2025-03-22
HomeIndustriaMetalgintzaNafarroako metalgintzako patronalak lan erreformaren aldeko apustuan berresten dira

Nafarroako metalgintzako patronalak lan erreformaren aldeko apustuan berresten dira

Nafarroako metalgintzako patronalak, handiak zein txikiak, ez ditu bere asmoak ezkutatzen. Beraiek, euren proposamenetan dioten bezala: "1.- Soldaten geldotzea, 2.- Lanaldiaren igoera (8 ordu), 3. -Malgutasun gehiago".

Patronal honentzat, egungo metalgintzako hitzarmena enpresen lehiakortasunerako oztopo bat da. Hau da, egungo hitzarmena arazo bat da. Zaragoza, Soria edota Errioxarekin alderatuta, garestiagoak omen gara. Hauekin berdintzeko bidean urratsak emateko garaia iritsi dela uste dute. Halako diagnostikoa eginda, konponbidea erraza da: enpresen lehiakortasuna langileen prekarizaziotik etorriko da, azken batean, langileen kontura. Eta LABek bere buruari galdetzen dio: Alemaniak, edota Suediak, Austriak, Dinamarkak, Noruegak, eta abar luze batek, guk baino soldata altuagoak dauzkate, norbaitek zalantzan jartzen al du herrialde horien metalgintzako enpresak lehiakorrak direnik? Inork ez. Beno bai, Nafarroako metalgintzako patronalak. Eta hori da gure zoritxarra, halako patronalarekin holako proposamenak. Gehiago lan egin eta gutxiago irabazi. Horretarako, KPIrekiko inolako loturarik ez duten soldata igoera ziztrinak eskaintzen dizkigute, 8 orduko lanaldiaren igoera, antzinatasunaren ezabaketa, behin-behineko ezintasunagatiko osagarriak kentzea…

Hau guztia lortu ahal izateko, lan erreformaren aldeko apustuan berresten dira, enpresetan hitzarmena ez betetzeko prozedurak erraztuz. Halaber, Nafarroako patronalarentzat Estatu mailako akordioak lehentasuna dauka, soilik Nafarroan negoziatu daitekeelako han negoziatzen ez dena. Hau da, nahiago dute Nafarroan negoziatu baino, Madrilen negoziatzea, ziur asko honelaxe merkeago aterako zaiela jakin dakitelako.

Aipamen berezia merezi du kontratazio berrientzat sortu nahi duten peoi kategoria berriak. Hau gauzatuz gero, langile berriek 5 urtez 3.000 € gutxiago kobratuko lukete oraingo langileekin alderatuta, lan berbera egin arren. Kalitatezko enplegua suntsitu eta, bere ordez, zabor enplegua sustatu nahi dute.

Laburbilduz, Nafarroako metalgintzako patronalek aurkeztu dizkiguten plataformek langabezia, desberdintasuna eta prekarietate gehiago baino ez dituzte ekarriko, hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoagoa denean enpleguaren alde eta aberastasuna era justuan banatzeko neurriak hartzea. Hau guztia, gutxi batzuen dibidendoak handitzeko eta esku bakar batzutan jartzeko denok sortzen dugun aberastasuna. Patronalaren diru-goseak ez dauka mugarik. Onartezina da.

LABen iritziz, planteamendu hauek erabat onartezinak dira, basakeria hutsa. LABek, egoera hau saihesteko asmoz, bere esku dagoen guztia egiteko konpromiso irmoa adierazi nahi du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.