2025-01-29
HomeUncategorizedMutualitate patronalen bidez osasun sistema pribatizatzeko estatu mailako egitasmo baten berri eman...

Mutualitate patronalen bidez osasun sistema pribatizatzeko estatu mailako egitasmo baten berri eman dugu

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diegu egitasmo horren kontra azaldu daitezen

  • Jarraian ikus daiteke LABek eskuratutako dokumentua:

Gaixotasun arrunten kudeaketa mutualitate patronalen esku uzteko hitzarmen zirriborro bat eskuratu du LABek. Zirriborroa Espainiako Gizarte Segurantzak eta AMAT mutualitate patronalen elkarteak adostu dute eta erkidego bakoitzari pasa diote, dagokion osasun sailaren eta mutualitate patronalen artean gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren mahai gainean dago, beraz.

Inko Iriarte Lan Osasuneko idazkariak azaldu duenez, “Osasun Sistema Publikoa eta, horrekin batera, langile eta herritarren osasunaren zatirik handiena enpresen esku geratuko litzatekeela” erakusten du dokumentuak. Ondorioz, “ezagutu dugun pribatizazio prozesu bortitzena” litzateke.

Akordioak jasotzen dituenak

Iriartek azaldu du akordio horren arabera, mutualitate patronalekin zerbitzuak kontratatuta dituzten enpresetako langileen kasuan, bajan daudenean, mutualitate horien esku geratuko liratekeela gertakizun arruntak eta horiei lotutako frogak, tratamenduak, interbentzioak, errehabilitazioak eta bestelakoak. Gaineratu du horrek ekarriko lukeela, besteak beste, mutualitateek irizpide produktibo eta ekonomizistak baliatzea eta, ondorioz, altak lehenbailehen eman nahi izatea, langileen osasuna bigarren planoan geratuko litzatekeelarik, gizarte segurantzaren kontura, gainera. Aipatutako neurriak langileria aktiboaren %80-90i eragingo lioke.

Bestalde, mutualitateak alta proposamena ematean, akordioak boterea emango lioke Osakidetzako edo Osasunbideko medikua fiskalizatu eta bost eguneko epe laburrean beharrezko txosten teknikoak eskatzeko, mutualitatearen aurrean azalpen zabalak eskaini behar izanik: “Honek orain arteko logika aldatzen du eta Osasun Sistema Publikoko medikua enpresa pribatu bateko medikuaren aginduetara jartzen du”. Egoera horretan, isiltasun administratibo deritzonak mutualitateen alde jokatuko luke, eta beren esku jarri Osasun Sistema Publikoaren lan karga, Iriartek zehaztu duenez.

Aldi baterako ezintasunen lehenengo egunetik, mutualitateak tratamendu, froga edo interbentzio bat proposatzen badu eta osasungintza publikoko medikuak garaiz erantzuten ez badu, baimena izango luke nahi dituen esku-hartzeak egiteko, “beti enpresaren interes produktiboen mesedetan, baja murrizteko”.

Akordioak inolako kontrol publikorik gabeko proba pilotua ere jasotzen duela salatu du Iriartek, baita historia klinikoetarako sarbidea ere.

Azkenik, Lan Osasuneko idazkariak azpimarratu nahi izan du depresio nahasmenduen, tendinitisaren edota ornoarteko diskoei eragiten dieten arazoen kasuan, 15 egunean behin jarraipena egin behar dela eta bajan jarraitzea justifikatu behar dela.

Pribatizaziorako urratsa

Igor Arroyo koordinatzaile orokorraren iritziz, osasun sistema publikoa pribatizatzeko saiakera bat dago kolaborazio hitzarmen gisa aurkeztutako dokumentu honen atzean: “1995tik hona Espainiako estatuan gero eta botere handiagoa eman zaie mutuei, EAJ eta UPNren laguntzaz. Oraingoan Mutualitate Patronalak populazio aktiboaren osasun zerbitzua bereganatzea da asmoa, Osasun Sistema Publikoa hustuz. Honela, dotrina neoliberalari jarraikiz, honako hau da dokumentuaren egileen planteamendua: sistemarentzat produktiboak diren horientzat mutua patronalen bidezko arreta, ahalik eta lasterren lanera bueltatu daitezen lortzeko; produktibotzat jotzen ez diren horientzat, berriz, baliabidez hustutako osasun sistema publikoa”.

Arroyoren esanetan, osasun sistema publikoaren itxaron zerrendak arintzea da erabiltzen den aitzakia. “Baina horretarako bidea ez da pribatizazioa, kontrakoa baizik: sektore publikoan inbertitzea. Mutualitate patronalak langileon kotizazioen kontura bizi dira. Bada, bideratu ditzagun kotizazio horiek sistema publikora, publifikatu ditzagun mutuak eta osa dezagun sistema publiko sendo bat. Badaude horretarako bide legalak, borondate politikoa besterik ez da behar”.

Arroyok Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak interpelatu ditu: “Lehenik eta behin, saiakera pribatizatzaile honi ezezko borobila eman diezaioten eskatzen diogu Urkullu eta Chiviteri. Konpromiso argia har dezatela, langileon gaixotasun arrunten arreta ez dela mutua patronalen esku utziko. Bigarrenik, sustatu dezatela kontrako norabidea, alegia, enpresek gaixotasun profesionalen arreta Gizarte Segurantzarekin hitzartzea eta ondorioz osasun sistema publikotik kudeatzea. Langileon osasunerako bermerik onena sistema publiko indartsua da”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Elkarrizketarako deien artean administrazioko langileen erretiro plan murritza inposatu du Jaurlaritzak beste behin

Medioen bidez jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Administrazioko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialeko Plana onartu duela Gobernu Bileran. Horren aurrean, beste behin ere, LABek funtsa eta formak salatu nahi ditu.

LABek Guardianeko Laudioko lan zentroko labea itzaltzeko erabakiaren aurrean dituen tresna guztiak martxan jarri ditu hau geldiarazteko

Guardianek labea itzaltzea aurreratzeko asmoak eta erabakia ikusirik, LABek Lan-ikuskaritzan salaketa jarri, eta Osalanen eta Lan-delegaritzan ere eskaerak martxan jarri ditu. Horrekin batera mobilizazioei ekingo zaie eta urtarrilaren 30ean greba mugagabea deituta dago.

Nafarroako enpresa publikoen gehiengo sindikala adi-adi joanen da Gobernuak deituriko bilerara, baliteke-eta akordio sektorial baten negoziazioa ekartzea

Nafarroako enpresa publikoetako LAB, Lankide, UGT eta CCOO sindikatuek jakinarazi nahi dute datorren ortzegunean, urtarrilaren 30ean, enpresa publikoen eremuan akordio baten negoziazioa sustatzeko mahaia eratuko dutela, Nafarroako bulego eta langelen hitzarmenaren xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraiki.