2024-12-27
HomeEkintza SindikalaNafarroako laneko ezbehar tasa altu eta hilgarriaren arduradun politiko eta enpresarialen zinismoa...

Nafarroako laneko ezbehar tasa altu eta hilgarriaren arduradun politiko eta enpresarialen zinismoa salatu dugu, eta mutualitateen publifikazioa exijitu

Elkarretaratzea egin du gaur goizean Gorraitzen (Nafarroa), foru komunitatean dagoen laneko istripu tasa altu eta hilgarriaren arduradun politiko eta enpresarialen zinismoa salatzeko. Izan ere, egunotan, “Enpresa Osasungarrien Biltzarra” egiten ari dira Gorraizko hotel batean Nafarroako Gobernua eta zenbait mutualitate, eta paradoxikoa iruditzen zaigu hori, Espainiako estatuko erkidegoen artean Nafarroa baita lan istripu tasarik altuena duen bigarrena. Horrekin, lotuta mutualitateen publifikazioa exijitu dugu.

Nafarroako lehendakari Maria Txibitek, Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Elma Saizek, CEN patronaleko lehendakari Manuel Piquerrek, Espainiako Lan ministro Yolanda Diazek eta Nafarroako Enplegu kontseilari Carmen Maeztuk hartuko dute parte, besteak beste, aipaturiko biltzarrean. Hau da, Nafarroan ematen den istripu tasa izugarriaren arduradun politiko eta enpresarialak.

Ezaguna da Nafarroako Gobernuak, espainiar Gobernuaren eskutik, lan osasuneko araudiaren inplementazioa “boluntarismoan” oinarritzen diren politiken bidez egin nahi dituela. Urteak joan, urteak etorri, gomendioak eta kanpaina boluntarioak baino ez dituzte martxan jartzen, Nafarroaren lan istripuen tasen lidergoa sendotuz. Ildo horretan, salatu behar da horretarako gobernuek CEN patronalaren eta UGT-CCOO sindikatuen finantziazioa erabiltzen duela bake soziala erosteko asmoz, “prebentzioko lurralde-ordezkaria” (400.000 euro) bezalako tresnak tarteko. Horregatik, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak Enplegu planaren harira lan osasunaren inguruko eztabaida Nafarroako Osasun Kontseilutik Elkarrizketa Sozialaren Kontseilura eraman du.

‣ Nafarroan azken 10 urteetan 150 langile hil dira lan istripuz. 12 langile hil ziren 2023an. Eta 2024an dagoeneko 7 dira langile hildakoak.

‣ 2023an 26.000 istripu traumatiko aitortu ziren.

‣ Laneko gaixotasunak ez dituzte hein handi batean aitortzen.

‣ Afekzio psikologikoak ez dituzte sekula onartzen laneko kontingentzia bezala.

Egoera latz hori ikusita, behingoz utzi behar zaio urtero aholkularitza plan hutsalak aurkezteari, behingoz utzi behar zaio CEN patronala eta sindikatu jakin batzuk finantziatzeari, behingoz utzi behar zaio araudiaren betearazpena bermatzeko bitartekoei uko egiteari.

Zer gertatuko litzateke Nafarroan, langileek arauak ez betetzeagatik, urtero 12 enpresari hilko balira? Nola erreakzionatuko lukete Nafarroako Gobernuak eta CEN patronalak? Alderatze hori gogorra bezain errealista da.

Nafarroan, soilik, 10 ikuskatzaile daude une honetan patronalari lan osasunaren araudia betearazteko. Hori hala izanik, gobernuek mezu argi bat igortzen diote CENeko enpresariei: «Zuek ez bete araudia, guk ez baitzaituztegu isunduko». Eta bitartean, langile klaseak jartzen ditu hildakoak.

Mutualitateak publifikatu egin behar dira.

Bada beste gai bat Gorraitzen batzartu direnek esku artean darabiltena, mutualitateei botere gehiago eskaintzearena, hain zuzen ere.

Nola liteke enpresek eragindako gaitz eta istripuen kontingentziak mutualitateak diren enpresa elkarteek kudeatzea? Enpresek langileak gaixotu edo zauritu, eta enpresek erabaki langileen osasunaren gainean. Injustiziaren puntu gorena da hori, iruzurraren adibiderik larriena. Enpresariek automatikoki ukatzen baitituzte beti beraiek eragindako kalteak. Nola liteke arazo psikiko kasu bakar bat ere ez onartzea kontingentzia profesional bezala lan mundu prekarizatu honetan? Are gehiago 2019tik osasun mentalak eragindako laneko bajak %50 igo direnean Nafarroan azterketa baten arabera? Nork kontrolatzen ditu mutualitateak?

Manuel Piquer CENeko enpresarien presidente berriak, kargu berriaz jabetzean «absentismo mailek gainezka» egiten dutela salatu zuen. Adierazpen eta betiko mantra horrekin mutualitateei botere gehiago eman nahi diote absentismoaren aitzakiapean, nahiz eta jakin baitakite lan osasunaren araudia betearazi behar dutela absentismoa murrizteko.

LABetik gobernuei patronalarekiko jarrera zurrunagoa eskatzen diegu, lan osasunaren araudia betearaziko duen inspekzio sendo eta propio batekin, eskuduntza guztiekin, nahikoa ikuskatzaile izango dituena eta behingoz araudia betearazteko erabaki politikoa hartuko duena.

LABen mutualitateen publifikazioa exijitzen dugu. Mutualitateen ondasunak Gizarte Segurantzara igarotzea. Mutualitateen finantzatzeko ekarpenak Gizarte Segurantzara igarotzea. Horrela, erakunde publikoak ikuskatu eta zainduko ditu langileak, enpresei kudeaketa hori kenduz. Azken hamarkadetan mutualitateek izan dute jokabidea aintzat hartuta ez baitago beste aukerarik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.