskubideak lapurtu nahi dizkiete, eta lapurtzen ari dira. Soldata baxuagoak ezartzeaz gain, lan orduak, baimenak, ezgaitasun arruntengatiko bajatan zituzten osagarriak… kendu nahi dizkiete (edo kentzen ari dira). Madrilen negoziatu zituzten lan-baldintzak ezartzen ari dira, lan baldintza hauek langileentzat askoz kaxkarragoak direlako eta Bizkaian, borrokaren ondorioz lortutako eskubideak kentzeak patronalaren mozkinak handituko lituzkelako.

Enpresa gehienek, oraingoz soldatak eta lanaldia mantentzen ari dira baina abendu arteko epea eman diete langileei eta jada kontratazio berrietan hitzarmen estatala aplikatzen ari dira. Hitzarmen estatala aplikatuz gero 2014rako langileek urtean ia 600 euro gutxiago irabaziko lukete eta enpresa batzuetan 8 ordu gehiago arte lan egin beharko lukete urtean.

Guzti hau epaitegietara eraman da Bizkaiko kontserberetako hitzarmenak ultraktibitatea duela salatuz eta beraz, herrialdean beste hitzarmen berri bat sinatu arte ezin dituztela hitzarmen estataleko lan baldintzak aplikatu argudiatuz. Zentzu honetan, aipatu behar dugu itxaropentsu gaudela Bizkaiko grafikagintzako sektorean hitzarmenaren ultraktibitatea onartzen den epaia irten delako.

Patronalak ez die langileei lan baldintza duinik bermatu nahi eta laneko prozesu eta medioak aurrerapenak izan dituzten arren, lan baldintzen gogortasunak langile hauen osasunean eragin negatiboa izaten jarraitzen du.

Bestalde ez dugu ulertzen, sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak duen utzikeria, ez baitu inolako ahaleginik egiten Bizkaiko hitzarmenaren alde borrokan jarduteko eta CCOO eta UGTk sinatu duten hitzarmen estatalean Bizkaiko negoziazio eremuari egindako betoa. Hitzarmen estatalean, sektore honetarako negoziazio eremu bakarrak estatala eta enpresakoa izango direla esaten duen klausula bat sinatu baitzuten.

Azkenik, langileei eta gainontzeko sindikatuei dei egiten diegu beraien eskubide eta hitzarmen probintzialaren alde borrokatu dezaten eta patronalari, eskubideen galera eta lan-baldintzen kaskartzea ekarriko ez dituen probintzia mailako negoziaketa exijitzen diogu.
  

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...