2024-11-15
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaNafarroako Hezkuntza Departamentua premiatu dugu ituna ahalbidetuko duen bilera behingoz egin dezan

Nafarroako Hezkuntza Departamentua premiatu dugu ituna ahalbidetuko duen bilera behingoz egin dezan

Hezkuntza Departamentua arlo horretako itunaren negoziazioarekin izaten ari den jarrera salatu nahi du LABek, batez ere ikusita nola ari den etengabean atzeratzen aipatu akordio horren sinadura. Eta horregatik, itunari buruzko akordioa ahalbidetuko duen mahai sektorialaren larrialdizko bilera egitea galdatu dio Departamentuari.

Azken bi urte hauetan bilera ugari izan ditugu hezkuntza itunaren inguruan. Azken hilabeteak gogorrak izan dira, blokeo egoerak eta negoziazioak bertan behera uzteko alde bakarreko erabakiak barne. LABek tarte horretan guztian batez ere arduraz jokatzeko hautua izan du oinarri, hezkuntza komunitatera ere aldaketa behingoz irits dadin. Negoziazioetan egingarriak eta etorkizun hobea ahalbidetzen diguten neurriak zehaztu ditugu. Horren froga da itunaren azken zirriborroan sindikatu honek proposatutako neurri guztiak kontuan hartu direla.

Horrexegatik, orain arte agertutako arduragatik, LABek larrialdizko deia egin nahi dio Hezkuntza Departamentuari, behingoz bideratu dezala itunaren akordioa eta has dadila bere neurriak eta hobekuntzak abian jartzen datorren ikasturtearen lehen egunetik. Murrizketen ondorioak horren luzez pairatzen egon eta gero, hezkuntza komunitateari zor zaion gutxienekoa dela iruditzen zaigu. Beraz, itunari buruzko akordioa ahalbidetuko duen mahai sektorialaren larrialdizko bilera egitea galdatzen diogu Hezkuntza Departamentuari. Denbora asko daramagu kontu hau bideratzeko esfortzu handia egiten eta garai berri bati ekitea premiazkoa dela deritzogu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.

Larunbatean hildako langilearen heriotza salatu dugu Bilbon, istripua izan zuen lekuan

Azaroaren 9an, 55 urteko G.V.M. langile autonomoa hil zen Bilboko Plaza Zirkularrean, kristalak garbitzen ari zenean 3 metroko altueratik erori ondoren. Gaur, mobilizazioa egin dugu bertan LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok, patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela ozen salatzeko.