2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Gobernuari eskatu diogu ez dezala medikuen esklusibotasuna kendu, eta ikuskapen orokor...

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu ez dezala medikuen esklusibotasuna kendu, eta ikuskapen orokor eta sakona egin dezala praktika txarrak desagerrarazteko

Esklusibotasun osagarria kobratu arren klinika pribatu batean ere lan egiten duen osasun publikoko profesional baten lehenbiziko kasu monitorizatua izan daitekeena argitaratu dute gaur Gara eta Diario de Noticias egunkariek. Horren harira, LABek agerraldia egin du Iruñeko bere egoitzan esplikatzeko sindikatu honek berak egin duen salaketa eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko ikuskapen orokor eta sakona egin dezala, balizko iruzur normalizatu baten aitzinean egon baikaitezke.

Bertze askoren lehen iruzurra izan daitekeela ikusita, LABek foru Gobernuari eskatu dio atzera egin dezala esklusibotasuna kentzeko asmotan, eta ekin diezaiola zerbitzu publikoak indartzeari eta langile publiko guztien lan-baldintzak hobetzeari. Sindikatu honek Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren esku jarri du osasun publikoko profesional batek esklusibotasun osagarria kobratzen duen arren (800-1.100 €) klinika pribatuetako jarduera profesionala bateragarri egiten duela frogatzen duen lehen kasua izan daitekeenaren dokumentazioa.

LABen iritziz, kasuaren ezaugarriak iruzurra orokorra eta normalizatua izan daitekeen adierazle dira: horrela bakarrik uler daiteke esklusibotasun osagarri bat kobratzen duen profesional batek, inolako lotsarik gabe, Interneten iragartzea klinika pribatuetako bere zerbitzuak eta berarekin kontsulta lotu ahal izatea ondorioen beldurrik gabe.

LAB sindikatuak inpunitate sentimendu horretan jarri nahi du arreta, ohartarazteko hitz egiten ari garela Nafarroako Sindikatu Medikoak (SMN) ordezkatzen dituen zenbait profesional medikok eta foru administrazioak berak onartzen duten jokatzeko modu baten inguruan. Santos Indurain Osasun kontseilariak Parlamentuari jakinarazi zion esklusibotasuna kentzeak 41 profesionali eraginen ziela Nafarroan, guztizkoaren %2ri bakarrik. Hala ere, sindikatu korporatibista, neoliberal eta eskuindar honek esklusibotasunaren gaiari eman dion zentralitatea ikusita, pentsa daiteke sindikatu medikoak segurtasun juridikoa eman nahi diola indarrean dagoen legeriatik kanpo dagoen ohiko praktika bati. Esklusibotasuna kendu nahi du, baina esklusibotasun osagarria mantendu; hau da, kobratzen jarraitu, nahiz eta esklusibotausna ez praktikatu.

Gertaera hauen larritasuna ikusita, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio luzamendutan ibili gabe ikuskapen orokor eta sakona egin dezala, halako kasu kopuru zehatza argitzeko, diru eta zerbitzu publikoaren kontura praktika txarra den ala ez zehazteko, eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko.

Agerian gelditu da SMNren helburu erreal bakarra dela berezko interes ekonomikoak asetzea eta osasun negozio pribatuak bultzatzea, osasun publikoa hobetzeko beharraren gainetik, Osasunbideko langile guztien baldintzak eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko beharraren gainetik.

Horrenbertzez, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio sindikatu medikoarekin duen negoziazioa berehala eta behin betiko uzteko, ezarritako negoziazio esparruetara itzul dadila, ez dezala esklusibotasuna kendu eta zerbitzu publikoak indartzeari, langile publiko guztien lan baldintzak hobetzeari eta Nafarroako gizarte osoari arreta duina bermatzeari ekin diezaiola.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...