2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaNafarroan benetako transizio baten alde borrokan jarraitzen du LABek

Nafarroan benetako transizio baten alde borrokan jarraitzen du LABek


Nafarroak behar duen aldaketa lantokietan ere eman dadin urrats berriak iragarri ditugu gaur Iruñean. Mobilizazioan oinarritzen da gure borroka eta egoera aldatzeko gaitasuna ziurtatuko duen marko soziolaboral berri baten alde manifestazioa deitu dugu martxoaren 19rako "Aldaketa lantokietan. Por un marco laboral propio" lelopean. 

Agerraldian Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak eta Igor Arroyo, LABeko Nafarroako bozeramaleak hartu dute parte. Etxaidek Nafarroako egoeraren diagnostiko egin ostean, Nafar Gobernuak hartutako erabakiak egoeraren larritasunak eskatzen duen neurrikoak ez direla adierazi du. Sindikatua transizioan ekarpena egiteko konpromisoan berresten da eta hau horrela, lantokietan Nafar langileek behar duten aldaketaren alde mobilizatuko da. Egoera aldatzeko gaitasuna ziurtatuko duen marko soziolaboral berri bat behar dugu eta hori aldarrikatuko dugu martxoaren 19an, Iruñean, "Aldaketa lantokietan. Por un marco laboral propio" lelopean.

Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan sartzeko Nafarroako Gobernuaren proposamenaren aurrean, Etxaidek onartezina dela adierazi du, eta bestelako politikak egin nahi baditugu bere itxiera ezinbestekotzat jo du.

Arroyok Nafarroako Gobernuak Enplegu Zerbitzutako estatutoak berritzeko prozesuan parte hartzeko gonbitearen aurrean eta LABek eredu berri bat eraikitzeko aukerak badirela ikusirik, bertan parte hartuko duela esan du. Parte hartze baldintzatua izango  da, 2 urteko epearen ostean eta bide honek emandako emaitzak aztertu eta gero, bertan jarraitu edo ez erabakiko dugu.

Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusiaren interbentzioa
Orain egun gutxi atera dira aberastasunaren banaketaren inguruko datuak eta behin eta berriro salatzen ari garena agerian geratu da berriro ere. Munduan ez dago aberastasun faltarik, arazoa da ez dela banatzen, geroz eta pertsona gutxiagoen esku biltzen ari dela, eta batez ere, ez dela momentuko gauza baizik eta bizi dugun sistemaren helburua. krisia erabili dute joera hori indartzeko. Arazoa guztiz politikoa da eta ez da berez konponduko, erabaki politikoak hartu behar dira egoerari buelta emateko.

Honen atzean, baita Nafarroan ere, hiru arrazoi daude: ez daude langabeziaren kontrako benetako estrategiarik, lan erreformak lan mundua guztiz prekarizatu du langile pobreen errealitatea hedatuz eta prestazioak ez dira nahikoak jendea babesteko. Nafarroan hiru arazo hauek egon dira egoera hau aldatzeko zegoen dirua patronala eta sindikatu españolak finantziatzeko erabili diren bitartean.

Bere burua “aldaketaren gobernua” bezala aurkezten duen gobernuak honi lehentasuna eman behar dio derrigorrez. Hori da LABen abiapuntua gobernu berriak eremu soziolaboralari begira hartzen dituen erabakiak baloratzeko eta horrela egin dugu. Hau da gure balorazioa:

• Egoerari buelta emateko aurkeztu duten ibilbide proposamenak jasotzen ditu egoera aldatzeko beharrezkoak diren gauzak. Baina hauetan hartzen dituzten erabakiak ez dira inondik inora behar diren neurrikoak. Egoerak eskatzen duen neurrikoak. Larrialdi egoera batean gaude, eta hori izan behar du erabakien norabidea eta neurria markatzen duena.

• Gobernua orekak egiten ari da Nafarroako elite ekonomikoari irensgarri egingo zaion aldaketa prozesuan asmatzeko. Eta arriskua da oreka horietan itotzea Nafarroan behar diren aldaketak. Hori ikusi dugu Patronalaren neurrira egindako erreforma fiskalean.

• Erregimen soziolaborala aldatzeko bidean erabakiak ikusi ditugu. Urteetan sindikatu abertzaleoak pairatu dugun bazterketa gainditzeko urratsak eman ditu; eta CCOO-UGT eta CENen pribilegio guztiak atzean uzteko erabakiak mugatuak dira. Urratsak dira, baina konbeni guztiak kendu behar dira eta konpromiso zehatzak ikusi nahi ditugu horretan.

• Azkenik, egoera soziolaborala aldatuko da helburu hori duten politika publikoak egiten badira, sektore publikoaren esku hartzea indartzen bada urteetan euren interesak nagusitu dituzten esku pribatuen gainetik. Eredu soziolaboral berria behar dugu, desberdina. Eta horren aldeko apustua erabaki politikoetan ikusi nahi dugu, baita erabakitzeko gaitasunaren defentsan ere. Ezin da esan gauzak aldatuko direla lanaren inguruko erabaki guztiak Madrilen hartzea ontzat emanez.

Guzti honen adibiderik garbiena ELKARRIZKETA SOZIALArena da. Onartezina iruditzen zaigu Gobernuak egin duen proposamena, alegia, Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan LAB eta ELA sartzea eta kitto.

• Dialogo soziala izan da erregimen zaharraren sukaldea. Eta arazoa ez da konpontzen ELA eta LAB sukalde horretan sartuz. Arazoa da sukalde hori itxi egin behar dela bestelako politikak egosteko eta egin ahal izateko.

– Sukalde hori mantentzea praktikan da CCOO-UGT-CENeri ematea egin behar diren aldaketak mugatzeko eta euren aldera moldatzeko aukera.

• Eta azkenik, hartzen duten formula okerra zela jakinda hautatu dute. Badakite hartu duten bideak ez duela ibilbiderik gurekin, horrela adierazi genielako hasieratik. Beraz kontua ez da egoera berri bat sortzeko formula asmatu ez dutela, formula berri emankorrak bilatzeari uko egin diotela baizik.

•  Arrazoi hauengatik, LABek ez du parte hartuko Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan.

Honen guztiaren aurrean gure jarrera honako hau izango da:

1. LABek trantsizioan ekarpena egiteko konpromisoa berresten dugu, beti ere eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde borrokatzen dugun neurrian. Prozesu honetan gure parte hartzea gobernuak hartzen dituen erabakien arabera eta eskaintzen dituen bideak aztertuz erabakiko ditugu.

2. Aldaketak lortzeko mobilizatzen jarraitzea derrigorrezkoa da. Guretzat hor dago giltza, hor dago politikak behingoz herritarren aldera desorekatzeko aukera. Gauzak ez dira aldatuko gobernu jakin bat dagoelako, gauzak aldatuko dira elite ekonomikoaren kontra borrokatzen dugun neurrian.
Borroka hori lantokietan egin behar da, kalean egin behar da eta borroka hori egiteko benetako aukerak ematen dituen instituzioetan egingo dugu.

3. Datozen hilabeteko LABen plangintzak hiru borroka esparruak jasotzen ditu:

• Lantokiz lantoki jarraituko dugu egoera aldatzeko neurriak daudela aldarrikatzen eta hauen alde indarrak batzen. gaurko topea gainditzeko berritu dugu ekintza sindikala eta bide horretan aurrera goaz, prekarietatearen kontra, enpleguaren eta soldaten defentsan, 1200 euroko soldata minimoa eta 35 orduak exijituz, baita emakumeentzat ere.

• MOBILIZAZIOAK JARRAITUKO DU GURE ARDATZA IZATEN. Mobilizatu egingo gera egoera aldatzeko gaitasuna ziurtatuko duen marko soziolaboral berri baten alde. Arazoa politikoa da, botere ekonomikoak erabakitzen duen bitartean gauzak aldatzea ezinezkoa da. Ez da langilen kontua, nafarroko instituzioek bere egin behar dute marko soziolaboral berria eraikitzeko ardura politikoa. Martxoaren 19an manifestazio handia egingo dugu, “Aldaketa lantokietara. Lan esparru propioaren alde” lelopean. LABeko kide eta lagun guztiei deitzen diegu mobilizazio honen alde lanean hastera. Eta ildo horretan, lehen hitzordua otsailaren 5ean izango dugu, enpleguari buruzko osoko bilkura dela eta kontzentrazioa egingo baitu LABek Parlamentuaren aurrean.

• Eta instituzioetan borrokatu dugu ere. Labek Nafarroako Enplegu Zerbitzuan parte hartuko du. Lehenengo aldiz. Parte hartzea mugatua eta baldintzatua izango da. Igorrek azalduko duen bezala. Gobernuak lan harreman eta babes sozial eredu berri baten alde harutako konpromiso eta erabaki politikoen arabera, erabakiko dugu parte hartzearekin jarraitu edo ez.

Igor Arroyo, Nafarroako bozeramailea
Nafarroako Gobernuak Enplegu Zerbitzuko estatutuak berritzeko prozesua jarri zuen martxan urrian. UGT, CCOO, ELA, LAB, CEN eta CEPESekin alde bikoak egin ostean, Gobernuak estatutuei begirako proposamen zehatzak egitea eskatu zigun.

LABek honako ekarpen zehatz hauek egin eta defendatu ditu:

Sindikatuen parte hartzea. Estatutu berrien arabera, %10 gainditzen duten sindikatuek parte hartu ahal izango dute Kontseiluan. Horrez gain, kopuru horretara heltzen ez diren sindikatuen informazio eta parte hartzerako bideak irekitzea eskatu du LABek. Ideia hau ez da jaso espreski estatutuetan, baina inork ez du kontrakorik argudiatu, beraz posible izango delakoan gaude.

2000/78/CE Europako Zuzentarauari erreferentzia. Enpleguan aukera berdintasuna bermatu behar dela dio Zuzentarau honek, Nafarroako enpresa askotan genero, afiliazio sindikal, jatorri edota beste edozein arrazoiengatik ematen den diskriminazioarekin amaituz.

Hezkuntza Sailaren parte hartzea. LABentzat lanbide heziketako ikastetxeak funtsezkoak dira prestakuntzarako sare publiko bat eraikitzeari begira. Horregatik, Hezkuntza Sailak Enplegu Zerbitzuan parte hartzea proposatu zuen. Onartu egin da.

Sare publikoa, funtsezko ardatz. Orain arteko eredu pribatizatuaren aurrean, sare publikoan oinarritutako eredua proposatu genuen. Onartu da.

Nafarroako aurrekontuetako dirua, sare publikora. Enplegu Zerbitzuak kotizazioekin osatutako estatu mailako prestakuntza funtsekin, Europa mailakoekin nahiz Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantziatzen da. Nafarroako Gobernuaren funtsak osoki sare publikora bideratzea proposatu genuen. Ez da onartu.

Gobernuak estatutu berriak onartu ostean, LABen jarrera zehazteko kontsulta egin dugu enpresetan eta gehiengo zabala parte hartze baldintzatuaren alde azaldu da.

Eredu berri bat eraikitzeko aukerak daudela aintzat hartuta, baina Gobernuari txeke txuririk eman gabe, 2 urterako parte hartze epea finkatu dugu. 2017ko abenduan balantze bat egin eta jarraitu edo ez erabakiko dugu, honako hauen arabera:

• Nafarroako enplegu zerbitzuaren baitan, prestakuntza publikoaren aldeko apustua indartzen jarraituko dugu. Gure helburuak: 2017ko abendurako, sindikatu nahiz patronalarekiko hitzarmenak bertan behera utzi; eta sare publikoa %50era iristea (2015ean %23, 2016ko aurrekontu aurreproiektuan %27).

• Enplegu duina bermatuko duen lan harreman eredu berri bat lortzeko ekimenak sustatuko ditugu. Eta Nafarroako Gobernuaren erabaki eta iniziatibak, edo iniaziatibarik eza, baloratuko ditugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...