2024-12-22
HomeEkintza SindikalaNafarroako Ostalaritzan greba eginen dugu uztailaren 1ean eta 7an patronalak ez badu...

Nafarroako Ostalaritzan greba eginen dugu uztailaren 1ean eta 7an patronalak ez badu soldata duinak ziurtatuko dituen hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen

Nafarroa Garaiko Ostalaritzako LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuek grebara deitu dituzte sektoreko 20.000 langileak, uztailaren 1erako eta 7rako (San Fermin eguna da), eta mobilizazioak eginen dituzte Iruñean maiatzeko ortzegun guztietan, maiatzaren 11n hasita. Hala, patronalak bi hilabete ditu egoera irauli eta 2021eko abenduaren 31n iraungi zen hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko.

Asko dira Ostalaritzaren sektorea duintzeko hobetu beharreko gaiak. Hala ere, hitzarmena 2021eko abenduaren 31n bukatu eta ia urte eta erdi igaro den arren, patronala ez dago sindikatuen aldarrikapenak onartzeko prest, horrela negoziazioa blokeatuz.

Patronalak egin duen proposamen eskasaren aurrean, lau sindikatuok 2022, 2023 eta 2024rako indarrean egonen den hitzarmen berri bat defendatzen dugu, soldata-igoerak eta berrikuspen-klausulak barne hartuko dituena, hitzarmenaren indarraldian erosteko ahalmena bermatzeko.

Zalantzarik gabe, Ostalaritza da pandemian murrizketen ondorioz gehien sufritu duen sektoreetako bat, baina, aldi berean, gogorarazi behar dugu egoera zail hori gainditu ahal izateko laguntza ekonomiko publikoak jaso dituen sektoreetako bat izan dela. Horregatik, gure ustez, pandemia eta horren ondorioak ezin dira orain patronalaren aitzakia izan soldatak igotzea ez onartzeko. Patronalak ezin du ahaztu 2022ko urtarrilaren 1erako hitzartuta zegoen % 2ko soldata-igoera atzeratu egin zela, urte horretako azaroan izan ziren murrizketak amaitu arte.

Orain enpresei dagokie sektoreko langileok izan zuten erantzukizun berdinarekin jokatzea. Jasaten ari garen inflazio handiaren aurrean, funtsezkoa da langileen erosteko ahalmena bermatzea, bai eta ordutegiak eta egutegiak direla-eta hain zaila den sektore honen lan-baldintzak hobetzea ere.

Ildo horretan, gogora ekarri behar dira Ostalaritzako enpresariek sektorean lan egiteko prest dauden pertsonak aurkitzeko duten zailtasunari buruz komunikabideetan maiz agertzen diren albisteak. Hori horrela bada, patronalak orain bere esku du egoera hori aldatzeko aukera, profesionalak erakarriko dituen hitzarmen erakargarri batekin. Eta hori guztia, zalantzarik gabe, soldata eta lan-baldintza duinak bermatzea da, ostalaritzan aritzen diren pertsonen profesionaltasuna aitortuko dutenak.

Patronala arduratsua eta bidezkoa izateko eta langileen ahalegina aitortzeko aurrerapausoa emateko unea da. Nafarroa bere gastronomiagatik, tabernengatik eta jatetxeengatik ezagutzen da kanpoan, eta ezin da ahaztu sektoreko langileen lanari eta lan onari esker ere badela.

Badakigu egungo egoera ekonomikoa, prezioen igoera handiarekin, ez dela erraza izaten ari inorentzat, baina ostalaritza-establezimenduak bete-betean ari dira lanean. Ikusten dugu jatetxeek, hotelek eta terrazek ohiko jarduera maila berreskuratu dutela, adierazle guztiek erakusten duten bezala pandemia atzean utzi dugunetik; aldiz, langileoi ukatzen ari zaigu gure lan eta soldata baldintzak hobetzea. Sindikatuok ez gaude prest sektoreko langileen baldintzak hobetzeari uko egiteko, eta gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu sektorea duintzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...