2024-12-22
HomeEkintza SindikalaNafarroako espazio eszenikoetako teknikarien grebak Gayarre eta Baluarte itxi ditu

Nafarroako espazio eszenikoetako teknikarien grebak Gayarre eta Baluarte itxi ditu

Nafarroako espazio eszenikoetako teknikarien borrokak, lan baldintzak duinago bihurtzeko sektorearen erregularizazioaren aldekoak, iragan larunbatean lehenbiziko greba eguna bizi izan zuen, LAB sindikatuak deituta, eta hainbat ikuskizun bertan behera uztea lortu zen. Teknikariak gaur berriz ere mobilizatu dira, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, Nafarroako kultura-jarduera “duintzeko” sortu zen batzorde txostengilearen azken lan saioa aprobetxatuta.

Juan Diego Bottoren Una noche sin lunaantzezlana Gayarren, Romeo y Julietamusikala Baluarten, eta Nafarroako espazio eszeniko publikoetako bertze ikuskizun batzuk larunbatean bertan behera gelditu ziren —aipaturikoak, adibidez— edo aldatu egin behar izan zituzten, gune publikoetan zerbitzu teknikoa ematen duten azpikontratetako langile tekniko gehienek greba egin zutelako. Alde horretatik, LABek grebari buruz egiten duen balorazioa oso positiboa da, %95eko jarraipena izan zuela kalkulatzen baitu.

Lanuztea gain, teknikariak beren eskubideen alde mobilizatu ziren larunbatean. Eguerdian kontzentrazioa egin zuten Kultura Departamentuaren aurrean eta arratsaldean manifestazio jendetsu, koloretsu eta zaratatsua egin zuten Gayarre Antzokiaren inguruetan. Mobilizazioekin jarraituz, gaur berriz ere elkarretaratzea egin dute, oraingoan Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, sektorea arautzen den bitartean lizitazioak bertan behera uzteko eskatzeko.

Joan den irailaren 10ean, Parlamentuak batzorde txostengile bat jarri zuen abian “Nafarroako kultura-jarduera etorkizuna duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta bermatzeko neurriak hartzeko”. Gaur, abenduak 20, batzordearen azken saioa izatekoa zen. LABen aburuz, argi dago sektore horretako langileen lan-egoerak presazko erregulazioa behar duela, lan-baldintzak duintzeko, eta, horregatik, hilabete batzuk daramatza laneko ezegonkortasunagatik protesta egiten duten langileen mobilizazioak babesten. Mobilizazio horiek areagotu egin dira azken egunetan, Gayarre antzokiaren lizitazioa argitaratuta, eta laster argitaratu behar da Baluartekoa. Horrek guztiak agerian utzi du sektorearen ezegonkortasuna, hitzarmen kolektiborik ez dagoelako.

Hitzarmen hori ez izateak halakoak dakartza: lan-egutegirik ez izatea; lan-ordutegia ozta-ozta eta astebete lehenago jakinaraztea; asteko atseden-egun zehatzik ez izatea; lanaldiak luzeak, oso luzeak izatea, batzuetan 12 edo 14 ordukoak egun berean; teknikariak izatea ailegatzen lehenak eta ateratzen azkenak…

Administrazioa (Nafarroako Gobernua, udalak, patronatuak eta fundazioak…) da sektore horren kontratatzaile nagusia (egiten den zerbitzuaren %90 inguru); beraz, zuzeneko inplikazioa izan behar du hitzarmen kolektibo batean jasotzen diren lan-baldintza duinak lortzeko.

Horregatik, teknikariek Nafarroako Parlamentuari helarazi dizkioten aldarrikapenak argiak dira:

• Lizitazio guztiak geldiaraztea, sektorearen baldintzak arautuko dituen hitzarmena adostu bitartean, Administrazioa zuzenean inplikatuta.

• Subrogatu beharreko langileak antzerkiko talde minimoarekin bat etortzea, eta haren subrogazioak, lan-baldintzak jasotzeaz gain, kontratuan ezarritako lanaldia errespetatzea eta inoiz ez gutxitzea.

• Espazio eszeniko guztietan gutxieneko ekipoak bermatzea.

Azkenik, LAB sindikatuak erabat gaitzetsi nahi du Parlamentuko bilkurak batzorde txostengilea 2022ko ekainera arte luzatzeko planteamendua, sektore horretako langileen lan egoerak premiazko konponbidea behar baitu. Ez da bidezkoa denbora pasatzen jarraitzea, kulturak garatzen jarraitzen duelako eta prekaritateak bazter guztietara zabaltzen jarraitzne duelako; beraz, Parlamentuari bizkortasuna eta konpromisoa eskatzen diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...