2024-12-22
HomeNafarroako GobernuaNafarroako Gobernuak ez du asmo politikorik Nafarroa lan, pentsio eta bizitza duinen...

Nafarroako Gobernuak ez du asmo politikorik Nafarroa lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko aurrekontuez hornitu dadin

LAB sindikatuaren iritziz, agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, bihar Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu, 10:00etan, aurrekontu duinen eta sozialen alde.

2019ko abenduan, Nafarroako Gobernuak aurkeztu zigun Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan Nafarroako 2020ko aurrekontuen aurreproiektua. Gure iritzian, aipatu aurreproiektuak ez zien erantzuten nafar gehienen beharrei eta interesei.

Gure mintzaldia argia eta irmoa izan zen: Nafarroako Gobernuari eskatu genion egin zitzan lanaren, pentsioen eta bizitza duinen aldeko aurrekontuak.

Hala ere, berriro, Nafarroako Gobernuak, PSNz, Geroa Baiz eta Podemosez osatua, gizartearen gehiengoak dituen aldarrikapenak ez ditu aintzat hartzen. Zer dauka CEN patronalak haren aldarrikapenak aintzat hartuak izan daitezen, eta ez, ordea, sindikatuenak? Horrela jokatuz, Gobernuak ergeltzat hartzen gaitu, Nafarroako gehiengoaren alde gobernatu baino, enpresaburuentzat gobernatzen baitu.

Nafarroako zerga-zama Europar Batasunaren apalenetakoa da (BPGren %30,4a, aldiz, EBrena %39koa da) eta neurriz gaineko ahalegina langileriak jasan ohi du (lanaren gaineko errentak diru-bilketa osoaren %35ekoak dira, aldiz, sozietateen gaineko zerga %5,5ekoa).

Enpresa-ondarearen gaineko zerga ezabatu izana egungo Nafarroako Gobernuak darabilen zerga- politika mota horren adibide garbia da. Enpresarien neurrira egindako zerga-sistema batez ari gara; ihesbide arriskutsua dugu, hari esker aberastasun handiek ekidin dezaketelako zergen ordainketa. Zerga-sistema erakargarri eta lehiakor baten gezurrezko amuzkiak ez du beste helbururik: publikoa dena ahalik eta adierazpen gutxienera murriztea, eta ekonomiaren funtzionamendua oso-osorik merkatuaren esku eta kapital pribatuaren logikaren esku uztea.

Aurrekontuek ez diote alternatibarik ekartzen hesitze kapitalista hirukoitzari.

Kapitalismoak aurrekontuetan ematen den laztasuna gotortzeko ezarri den hesitze hirukoitzaren adierazgarriak dira defizit-muga, zorraren helburua eta gastu araua. LAB sindikatuaren iritziz, zorroztasun honi aurre egiteko, oinarrizkoa deritzagu alternatibak sortzeari; uste dugu badela bidea hura erdiesteko, adibidez, bestelako zerga sistema baten alde egitea, non lanaren, kapitalaren eta enpresa-irabazien errentek egiten dituzten zerga-ahaleginek oreka zuzena ekarriko duten. Bestalde, Nafarroako burujabetza aldarrikatzen dugu eskuduntzak izan ditzagun eta erabaki ahal izan ditzagun gure bizitzeko eta lan egiteko baldintzak hobetuko dituzten neurriak.

2020. urteko aurrekontuek ez dituzte bermatzen gizartearen gehiengoak aldarrikatzen dituen lana, pentsioa eta bizitza duinak.

Eskubide Sozialen Kartak aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilean jasotzen denez, lege bidez osatu behar da gutxiengo pentsioa 1.080 euro arte, kalitateko enplegua lortu behar da, eta Errenta Bermatua eta etxebizitzarako eskubidea babestu behar dira. Lan-arloan, soldata-arrakala, diskriminazioa eta indarkeria matxista amaituko dituen lege bat onartu behar da. Gobernuak babestu behar du hezkuntzan eta osasunean egindako inbertsioak Europako parametroetan koka daitezen, eta babestu behar ditu Nafarroan 1.200 eurotako gutxieneko soldataren eta 35 orduko lanaldiaren aldarrikapena. Hauek dira LABek aipatu Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren esparruan egindako proposamenetako batzuk, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan mugimendu sozial, sindikal eta pentsionisten artean adostutakoak Greba Orokorrari begira.

Horietako bakar bat ere ez da aintzat hartu. Horrela, agerian geratu da Nafarroako Gobernuak borondate politikorik ez daukala gizartearen gehiengoaren alde gobernatzeko, Nafarroako langileriaren premiak gaindi daitezen, zeinak lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen dituen.

LABek ez die inoiz garrantzirik kenduko gure borroken eta aldarrikapenen indarrari eta gaitasunari. Duela urte gutxi batzuk 1.200 eurotako gutxiengo soldataren eta 1.080 eurotako gutxiengo pentsioaren aldarrikapenak zokoratutako gaiak ziren, Erregimenaren eta elite ekonomikoaren agendan agertzen ez zirelako. “Aurrekontuetako Akordio” batean txertatu izana 1.200 eurotako gutxiengo soldataren aipamena edota 1.080 eurotako gutxiengo pentsioa aztertzea, sinbolikoa da soilki, ez du irudikatze praktikorik, eta hortaz, eznahikoa da. Ez da guk diogulako; Chivite lehendakariarekin egin bileran egiaztatu genuen egiazko gogorik ez zuela haiei ekiteko, gu guztiok Madrilen mileurismora zigortuz. Baina, era berean, egiaztatu da eta agerian geratu da gure aldarrikapenek hartu duten indarra, milaka pertsonak, urtarrilak 30 zituenean, kalera atera zirelako haiekin bat eginez, eta gainera oso sostengu handia izan zutelako.

Hamaika bider esan dugu hau ez dela LABen kontua bakarrik. Ezinbestekoa da borrokari eustea Grebaren aldarrikapen horiek eta gainerakoek Dekretu eta Lege bidez gauza daitezen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...