2024-12-22
HomeEkintza SindikalaNafarroako Administrazioko aldi baterako langileek lanbide karrera kobratzearen aldeko 7. epaia irabazi...

Nafarroako Administrazioko aldi baterako langileek lanbide karrera kobratzearen aldeko 7. epaia irabazi dugu

Epai bat gehiago aldi baterako langileek eta langile finkoek lanbide karrera kobratzeko eskubide bera dutela ezartzen duena; gure jarrera eta egindako lana sendotzen dituen beste epai bat. Eta bide horrretan jarraituko dugu azken helburua lortu arte: lanbide karrera egiteko beste eredu bat ezartzea Administrazioko langile guztientzat.

Berriki, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak erizain batek LABen bidez aurkeztutako beste demanda bat onartu du, funtzionarioa ez izan arren lanbide karrera kobratzea eskatzen zuena. Erabakiak, beste behin ere, aldi baterako langileek kontzeptu hori kobratzeko duten eskubidea aitortzen du. Eta dagoeneko zazpigarren aldia da. LABentzat oso berri pozgarria da, eta adorea ematen digu aldi baterako langileek langile finkoen soldata-baldintza berberak izan behar dituztela defendatzen eta mantentzen jarraitzeko.

Oraingoan, erizain baten kasua ebatzi dute (aurreko sei epaietan medikuak ziren), lanean 9 urte daramatzana; denbora horretan, guztira, 206 kontratu kateatu ditu. Profesional horrek 2018an egin zuen erreklamazioa, eta hiru urte geroago lortu du lanbide karrera jasotzeko eskubidea aitortzen dion aldeko epaia. Autoak aitortzen du pertsona horrek lau urte lehenagotik jaso behar dituela ondorio ekonomikoak, lehenengo eskaera aurkeztu zuen egunetik zenbatzen hasita, betiere une hartan kobratzea egokitzen bazitzaion.

Epai hori Europako Justizia Auzitegi Nagusiaren hainbat ebazpenetan oinarritzen da, eta ebazpen horietan ezartzen da kontratatutako langileak ezin direla tratatu funtzionarioak baino okerrago. Aldi baterako langileek pairatzen duten konparaziozko bidegabekeria horren jatorria, ez dugu ahaztu behar, plantillaren behin-behinekotasun handia da. Nafarroako Gobernuak behin-behinekotasun tasa kezkagarriak ditu. Osasunbidearen kasuan, tasa hori % 60ra iritsi da 2019an. LABen argi daukagu zein den konponbidea: kasuan kasuko lanposturako benetan egokiak diren oposizio-deialdi zabalak egitea. Behin-behinekotasunari bukaera ematen bazaio, ez da horrelako konparaziozko bidegabekeria kasu gehiago izango.

LAB-Administrazioan beti mantendu dugu “lan berdina, soldata berdina” irizpidea, eta, beraz, lanbide karrera langile guztiei hedatzearen aldeko borroka hori ez da berria guretzat (Europara jotzen lehenetarikoak izan gara, eta 2018az geroztik hainbat epai irabazi ditugu, besteak beste, aldi baterako langileek gradua kobratu ahal izatea ekarri dutenak).

Hala ere, lanbide karrerari dagokionez, LABek beste urrats bat eman du: gure iritziz, lanbide karrera osasun arloko langileez haratago hedatu beharko litzateke (gaur egun, langile horiei bakarrik aitortzen zaie), baita osasungintza publikoko langile guztiez haratago ere, Nafarroako Gobernuko langile guztiei aplikatzeko. Horregatik, denbora luzea eman ondoren Foru Administrazioaren plantillaren errealitateari aplikatzeko moduko dokumentu bat eztabaidatzen eta lantzen, 2019ko martxoan Lanbide Karrerari buruzko Foru Legearen proposamena aurkeztu genion Parlamentuari.

Gure proposamenak lanbide karreraren beste eredu bat aurreikusten zuen, lanpostu bakoitzerako prestakuntza-ibilbide batean, unitateak hobetzeko planetan eta talde-lanaren sustapenean oinarritua. LABen ustez, ezinbestekoa da egungo sistema birplanteatzea eta aldatzea, bidezkoagoa eta demokratikoagoa izan dadin eta hasieran esleitu zitzaizkion helburuetara itzultzeko; zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu eta indartuko duen eredua, eta, era berean, langileak zerbitzuen prestazioaren hobekuntzan inplikatzeko balioko duena.

Lanbide karreraren egungo ereduaren goitik beherako aldaketa planteatzen ez den bitartean eta Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzen ez zaien bitartean, LABek borrokan jarraituko du aldi baterako langileek lanbide karrerari dagokionez jasaten duten diskriminazioari amaiera emateko.

Argudio asko ditugu “lan bera, soldata bera” eskatzen jarraitzeko, eta idazki honen bidez norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko erabateko konpromisoa aditzera eman nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...