2025-04-16
HomeEkintza SindikalaNafarroako irakasleon eskakizunei muzin egiteari uzteko exijitzen diogu Hezkuntza Departamentuari

Nafarroako irakasleon eskakizunei muzin egiteari uzteko exijitzen diogu Hezkuntza Departamentuari

Hezkuntzako Negoziazio Mahai Sektorialeko sindikatu guztiok Hezkuntza kontseilariari eta Nafarroako Gobernuari hurrengo galdera luzatzen diegu: zer nahi dute, 24/25 ikasturtea benetako negoziazioekin hasi, hau da, irakasleen aldarrikapenei erantzunez, ala ikasturte gatazkatsua?

23/24 ikasturtean, sindikatuok negoziatzeko prest agertu gara eta hezkuntza publikoko irakasleentzat hobekuntzak lortzen saiatu gara. Ikasturte hasieratik planteatutako aldarrikapenak lortzeko lantaldeetan aritu gara, baina ez da gutxieneko aldaketarik ere gertatu.
Ikasturte bukaeran, egiaztatzen dugu irakasleek hasieran salatzen genituen arazo berberak ditugula: lan gainzama, gehiegizko ratioak, erosahalmenaren galera eta plantillen ezegonkortasuna. Jakina denez, gai horiek guztiek eragina dute Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren kalitatean.

Horregatik, kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak gure eskaerei benetako prestutasunez erantzutea nahi dugu, akordioak lortzeko eta horiek finantzatzeko konpromiso irmoarekin. Aipatutako arazoak Parlamentuko taldeei ere helarazi zaizkie eta horiek bat egin dute irakasleek dituzten arazoei aurre egiteko eta irtenbideak negoziatzeko beharrarekin.

Hezkuntza Departamentuarekin egindako bilera guztietan erantzun bera jaso dugu sindikatuok: irakasleen eskaerei heltzeko aurrekonturik ez dagoela. Irailean 2025erako Nafarroako aurrekontuaren osaera abian jarriko denez, ekiteko unea dela uste dugu eta Gobernuak lehentasuntzat har ditzala hezkuntza publikoko irakasleak. Kontu hau nahitaez aurrekontu partidetan islatu behar da, eta Gobernuak dauka horren ardura.

Ildo horretan, iragartzen dugu irailean irakasleen ordezkariak garen sindikatu guztiak mobilizazioekin hasiko garela. Nafarroako datorren urteko aurrekontuetan irakasleen aldarrikapenei erantzuteko partidak eskatuko ditugu. Badakigu arazo guztiei aldi berean irtenbidea ematea ezinezkoa dela, baina hori bideratuko duen egutegi bat osa daiteke.

Ikasturte hasieran mobilizazioak ugarituko dira eta sindikatu guztiok bat eginik greba egun baterako deitzen dugu, irailaren 26an hezkuntza sistema publikoa geldituko dugu. Espero dugu kontseilaria eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea, eta aintzat hartzea Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleen eskaerak

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.