2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaNafarroako aurrekontuek ez dituzte langileok behar ditugun egiturazko aldaketak jasotzen

Nafarroako aurrekontuek ez dituzte langileok behar ditugun egiturazko aldaketak jasotzen

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldia egin du Iruñean, Nafarroako 2022rako aurrekontu proiektuari buruzko balorazioa egiteko. “Nafarroako Gobernuaren zerga politika eta aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ozen esan dezakegu ez dagoela egiturazko aldaketarik, ez dagoela politika publikoetan norabide aldaketarako erabaki politikorik”, adierazi du.

Honako hauek dira gure kritika nagusienak: 

– Parte hartze sozialik gabeko aurrekontuak dira hauek. Aurten ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala egin baino hiru egun lehenago bidali zigun Gobernuak aurrekontu egitasmoa eta bilkura burutu ondotik ezertxo ere aldatu gabe berbidali zuen Parlamentura. Era berean, mugimendu sozialen eskariak jaso eta lantzeko prozedurarik ez dago.

– Bestalde, Estatuko legediak baldintzatutako aurrekontuak dira. Esaterako, Nafarroako Gobernuko langileen soldata, Estatuak baimenduko duen portzentaiara dago mugatua.

– PSN-Geroa Bairen Gobernuak Kapital errentak eta enpresen irabaziak gehiago zergapetuko dituen sakoneko zerga erreforma sakona blokeatzen jarraitzen du. Nafarroako presio fiskala Europako bataz bestekotik urrun dago: Europar Batasuneko batezbestekoa %40,1 bada Nafarroakoa %30,4. Sindikatu guztiok gaude zerga erreformaren alde, baina Gobernua Patronalaren betoa ontzat ematen ari da. Era honetan, Nafarroako etorkizuna hipotekatzen ari da Gobernua: gaur biltzen ez dena, ezin izango da biharkoan inbertitu.

– Aurrekontuetan ez dago zerbitzu publikoak eta bereziki osasun eta zaintza sisteman jauzi bat emateko apusturik. Areago, aurrekontuak aurreko urtearekiko %8,3 hazten badira ere, osasungintzan %0,5 besterik ez da hazten, alegia, inflazioaren azpitik. Pandemiaren garai zailena igarota, ez dago asmorik osasun sistema publikoa indartzeko, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko ere. Akats estrategikoa da hau LABen ustez. 

– Enplegurako aurreikusitako inbertsioan %28ko hazkundea badago ere, LAB oso kritikoa da diru horren erabilpenari dagokionez. Izan ere, 1.400 euroko gutxieneko soldata bezalako neurriak ezarriko lituzkeen akordio interprofesionala sustatu beharrean, prekarietatea ontzat eman eta eremu pribatura diru publikoa bideratzera mugatzen da Nafarroako Gobernuaren interbentzioa. Ildo beretik, jarduera ekonomikoa sustatzeko aurreikusitako inbertsioak enpresarien eskuetan uzten ditu nagusiki Nafarroako Gobernuak.

– Honela, Europako funtsek nahiz zorpetze arauen malgutzeak emandako baliabideak sektore publikoa indartu, eredu sozioproduktiboaren eraldaketari ekin eta lan nahiz bizi baldintzak hobetzeko baino, ekimen pribatuaren sustapenerako erabiltzen ari da. Norabide estrategikoa aldatu eta trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko zabaldutako aukera alferrik galtzen ari da Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk iragarritako aurrekontu akordioa

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak zenbait hobekuntza sozial eta laboral jasotzen baditu ere, aurrekontuen dimentsioarekin alderatuta eragin mugatua dauka eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuek egiturazko gabeziak izaten jarraitzen dute.

Honako gako hauek azpimarratu nahi ditugu aipatutako aurrekontu akordioari dagokionez:

– Nafarroa demokratizatzeko agendari dagokionez, ontzat jotzen dugu Kontratazio Batzordean UGT eta CCOOena soilik ez baina sindikatu guztien parte hartzea ahalbidetzea. Enplegurako sarbidean ematen den diskriminazioa aztertzeko planteatzen den azterketa, berriz, LABen proposamenez Nafar Lansarek hartu zuen eta gauzatu ez duen konpromisoa litzateke jasotzen dena. Ikusita orain arte administrazioak ez duela ezertxo ere egin Volkswagen bezalako enpresetan ematen den diskriminazio sindikalarekin eta matxistarekin amaitzeko, gai honetan presioa egiten jarraituko dugu.

– Administrazio publikoetarako adostutako hobekuntzen artean hainbat aldarrikapen sindikal daude jasoak, hala nola, suhiltzaileak, SOS-Nafarroa, basozainak edota larrialditako garraioari dagokionez. Kontutan hartzekoa da, halaber, 0-3 zikloaren doakotasunaren bidean emandako urratsa 18.000 euro azpiko diru-sarrerak dituzten herritarrei begira.

– Langileon lan eta bizi baldintzei dagokionez, eremu soziosindikalean aldarrikatzen ari garenetik urrun geratzen da akordioa. LABen ustez, batazbesteko soldatarekin loturiko gutxieneko soldataren erreferentzia orokorra baino, bataz besteko soldataren %60a den 1400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordio interprofesionalaren aldeko apustu zehatza egin beharko litzateke, Europa mailako gomendioei jarraiki. Pentsioen kasuan, akordioan ezarritako 800 euroko gutxieneko pentsioa Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen dituen 1080 euroetatik urrun geratzen da.

– Amaitzeko, Nafarroaren autogobernuari dagokionez, Foru Hobekuntzan duela 40 urte finkatutako eskumenak aldarrikatzera mugatzen da akordioa. Aldarrikapen hau beharrezkoa izanik ere, LABen ustez bada garaia Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida sozial eta instituzionalari ateak irekitzeko eta, zehazki, lan harremanen eta babes sozialaren esparruan ahalmen osoa eskuratzeko. Nafarroak bere Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa izan dezan da LABen proposamena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.