2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMurriztuz doa bila ari denari lana topatzeko lan merkatuak duen gaitasuna

Murriztuz doa bila ari denari lana topatzeko lan merkatuak duen gaitasuna

Guztion lan eta bizi baldintzen alde azaroaren 30ean egingo den Greba Orokor Feministaren garrantzia azpimarratu du LAB sindikatuak.

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian: 3.614 langabe gehiago daude eta azken hilabetean %3 hazi da langabetuen kopurua. Azken hilabetean herrialde guztietan langabezia igo arren, Araban azpimarra jarri behar da, pasa den urtetik hona igotzen jarraitzen baitu.

Emakumeek langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, zehazki %58,40. Era berean, emakumeen lan baldintzak prekarioagoak dira, kontratu motak ere aztertuz gero. Batetik, lanaldi osoan emakumeen %57,7 dagoen bitartean, gizonezkoak %78,7 dira. Bestetik, lanaldi partzialekin alderantziz gertatzen da, emakumeen %25,4k baitu lanaldi partziala eta gizonen %10,9k.

Espainiar estatuko azken lan erreformak ere emakumeen egoeran eragin negatiboa izan du. Izan ere, kontratu mota guztiak kontutan hartuta, aldizkako kontratu finkoak %4,1 igo badira ere, emakumeen artean igo da kopuru hau bereziki (%5,4 emakumeen artean, %2,8 gizonezkoen artean). Beraz, aldizkako kontratu finkoen artean, %64,08 emakumeei dagokio. Hala ere, eragina lan merkatu osoan izaten ari dela esan dezakegu. Izan ere, azken hilabetean 8.369 kontratu gutxiago egin dira eta egin direnen artean, %74,40 behin-behinekoa izan da. Kontratu guztien artean mugagabeak igo izanak ez du merkatuaren egonkortasun edota lan baldintzen hobekuntza nabarmenik ekarri, aldizkako finkoak baitira igoera hori hauspotu dutenak.

25 urtetik beherako langabeziak pasa den urtetik hona izan duen gorakada kezkagarria da. Izan ere, %6,86 egin du gora gazteen langabeziak, epealdi berean langabezia orokorra %2,36 jaitsi arren.

Sektore guztietan ere antzeko proportzioan igo da langabezia. Zerbitzu sektoreak gero eta pisu gehiago duenez ekonomian zein lan merkatuan (afiliazioaren %73,27 zerbitzu sektoreari dagokio), sektore honetan langabezian gelditu den langile kopurua nabarmen handiagoa da, 2.645 langabe gehiago baitaude zerbitzuetan. Azken hilabetean langabezian dauden herritarren %70,06 zerbitzu sektoreari dagozkio.

Pasa den hilabetetik hona, aurreko enplegurik gabeko herritarren kopuruak gora egin du Hego Euskal Herrian eta datu honek azaldu dezake langabeziaren gorakada, afiliatu kopuruak gora egin baitu. Izan ere, lan bila ari diren herritar gehiago dago (pasa den hilabetean baino 3.614 gehiago), lana topatu dutenak baino (451 afiliatu gehiago). Hori dela eta, lan bila ari diren herritarrei lana topatzeko merkatuaren gaitasunak behera egin du azken hilabetean. Beraz, lan baldintzen prekaritatean oinarrituriko enplegua handituz doan bitartean, enplegua sortzeko zailtasun gero eta handiagoak ditu lan merkatuak. Bi errealitate hauek Hego Euskal Herrian dagoen Prekaritate Indizea handitu besterik ez du egingo. Gogora dezagun bi herritarretik bat prekarioa dela, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru sarrera nahikorik ez duena.

Hilabete honetako datuek egoeraren gordintasuna agerian utzi eta lan merkatuan sortzen ari diren pitzadurak sistema aldatu ezean konponezinak direla erakusten dute. Hilabete honetan ere badugu aukera zaintza erdigunean izango duen eredu berri baten alde kalera ateratzeko, feminista izango den ereduak guztion lan eta bizi baldintzak hobetuko baititu. Beraz, eta amaitzeko, langile klase osoari azaroaren 30eko Greba Orokorrean parte hartzeko deia luzatzen dio LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...