2024-12-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaErizainen oposizioaren porrotak Nafarroan argi erakutsi du beste eredu bat behar dugula

Erizainen oposizioaren porrotak Nafarroan argi erakutsi du beste eredu bat behar dugula

Erizaintzako oposizioaren emaitzak ez dira kasu isolatu bat: Osasunbideko beste hautapen-prozesu batzuen ildo beretik doaz. Gainditu dutenak ez dira % 15era iristen. LABen iritziz, emaitza horiek iraingarriak dira oposiziogileentzat. Horregatik, sarbide-sistema berehala aldatu behar da.

Ez da lehen aldia oposizio prozesu batek hain emaitza katastrofikoak dituela Osasunbidean. Hona adibide batzuk: iaz egindako fisioterapeuten oposizioa (non ez ziren eskainitako lanpostu guztiak bete azterketak oso zailak zirelako); 2015eko edo 2020ko zainketa-teknikarien azterketak (aurkeztutako guztien % 5ek eta % 10ek gainditu zuten, hurrenez hurren); erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 2019ko oposizioa, non inpugnazioak onartu behar izan ziren gutxieneko kopuru batek prozesua gainditu zezan; edo fakultatibo espezialisten LEPa, non akordio batera iritsi behar izan diren lanposturik ez galtzeko.

LAB sindikatutik salatzen dugu horrelako emaitzak Osasunbideko kategoria guztietan gertatzen direla, eta hainbat faktoreren emaitza direla: batetik, epaimahaien jardunari lotutako faktoreak, probak prestatzeko ahalmen osoa dutelako (proba errazak edo zailak jartzea), inolako kontrol-mekanismorik gabe. Bestetik, bibliografiarik gabeko gehiegizko gai-zerrendak, non oposiziogileen gaitasunak eta trebetasunak ez diren baloratzen. Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da meritokrazian eta ikastaroetan oinarritutako sistema bat dela, erakunde jakin batzuen interesen aldekoa; izan ere, erakunde horiek gero eta “premia” gehiago sortzen dituzte, eta lehia areagotzen dute. Horren ondorioz, oposiziogileak gurpil-zoro batean sartzen dira: gainditzeko, ordaindu behar dute, eta merezimenduak izateko, ordaindu behar dute.

Bestalde, onartu beharra dago ezen, oposizioa jende askok gaindituz gero eta gainditu duten guztien merezimenduak baloratu behar izanez gero, administrazioa blokeatuta geldituko litzatekeela, sustatu duten meritokraziagatik eta baloratzen den ikastaro, argitalpen eta master kopuru izugarriagatik. Kasu horretan, prozesua izugarri luzatuko litzateke, modu onartezinean, are gutxiago enplegua egonkortzeko LEP baten “atarian” gauden honetan.

LAB sindikatuak LEPak aurrera eramateko beste eredu bat aurkeztu du behin baino gehiagotan, plantillak benetan egonkortzea ekarriko duena. Merezimendu-lehiaketetan, lan egindako denbora eta euskararen ezagutza bakarrik baloratzea proposatzen dugu, eta administrazioak berak sortutako ikas-materiala eta bibliografia eskaintzea, baita galdera-sortak ere, kategorien arabera. Era berean, oraingoak bezalako emaitzak zuzentzeko mekanismo konpentsatzaileak aurreikusi beharko lirateke. Bestalde, ikastaroak, masterrak, argitalpenak eta abar baloratzeko, lanbide karrera dugu. Gainerakoa negozio hutsa da; prestakuntza hori ordaintzeko dirua dutenen eta ez dutenen arteko aldea nabarmentzeko sistema bat.

Laster ahaztu da Administrazioa garai bateko txaloez eta plantillak egindako ahaleginaz. Laster ahaztu da oposizio honetako epaimahaia bere lankideez, kasu askotan muga eta arazo handiak izan dituztenak oposizio hau prestatzeko. Lekutan dira gure kudeatzaileek egindako errekonozimenduak. LAB sindikatuak Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagoen behin-behinekotasun indize onartezinari (% 64koa) bukaera ematea ahalbidetuko duten hautapen-prozesuen alde egiten du. Gure ustez, Osasunbidean lanean 10 urte baino gehiago daramatzan profesional batek sobera ongi frogatu du badakiela lan egiten.

Sinplifikatzeko borondatea behar da, eta salerosketan ibiltzeko gogo gutxiago. Helburuak argi daude: plantilla egonkortzea, lan-baldintza duinak lortzea eta langileen ziurgabetasuna konpontzea. Prozesu honetako emaitzek, tamalez, osasun sistema publikoarekiko motibazio falta, mesfidantza eta utzikeria zabaldu besterik ez dute egiten langileen artean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...