LABetik zinez eskertzen dugu Administrazioko langile guztien inplikazioa, bai eta nafar gizarte osoarena ere grebaren mobilizazioetan. Zuen laguntza ezinbestekoa izan da jardunaldi hau sendoa eta eraginkorra izan dadin.
Gaurko egunak batasun sindikalaren indarra erakutsi du, non LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGTk sinergiak batzea lortu dugun gure aldarrikapenak aurrera eramateko. Horrek bidea irekitzen digu Administrazio osoarentzako Estatutu berri bat eta karrera profesionala lortzeko.
Prozesu hau guztia 2023ko otsaileko grebarekin hasi zen, orduan lortu baikenuen Gobernua behartzea Administrazio Publikoetako langileen estatutu berri bat egiteko konpromisoa har zezan. Ordutik aurrera, proiektu honek argia ikus zezan lan egin dugu LABen, baina bidean trabekin eta inora ez daramaten promesa faltsuekin baino ez dugu topo egin.
Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuak emandako pausoak guztiz eznahikoak direla uste dugu. LABetik gai honekiko konpromiso serio eta erreala exijitzen dugu, baita araua Parlamentura iristen den egun berera arteko egutegia ere.
Bestalde, LABen ere badakigu Amparo Lopez Funtzio Publikoko kontseilariak ahalegin ikaragarria egin duela Estatutuak aurrera egin ez zezan. Prozesua modu posible guztietan boikotatzen eta gure lan guztia pikutara botatzen saiatu da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu kontseilaria kargutik kentzeko, soberan erakutsi baitu bere gaitasunik eza eta fede txarra Administrazio Publiko guztiarentzat ezinbestekoa den Estatutuaren garapenean.

