2024-11-04
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako Administrazioa‘Nafarroa Suspertu’ propaganda-plana erretiratzeko eskatu dugu, enpresak bai baina lanpostuak salbatzen ez...

‘Nafarroa Suspertu’ propaganda-plana erretiratzeko eskatu dugu, enpresak bai baina lanpostuak salbatzen ez dituen eredu zahar baten aldeko apustua egiten duelako

LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Nafarroa Suspertu plana erretiratzeko, bere ustez ez baititu betetzen Nafarroako gizartearen gehiengoaren itxaropenak eta beharrak. Gainera, Gobernuak bertze behin ere ez du bete aipatu plana eragile sindikal, ekonomiko eta sozialekin onartu aurretik lantzeko konpromisoa. Eta ez du LAB sindikatuak eginiko ekarpen bakar bat ere jasotzen.

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozilak (KES) gaur (urriak 2) egin duen bileran, Nafarroako Gobernuak, Sainz kontseilariaren bitartez, Gobernuak berak dagoeneko onartu eta itxi duen plana aurkeztu du. Horrela, lehenbiziko bileran erran bezala, Gobernuaren plan baten aurrean gaude, bere erabakiei propaganda emateko baliatzen duena, betikoa proposatzen duena betikoen interesei, sistema agortuari eta krisi sanitario, ekonomiko eta sozial honetara ekarri gaituzten akats batzuei jarraipena ematea.

LAB sindikatuaren iritziz, Nafarroako Gobernua enpresaburuen mende dago oraindik, eta ez du ez borondaterik ez baliabiderik Covid-19k azkarturiko enegarren krisi kapitalistaren erronkei aurre egiteko. Nafarroako langileen arazo nagusia ez da Covid-19, baizik eta prekaritatea eta pobrezia, baizik eta gure adinekoen osasunaren kontura negozioa egiten duen sistema, hezkuntzan eta osasunean murrizketak egiten dituena -pandemia gu denok babesgabe utziz-. Sistema horrek ez ditu gure arazoak konpontzen, eta ez du deus egiten enplegu duinak defendatzearen alde diru publikoz milioika euro jaso ondoren enplegu horiek suntsitu nahi dituztenen aitzinean.

Zerbitzu publikoak behar ditugu eta indartu nahi ditugu, babestu eta zaindu gaitzaten, murrizketei atea itxi nahi diegu, zahar egoitzak publifikatzea, gure adinekoak ahultzen dituen negozioa izateari uzteko. Eta nahi dugu enpresek eta gehien dutenek -eta krisiaren ondorioak pairatzen ez dutenek- aberastasuna bana dezaten. Eta nahi dugu inondik inora ez uztea enpresaburu lukurreroei enpresa bideragarriak ixtea, milaka familiaren etorkizuna suntsitzen baitute diru publikoari esker etekinak metatu eta gero. Nafarroako Gobernuak ez die gure behar eta proposamenei heldu nahi, atea ixten baitie. Bertzela erranda, Gobernuaren planak enpresak salbatzen ditu, baina ez enpleguak. Enpresaburuei laguntzen die, baina ez langileei. Irabaziak pertsonen aurretik paratzen ditu, diru-gosea beharren aurretik, gutxi batzuen irabaziak gure osasunaren aurretik.

LAB sindikatutik, gehiengo sozialaren aldarrikapenak zapuzten dituen plan baten aurrean, langile-klasea aktibatzeko, borrokatzeko eta mobilizatzeko fase bat bultzatu behar dugu, gauzen gidoia eta logika kapitalista aldatzeko, eta krisi hau kapitalak, enpresek eta gehien dutenek ordain dezaten. Trantsizioko akordio sozialak eskainiko ditugu, Nafarroako langileen beharrei erantzunen dietenak, lan eta bizitza duinak bermatuko dituen eredu politiko, ekonomiko eta sozialerantz aurrera egiteko, guztion etorkizuna erdigunean jarriko duena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.