2025-04-23
HomeEkintza PolitikoaNafarroako Gobernuaren izendapenen inguruko LABek balorazioa

Nafarroako Gobernuaren izendapenen inguruko LABek balorazioa

Kontseilari nahiz Zuzendari Orokorrak hautatzeko Gobernuak ezarritako profilarekin ez dator bat LAB. Nafarroako Gobernuaren izendapenetan kudeatzaileak hautatu dira eta ez jendarteak behar eta eskatzen dituen aldaketak lideratzeko gai izango diren pertsona berritzaileak. Eman daitezkeen izendapen edo aldaketen aurrean LABek Gobernuari ordezkaritza sindikalarekin kontrastea egiteko beharrezko denbora hartu dezala eskatzen dio.

NAFARROAKO GOBERNUAREN IZENDAPENEN INGURUKO LABen BALORAZIOA
Komunikabideen bidez Nafarroako Gobernu berriaren egitura eta izendapenak ezagutu ostean LAB sindikatuak honako balorazio hau egiten du:

1. Kontseilari nahiz Zuzendari Orokorrak hautatzeko Gobernuak ezarritako profilarekin ez gatoz bat. Salbuespenak salbuespen, profil ustez neutro eta praktikan kontserbadoreak bilatu dira, pertsona gaitu eta era berean sozialki konprometituak bilatu beharrean; kudeatzaileak hautatu dira, jendarteak behar eta eskatzen dituen aldaketak lideratzeko gai izango diren pertsona berritzaileak hautatu beharrean; areago eta gehiago, hainbat kasutan aurpegi zaharren aldeko apustua egin da, UPNren ereduarekiko alternatiba eraikitzeko erabat desegokiak direnak. Sail bakoitzaren azterketan sartu gabe, geure kezka azaldu nahi dugu Hezkuntza eta bereziki Osasun sailetan egondako izendapenekin, non aurreko Gobernuetako kudeatzaileak izendatu diren, baita osasungintza pribatuarekin lotura duenik ere. Era berean, kezkagarria iruditzen zaigu Ekonomia eta Ogasunaren arlo estrategikoaren konposaketa, Gobernua babesten duten 26 legebiltzarkideen eskuinera dagoen sektore minoritarioak hartu baitu honen kontrola.

2. Begi onez ikusten dugu Gobernu berriak bere langileekiko adierazitako elkarrizketarako borondatea, esaterako Funtzio Publikoko sindikatu guztiei negoziazio kolektiboa eta enplegu eskaintza publikoaren inguruko proposamenak eskatuz. Alabaina, borondate hori ez dator bat Gobernu egitura ordezkaritza sindikalarekin kontrastatu ez izanarekin.

3. Jakin dugunez, Gobernuak abuztuaren amaierarako zehaztuko du hurrengo mailetako egitura, jarraian izendapenak egiteko. LABetik hiru eskari egiten dizkiogu Gobernuari: lehenik eta behin, egitura hori ordezkaritza sindikalarekin adostu dezan; bigarrenik, Akordio Programatikoaren ildoan, burutzak nabarmen murriztea eskatzen dugu, bere menpe langilerik ez duten horiek nahiz behar bezala justifikatuta ez daudenak ezabatuz; hirugarrenik, oinarrizko buruzagitzak langileek beraiek hautatu ditzaten aldarriaktzen dugu, esaterako ikastetxeetako zuzendaritzekin gertatzen den bezala.

4. Aurreko puntuan azaldutakoa posible izan dadin, bere egutegia aldatu eta erabakiak atzeratu ditzan eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Edozein aldaketa edo izendapenari ekin aurretik, Gobernuak beharrezko denbora hartu beharko luke ordezkaritza sindikalarekin kontrastea egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.