2025-04-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaNegoziatzeko borondatea exijitu diogu Osakidetzari gaurko mahai sektorialean

Negoziatzeko borondatea exijitu diogu Osakidetzari gaurko mahai sektorialean

Zortzi hilabete eta gero mahi sektoriala deitu gabe, gaur izan dugu bilera. Lehenengo eta behin, deialdiaren formak salatu behar ditugu, oso berandu jaso dugulako deialdia eta gai- ordena, ia prestatzeko denborarik gabe. Bestaldetik, gai-ordenaren lehenengo puntuan Osakidetzak jaso egin du negoziatzeko eskaintza. Aurrekoetan ere honelaxe egin du, baina iruzur hutsa izan da eta “negoziatzeko” gutxi eskaini digu. Izan ere, urte hauetan guztietan Osakidetzak negoziazio kolektiboaren eskubidea behin eta berriro urratu du eta inposaketaren bidetik jo. Gaur egun, bide beretik doa eta, adibidez, Urdulizko zenbait zerbitzu berriki pribatizatu egin ditu, langile eta sindikatuei inolako azalpenik eman gabe.

Guk negoziazio erreala aldarrikatzen dugu eta Osakidetzari oinarrizko 5 puntuko negoziazioa mahai gainean ipini genion aurreko legintzaldian. Bost puntu horiek berresten ditugu: 1. Lan baldintzen akordio berria, 2. Enplegu plana, 3.Kontratazio akordio berria, 4. Euskarari errespetua , eta 5. Pribatizaziorik ez. Bost puntu hauetan jasotzen dira urteotan ezarritako murrizketa, eskubide urraketa eta pribatizazio horiek guztietan atzera egiteko aukera.

Gaurko mahai sektorialean Osakidetzak egin duen negoziazio proposamenak gure eskaera batzuk jasotzen ditu, hala nola EPE berriak eta formatoa aldatu; kontratazio akordio berria edo lan-baldintzen akordioa berria. Baina ez du jasotzen euskararen gaia eta pribatizazioena ere (soilik aipatzen da martxan ipintzea “externalizazio” batzorde bat). Osakidetzari jakinarazi diogu guretzat pribatizazioen kontua marra gorria dela.

Gakoa da benetako negoziazio aurrera eramateko asmoa. Osakidetzako zuzendaritzak negoziatzeko borondatea badauka, LABek bertan hartuko du parte. Honela ez bada eta iruzur berri baten aurrean bagaude, urte hauetan bezala, LAB aurrean izango dute, osasun publikoa eta kalitatezko lan-baldintzak borrokatuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.