2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran subiranotasuna, ekonomiaren kontrol publikoa eta pertsonen...

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran subiranotasuna, ekonomiaren kontrol publikoa eta pertsonen mugikortasun librea eskatu ditugu, lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko

Gaur Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala batzartu da, Nafarroako egoera ekonomiko eta soziala eta hartan Ukrainako gerrak izan duen eragina aztertzeko. LAB sindikatuak bere ekarpenak helarazi dizkio Nafarroa Garaiko lehendakariari eta eskatu dio Espainiako Gobernuari jarraipena alde batera uzteko eta politika propioak garatzeko. Haien artean: “gerrari ez” konpromisoa; esku-hartze publikoa ekonomian, oinarrizko zerbitzuen prezioak eta erosteko ahalmena kontrolatzeko; eta pertsonen mugikortasun librea bermatzea, langileentzako lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzeko.

Joan den larunbatean 36 urte bete ziren Nafarroak NATO-ri ezezkoa eman zionetik. Orduko hartan, nafarren %52,7k bertan jarraitzearen aurka bozkatu zuen. LABen aburuz, “ez” hori “gerrari ez”-aren sinonimoa da, egungo bakerako giltza da. Herrien arteko elkartasunaren logikan eraikiko diren nazioarteko harremanak aldarrikatzeko etorkizuneko aukera da. Nafarroako herritarrek adierazitako borondate horrekin bat, Ukrainaren inbasio errusiarra irmoki salatzen dugu, eta Ukrainako lurraldetik berehala ateratzea eta eraso militarrak bertan behera uztea eskatzen dugu. Ukrainako langile-klasearekin ere bat egiten dugu.

Gerraren eta haren ondorioen aurka gaude. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu mezu eta praktika belizistetatik aldentzeko, eta Espainiako Gobernuak Ukrainara armak bidaltzea gaitzesten dugu, baita gerrako jauntxoak zigortu ordez herrialde askotako langile-klaseak zigortzen dituzten zehapenak gaitzetsi ere. Diplomazia ausarta eta errealista behar da nazioarteko akordio berriak bilatzeko, akordio horiek betearaziko dituena eta eskualdean egonkortasun aldi bat irekiko duena.

Aurten, Foru Hobekuntzak 40 urte bete ditu. Orduan, markatutako gutunekin jokatu zuten, iruzur eta gabezia demokratiko argian Nafarroako herritarrei erreferendumean haren onespena adierazteko eskubidea kendu baitzieten. Hori erraten dugu lehenik pandemiak eta gero gerrak erakutsi dutelako beharrezkoa dela Nafarroak autogobernu handiagoa izatea, subiranotasuna izatea erakunde, ekonomia eta gizarte arloetan bere erabakiak eta politikak hartu ahal izateko.

LABek egungo eredutik eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa aldarrikatzen du. Hamaika proposamen egin ditu norabide horretan; baina, tamalez, ez du batere erantzunik lortu. Akordioak egin behar dira langile-klasearen, gehiengo sozialaren, lana eta bizitza zentroan jartzeko.

NBEk hiru milioira igo ditu Ukrainako errefuxiatuak. 2021ean, 2.026 migratzaile hil edo desagertu ziren Mediterraneoko uretan, Europarako bidean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera. Eta, urrutira joan gabe, iragan larunbatean pertsona bat desagertu zen Bidasoa ibaia igeri egiten zehartzakatzen saiatzen ari zela; laugarren hildakoa izanen litzateke urtebete baino gutxiagoan. Langileen mugikortasun librea ahalbidetuko duten migrazio-politikak garatzeko gaitasuna aldarrikatzen du LABek, bai eta harrera-politika eskuzabala eta burujabea ere, inklusiboa izanen dena. Pertsonen mugikortasun librea bermatzea, oinarrizko eskubideaz gain, munduko langileen bizi baldintza duinak bermatzeko bidea da.

Bertzalde, oinarrizko zerbitzuen prezioak, hala nola gasa, erregaia edo elektrizitatea, izugarri igo dira. Hori dela eta, Europako Batasuneko atzerri eta segurtasun politika erkideko goi-ordezkariak, Josep Borrel kezkagarriak, norbanakoaren erantzukizuna eskatzen du, eta etxeko berogailua jaisteko eskatzen digu, gasaren kontsumoa murrizteko. Ana Botín ikaragarri aberatsak, berriz, kontatu digu etxeko berogailua 17 gradutara jaitsi duela, gainerako gizartea horretara bultzatzeko. Azkenik, CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek soldatari eustea proposatu dute. Hala ere, jarrera horien hipokresiaren adibide bat jartzearren, Iberdrolako enpresaburu lehendakari Ignacio Galánek 30.000 euro irabazi zituen egunean 2021ean.

Haiek gure bizitza eta lan baldintzak mugatzea proposatzen diguten bitartean, LAB sindikatuak egungo logika gainditzea eta Nafarroako gizarte gehiengoarentzat lan eta bizitza duinak ahalbidetzea proposatzen du. Ekonomiaren jarduera estrategikoetan eta oinarrizko zerbitzuetan kontrol publikoa eta soziala bermatzea proposatzen dugu, bai erregulazioaren bidez, bai jabetzaren bidez, prezioak espekulazioaren aurrean kontrolatzeko. Era berean, soldatei eustearen aurrean aberastasuna banatzea proposatzen dugu. Hau da, bidezko erreforma fiskala (kapitalaren errentei %1 eta %10 arteko errekargua; Sozietateen gaineko Zergaren kenkariak kentzea eta %35eko tasa nominala; PFEZn kapitalaren errentei laneko errentei ematen zaien tratamendu bera ematea eta gehienezko tasa %60ra igotzea) eta Nafarroako langileen erosteko ahalmena bermatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...